Zer dio ETAk elkarrizketan?
- “Erabakia askapen borrokak urte luzeetan eskuratu dituen lorpenen lurzoruan kokatzen da. Euskal Herriaren asimilazioa ezinezko bilakatu dugu eta Euskal Herriak dituen beharrei ekiteko aldaketa politikoaren premia nabaria da.”
- “Bestetik, gatazkaren izaera politikoa eta konponketa, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez, lurraldetasuna eta autodeterminazioaren aitortzaren eskutik etorriko dela aski hedatua dago euskal jendartean.”
- “Nazioartetik Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearekiko dagoen interesa nabarmena da. Bai eta egungo blokeo egoeratik ateratzeko laguntzeko prestutasuna ere. Horiek horrela, gure erabakiak konponbidearen ildoan egon daitezkeen aukerak lantzeko helburua ere badu.
- “Hasi berri dugun erronka oinarri sendoen gainean eraiki behar dela deritzogu. Zentzu horretan, erabakia hartu zenean [eraso ekintza armatuen etenaldia] protagonismoa aldaketa politikoa bultzatzen ari diren eragileengan jarri behar zela ulertzen genuen. Erabakia aurreko hilabeteetako gertakarien ondotik argitaratu izanak ETAren urratsa modu desegokian ulertzea ekidin du”.
- “Hilabeteotan aurrerapen nabarmenak eman dira. Aldaketaren masa kritikoaaren enborra gorpuzten hasia da. Aliantza eta akordio berriak josten ari dira. Erabakiaren berri emateak egindako ibilbideari egonkortasuna eman nahi dio.”
- [Noiz jarri zen ekintza armatuen etenaldia indarrean galdetuta] Hausnarketa sakona burutu ondoren, proposamena egin eta, jarraian, erabakia hartzeko barne prozedura abiatu zen. Nolanahi ere, Espainiako Barne Ministerioak ETAren ekintzak iragartzen zituenean jada erasoak ez egiteko erabakia hartua zegoen.”
- “ETAk konponbidean barrena egin nahi du aurrera, gero eta sakonago, Euskal Herriaren egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte”.
- “[ETAko] talde operatiboek prest zituzten ekintzak bertan behera uzteko eta eraso ekintza armaturik ez burutzeko agindua dute. ETAk, bestaldetik, beretzat gordetzen ditu balizko enfrentamenduetan defendatzeko eskubidea, ohizko hornitze-lan eta egituren mantentzekko beharrezko diren zereginak”.
- “ETAk prestutasuna du urratsak emateko eta urrunago joateko ere, horretarako baldintzak sortzen badira. Baina urrats horiek prozesuaren garapenaren logikan kokatu behar dira. Funtsa ez baita ETAk, modu partzial eta isolatuan, zer nolako urratsak eman nahi dituen. Gatazka politikoaren konponbide demokratikoa da helburua, zauria behin betiko ixtea, eta horrek ardurarekin jokatzea eskatzen digu denoi.”
- “Guk beti esan dugu giltza Euskal Herrian dagoela, prozesu demokratikoaren aldeko herri aktibazioan eta indar metaketan.”
- “Nazioarteko eragile eta instituzioek ekarpen handia egin dezakete, beste prozesu batzuetan ikusi izan denez. Nazioartearen ekarpena prozesu guztian zehar beharrezkoa dela deritzogu, bai prozesua etengabe sustatzeko, babesteko eta, nolabait, blindatzeko, bai prozesuaren emaitzarekiko errespetuaren berme-emaile gisa.”
- “Prozesua elkarrizketa eta negoziazioaren bidez garatu behar bada, eragileen borondatea eta konpromisoa ezinbestekoa da. Elkarrizketa prozesua aktibatu eta egituratu behar da. Elkarrizketaren helburuak, metodoa, elkarrizketa mahaiaren sorrera, joko arauak eta gaitegia finkatu behar dira. Nola egiten da? Hori euskal eragile politiko eta sozialei dagokie.”
- “Euskal herritarrei hitza emateko prozedura da aktibatu behar dena. Eta horretarako egun dauden oztopo, injerentzia eta muga guztiak dira indargabetu behar direnak.”
- “Espainia eta Frantziaren itxikeriaren aurrean ETA arduraz jokatzen ari da eta aukera zabaltzen ari da. Urrats bat eman du eta gehiago emateko borondatea du. Aitzitik, prozesua, gatazkaren konponbideari bere osotasunean heldu gabe, borroka armatuaren desaktibatze huts batera murriztea posible dela inork uste badu, kalkulu okerra egingo du. Zenbaitek urteotan aurreratu denetik atzera egin nahi du, prozesu tekniko hutsa bideratu nahian.”
