Kanpaina bukatu da (I): Gazta egiteari utzi diogu
Kanpaina bukatu da (I): Gazta egiteari utzi diogu –
Atzo bukatu genuen kanpaina. Atzo egin genuen gazta azkenekoz –2017an, noski–, 12 gazta hain zuzen ere. Elaborazio arraroa izan zen; bueno, ez: neu nengoen arraro.
Azkena izateak urduritzen ninduen. Izan ere, otsailaren 2an hasitakoa bukatu egingo zen gaztak behin prentsan sartuta. Askoz jota, gaur arte luza nezake kanpaina: gazta-kamaran sartu arte. Baina azkena zen, erremediorik gabe –izan ere, gu egun batzuetan kanpora joan ahal izateko, lagun bat etorriko da etxera, eta ahalik eta errezen utzi nahi diogu lana–.
Azkena izateak pozten ninduen. Bukatu egin baita loari eta abarrei minutuak eta orduak lapurtzea. Hemendik aurrera denborak egunero-egunero ez nau hain estu hartuko, eta neuk hartuko dut denbora estu-estu, kanpainan zehar egin izan ez ditudanak egiteko.
Azkena izateak eraman nau egutegiko orriak pasatzera… Gehienbat. Elaborazioan zehar une asko etorri zaizkit gogora…
Kanpainako lehen gazta haiek etorri zaizkit, adibidez; otsailaren 2an Malenekin egindako urdin zoragarri haiek. Eta probatu genituen eguna ere etorri egin zait bisitan, eta geotricum candidum zeukatenak… Eta hori saihesteko ikasi dugun guztia… ai, ama!
Ossau-Irati gazten tankerako gure gasnak egitera ere ausartu gara, eta buruhauste batzuk izan ditugu: gazta batzuk puztu egin zitzaizkigun. Normalean, hori gertatzen da erabilitako esnea oso garbi ez badago –eta lisozimarik erabiltzen ez baduzu–; baina esne-analisiek ez zuten halakorik esaten –eta guk ez dugu lisozimarik erabiltzen–. Buelta asko eman genizkion gazta horien elaborazioari, jende asko izan dugu gazta horietan pentsatzen, eta hamaikagarrenean asmatu genuen arrazoiarekin. Ez naiz larregi sartuko kontu teknikoetan, baina, ideia bat egitearren, bai esango dizuet esnea gatzagirako prestatzeko orduan, hartzigarri mota batetik nahiko erabili ez genuelako puztu egin zirela. Itxuragabe zeuden gazta haiekin gazta-kremak egin ditugu. Gaitz erdi!
Gure etxean lehen ohikoak ez ziren gazta horietatik asko ikasi dugu, asko; eta horrek lagundu digu gure betikoa ulertzen, beste ikuspegi batetik ezagutzen. Buruan dugun gazta zoragarri horretatik gertuago sentiarazten gaitu.
Gorabehera horietan guztietan, zorionez, jende asko izan dugu ondoan. Batzuek babesa eman digute gure esperimentu horiekin, beren eskarmentua eta jakinduria eskainiz. Beste batzuek, ordea, babestu gaituzte dastatzaile eta kritiko lanak eginez eta euren osasuna arriskuan jarriz –txantxa da!–.
Ezin isildu, irakurle, zu zeu askotan izan zarela nirekin batera gazta egiten. Ezin isildu zugan pentsatzen izan naizela hainbat unetan, zuri nola helarazi neure baitan mamitzen nuena. Momentu horien guztien kronika atzoko gaztak dira, zeureak –hamabiak–, irakurle.
Eta halaxe jakingo du munduak, halaxe jakingo dute denek zeureak direla… 7-23 ZU ZEU
P.D. Idatzi hau argitaratutakoan, atzo egindako gaztak kamaran sartuko ditut. Orduan, nahi gabe, 2018ko kanpainara begira jarriko naiz. Gaztandegia garbitu behar da, goitik behera –literalki–, eta lizun zaharrak desagerrarazi, datorren urtekoei toki egiten hasteko.
Eskerrik asko Josebe!
Mila esker zuri, benetan. Zu hor izateak ematen baitio zentzua hitz jarioari.
Hurrengora arte!
Zure artikuluak bezain zaporetsuak badira gazta horiek, mereziko dute! Aupa zu!
Ba, gutxienez bi hilabetez itxaron beharko dugu hori jakiteko… Hobe hiruzpalau… Ordura arte… ezin jakin, eta bitartean, ondu!
Idatzi honetan dauden hitzak zuretzat ere badirela sentitzea espero dut! Zuretzat hitzok dute ñabardura bat, ordea: Gure zutabeak, bere gaztak izeneko idatzian utzitako erantzunari, nik erantzun ez… lotsagatik! Eta hitz eder haiek bizirik diraute…
Ongi bizi!