Baina pistak ken ditzatela, azkar
Baina pistak ken ditzatela, azkar –
Orain dela hilabete Anoeta futbol zelaiko eraberritzeari buruz idatzi zuen Danel Agirrek Gipuzkoako Hitzan.
Anoetaren historia idazten lagundu duten portugaldar guztien artean, lehenbiziko biak geratu zaizkit niri memorian iltzatuta. Ez naiz ari hain irribarre atsegina zuen Oceanoz, ezta Carlos Xavier jenio zekenaz ere, estadioa eraikitzen hil ziren herrialde horretako bi kofratzaileez baizik.
Igeltsero familiatik nator, eta anaiei sarri entzundakoen gisakoak izan ziren, gertakari haren harira, prentsak azaleratu zituen trakeskeriak. Obra gauzatu zuen aldi baterako enpresen elkartea Gipuzkoako eraikuntzaren hitzarmena ez betetzeagatik salatu zuten. Portugalgo azpikontrata bat erabilita (Rush Construçoes izena zuen, horrelako datu ezdeusez beteta baitaukat burua), soldatetan dirutza aurreztea lortu zuen ABEEak, eta behargin kuadrillek lanaldiak hamabi edo hamalau ordura arte luzatu eta oporren eskubideari uko egitea.
Anoetakoa amarru berritzaile samarra zen hartan, baina inongo kontrolik gabe errepikatu da ordutik, Hego Euskal Herriko obra publiko handietan estandar bilakatu arte. Berdin aurrekontu eskuzabala edo apur bat estuxeagoa, enkargua beti osatzen da azpikontratak erabilita, beti zain eta muin estututako behargin atzerritarren bizkar. Mozkinentzat marjinarik geratzen bada, etxeko bitartekarien patriketan amaitzen dute txanponek.
Igeltsero familiatik nator, eta badakit zer den telefonoa jaso eta “Danel, ez larritu baina ospitalean gaude, amari abisatu” bat entzutea. Hitzarmenak bete eta txikian lan eginda ere, obrari errespetua galtzen dionak larrutik ordaindu ohi du. Proiektu erraldoiak eta esplotazioa konbinatzen direnean, tranpa hilgarriz josten da lantokia. AHTaren irekiera antzeman ere ez da egiten zerumugan, baina behargin espainiar, portugaldar, errumaniar eta ukrainarren zazpi hilotz aberriratu behar izan dira dagoeneko, tren azkarraren izenean. Haietako batek, Tolosa pareko zatian zendu kamioi gidariak, goizeko lauretan izan zuen istripua. Sindikatuek abisua pasatua zuten lehenagotik: egun erdia hartzen zuten lanaldiak ohikoak ziren bertan, eta orduko bost euroko ordaina ere bai.
Pasa den astean, Anoetaren zaharberritzearen esleipenen letra txikia xehatu zuen ELAk. Zaharrak berri: lur mugimenduen, kofratzeen eta hondakinen isurketen prezioak ez dira errealistak. Egitasmoa aurreikusi moduan 50 milioi euroan osa dadin, eskulan ezin merkeagoarekin beharko du, lanaldi amaigabeetan, ordu estrarik kobratu gabe, oporrik gabe. San Mamesen pasatakoaren antz handia du. Esplotazioak 75 milioi aurreztea ahalbidetu zuen Bilbon.
Obra publikoa iruzur kriminala da gurean, porlanaren jonki hutsak diren agintariek eskrupulurik gabeko enpresariekin elkarlanean egindakoa. Euskal oasia deitu izan zaion hori, atzerritarrak modu ankerrean zukututa eraiki den ilusio gezurti bat. Anoetako desmasiak hasi baino lehen zuzentzea eskatzen ari diren sindikalista nekoso horiek jai daukate, jakina. Futbolaren jainkoak harmailak hurbiltzearen trukean zelaiaren erdian mila haur birjina sakrifikatzea exijituko balu, realzaleak eurak izango lirateke seme-alabak prestu eskainiko lituzketenak. “Bai, bai, nahi duzun guztia, baina atletismoko pistak azkar ken ditzatela”. Merezi, doilorkeria handienak merezi ditugu.
Guzti horretaz gain, barrenegargarriena Erreala bigarren mailara bidaliko duen akats estragikoa dela. 40 mila lagunentzako Harmailak erdihutsik!!!, partidak galdu eta zorrak pilatu. Errealaren bi txapelketak jokalariek eta Atotxa zaharralk irazi zituela ahaztuta?
Ostras!! Horixe zan ba!! 10 urte barru 40000 milakoa berriro bota, txiki eta bilduagoa egieko, porlan zaharra eta berria sartu, Erreala lehen mailara igotzeko. Tartean lagun erakitzaileak diruz ondo hornitu eta agintarion semealabak kolokatuta jaio baino lehenagotik. Bejondeizuela!!.