Donostia Europako kultur hiriburua izan daiteke, Iruñea ez ordea

Europako kultur hiriburu izateko euskal hautagaietatik, Donostiak baizik ez du aitzina egin. Honela azaldu du epaimahaiko presidente Manfred Gaulhoferrek. Hasieran aurkeztu ziren hamabost hirietatik, seik gainditu dute hautaketa aurreko fasea. Iruñea kanpo geratu da eta hiriburu gipuzkoarrak Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza izanen ditu aurkari. Bederatzi hilabeteren buruan ezagutuko da 2016. urteko Europako kultur hiriburua.

Odon Elorzak “emozioa” agertu du albistearen aurrean. Bere ustetan, Euskadik “horrelako motibazioak” behar ditu “bakegintza eta elkarbizitza lortzeko”. Bere aburuz, hautagaitzaren klabea “pluraltasunean” eta “deszentralizazioan” dago. “Eskaintzen dituen edukiak Bilbotik Biarritzeraino doaz” esan du Donostiako alkateak. Bigarren txanpa gogotsu hartuko du Elorzak eta “itxaropentsu” azaldu da hedabideen aitzinean. Orain asmoak albo batera utzi eta ekintzetara pasatzeko tenorea heldu da, konpromiso zehatzekin eta aurrekontuekin. Hautagaiek bederatzi hilabete izanen dituzte hondarreko programazioa zehaztu eta aurkezteko.

MzQ1Mg==

Donostia eta Iruñeko Udalak tematurik ibili dira azken hilabeteotan haien buruak saltzen. Batek zinemaldia, besteak Sanferminak, biak saiatu dira herriaren babesa lortzen. Iruñeak, baina, ez du sostengu handirik jaso. Hautagaitzaren aurka azaldu dira antzezleak, abeslariak, kultura-taldeak, idazleak, herri mugimendua, eta abar luze bat. Hautagaien webgune ofizialean ere azken aurreko postua lortu du hiriak. Kultura suspertzearen aldeko manifestazioa ere egin zen, herritarrek Barcinaren hautagaitza kolokan paratuz. Ezin ahantzi daiteke Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak euskararekin duten jarrera, zeinak milaka pertsona bildu baitzituen hiriburuan. Hala ere, Yolanda Barcinak “proiektu ona” zuela pentsatzen zuen erabakia ezagutu aurretik. “Gure hautagaitza dinamikoa, zoragarria, didaktikoa eta ongi eraikia dela dio epaimahaiak” esan du orduan.

Irudia | Donostiaren hautagaitzaren aurkako kartela | Daquella manera | Creative Commons By SA

BARDO GORRI NAFARRA