- “Proposamen argia ere luzatzen dugu: eman ditzagun urratsak denok prozesuak behar duen «nahikotasun demokratikoa» eraikitzeko. Ez da besteek egiten dutenari begira gelditzeko garaia. Nork bere buruari galdetu behar dio zein den bere ekarpena, Euskal Herriari zer eskaintzen dion.”
- “Aurrekoan Zapaterok esan zuena argigarria da: ez dela nahikoa ez delako ETArekin fio! Eta zer konfiantza izan al dezake ETAk aurreko prozesuan lehenengo egunetik bertatik akordioak urratu zituen Espainiako Gobernuarengan? Eta zer konfiantza izan al dezake Euskal Herriak urte luzez ukazioa eta errepresio gordina besterik eskaini ez duten estatuengan? Arazoa ez da ETArekin fio izatea edo ez. Zapatero, Patxi Lopez eta Sanz-en benetako arazoa da ez direla euskal herritarrekin fio. Beldur direla baldintza demokratikoetan, inolako muga eta injerentziarik gabe, Espainiaren menpeko eskaintza politikoak euskal herritarren babesa jasoko ez ote duen. Horregatik inposizioaren eta estatuaren biolentzia eta mehatxua.”
- “PNVren erantzun ofiziala tamalgarria izan da eta ziur gaude alderdian eta oinarri sozialean asko eta asko lotsaraziko zituela. Espainiako Gobernuaren itxikeriarekin lerrokatzen ari da, Alfredo Perez Rubalcaba eta Rodolfo Aresen tesi polizialekin. Beraiek jakingo dute zer mozkin jasotzen duten, baina argi izan behar dute hori ez dela euskal jendarteak espero duen erantzuna.”
- “Espainiako Estatuak ez du konponbide demokratikoarekiko inolako borondaterik. Ez dago ukazioa, indarkeria eta eskubideen urraketari uko egiteko prest.”
- “Prozesu demokratikoak helburu argia izan behar du gure ustez: Euskal Herria egungo ukazio egoeratik Euskal Herria subjektu politiko gisa eta erabakitzeko eskubidea aitortzen duen marko demokratikora igarotzea. Konponbide demokratiko eta egonkorra ahalbidetuko badu, gatazka politikoaren oinarrian dauden gakoei erantzun behar die. Lurraldetasuna eta autodeterminazioari formulazio adostua emateko prozesua da, beraz.”
- “ETAk zabalduko den hurrengo prozesua definitiboa izateko borondate argia du. Hori da ETAren asmoa eta helburua, eta jarrera horretatik ekingo diogu. Baina, egun, definitibo izaera duela gehiegitxo esatea ere badela deritzogu.”
- “ETAk, eremu horretatik kanpo dagoen arren, Mitchell Printzipioak aintzat hartuz, alderdien arteko elkarrizketa saioetan ez eragiteko eta eremu horretan gatazkaren konponbide demokratikoan lortu daitezkeen akordioak errespetatzeko borondatea du.”
- “Frantziako agintariek jakin badakite, euskal gatazka hartzen ari den mundu mailako dimentsioaren ondorioz eta Espainiako Estatuarekiko prozesua egonkortzen den heinean, ez duela dagokion erantzukizuna estaltzerik izango. Zentzu horretan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako alderdi, eragile eta norbanakoen arteko harreman dinamikei gaurdanik ekiteak garrantzi berezia duela deritzogu.”
- “ETAk ez du prozesuan protagonismo berezirik nahi. Euskal eragile politiko eta sozialei, euskal herritarrei oro har, dagokie Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidearen aitortza artikulatzea eta euskal herritarrok hitza emateko prozedura adostea. Bai eta euskal herritarrok tutoretzarik gabe, muga eta injerentziarik gabe, erabakiko duguna errespetatua izateko bermeak lotzea ere.”
- “ETAk harreman bideak zabaldu ditu eta bada ate joka etorri denik. Dena dela, eta egiari zor, argi esan nahi dugu egun ez dagoela inolako akordiorik edo konpromisorik.”
- “Une honetan errepresioari erantzun tinko eta zabala ematea ezinbestekoa da. Espainia eta Frantziako erasoei herri bezala erantzutea, Euskal Herria babesteko herri harresia osatzea. Eta errepresioak tokirik izango ez duen egoera batera heltzea.”
- “Preso politikoen kaleratzea, orain artean bezala, ETA eta estatuen arteko esparru negoziatzailean kokatzen dugu. Bat gatoz preso eta iheslarien gaia azken akordioaren zain utzi ezin den zeregina dela, eremu horretan urratsak ematea prozesu demokratikoa sendotzeko ekarpen handia izan daitekeela.”
ETAri egindako elkarrizketa, osorik eta euskarazko bertsioan, Gararen bertsio digitalean orain.
Irudia | ETAk emandako elkarrizketaren pasarte zenbait. | Ezezaguna | Creative Commons By SA
Benetan? Herri hau ez dago asimilatuta??