Epai ardatzak

Epai ardatzak –

Epai ardatzakJendea bapatean sailkatzeko indarra duen ardatzari esaten zaio epai-ardatza: eskubia/ezkerra, PNV/ezker abertzalea, abertzale/unionista (konstituzionalista), e.a.

Epai-ardatzen arabera antolatzen da gure bizitza eta gizartearen ibilbidea. Horregatik da ezin bestekoa, euskarak iraungo badu, egunen batean euskaltzale/erdaltzale ardatza, epai-ardatz bihurtzea. Hots, euskaltzaleek euskaltzaleekin berez bat egitea, gainerako epai-ardatzek diotenaren gainetik.

Euskaltzaleek euskaltzalea nolabait hurbileko eta adiskide sentitzea, ideologia edo alderdi berekoa ez izan arren. Hori nola lortu gogoeta egiten denero berehala sortzen da galdera: ba ote da euskaltzale masa kritikorik ezker abertzalearen esparrutik kanpo? Zalantzarik gabe esan daiteke ez dagoela euskaltzaletasun organizatu nabarmenik ezker abertzalearen esparrutik kanpo, baina ondoriozta al daiteke hortik, ez dagoela gutxieneko euskaltzale kopururik?

Nire uste apalean ondorio arinegia da hori, baina ezin dut, ezta ere, arrazoi dudanik frogatu. Jakin min hau asetze aldera, ZU-ZEUko plaza aprobetxatzea otu zait inkestatxo bat egiteko. Zer uste duzue? Behar hainbat euskaltzale aurki al daiteke ezker abertzalearen esparrutik kanpo, egunen batean euskaltzale/erdaltzale epai-ardatza gizartean ezar dadin lanean hasteko?

Epai ardatzak

9 pentsamendu “Epai ardatzak”-ri buruz

  • Jun Inazio: Oso baikor sumatzen zaitut. Esate baterako, Egiatan uste duzu orain berean badagoela Ezker abertzalean euskaltzale masa kritikorik?
    Euskaldungoa narkotizaturik dago.
    Masa kritikoa, epai-ardatza…Gauza horietaz hitz egiteko, desintoxikatu beharra dago eta egoeraren larritasunaz jabetu. Hori da nik ikusten dudan lehen eginbeharra.
    Dena dela, oso interesgarria zure gogoeta. Kontutan hartzekoa, dudarik gabe.

    • Ezker abertzalea diodanean ez naiz aldzrdi politikoaz ari, esparru soziologikoaz baizik, zentzurik zabalenean. Egiten duzun diagnosiaz berriz, zalantzarik ez dut, egoeraren larritasunaz jabetzea dela lehen eta ezin besteko urratsa beste edozertan hasteko. Eta azkenik, gogoeta baino, inkesta xume baterako gonbitea izan nahi du idaztitxo honek, honaino erantzunik bildu ez badu ere.

  • Eztakit besteak baina nik nire esperientziatik, euskarari gehien ta hobekien eusten diotenak bere burua ezkertiar ta abertzale bezala definitzen dutenak dira, berdin du ama hizkuntza euskara edo gaztelania duten.
    Gero ta eskumarago gero ta gutxiago eusten zaio nik ezagutu dudanez besterik ez..
    Hau erranda, bere burua ezkertiar abertzale bezala ikusten dutenen artean, euskararen aldeko masa kritiko oso txikia dira edo gara.

    Gustatuko litzaidake kontrakoa erratea baina….

  • Erantzuna: euskaltzale/erdaltzale epai -ardatza gizarteratzeko une honetan ez dut girorik ikusten zoritxarrez.
    Euskararen egoera bere gordintasunean azaleratu beharko dugu ea euskaldunok ardura zintzotasunez geureganatzen dugun.
    Dena dela, animo! Eta segi aitzina!

  • Nolako estrategia dute gai honetan zenbait alderdik?
    Euskaltzale/erdaltzale epai-ardatz horren kontra ezin zuzenago ari dira betitik

  • Alpargatero 2017-06-08 14:31

    2017an, Euskararen Legea onartu eta 35 urtera, Eusko Legebiltzarraren atarian ere erdaraz egitera behartuta zaudenean, eta mahaiaren gehiengoak (PNV+PSE) egoera zuzentzeko neurriak hartzearen aurkako botoa ematen dutenean…

    http://www.berria.eus/paperekoa/4564/010/002/2017-06-08/institutu_batek_salatu_du_erdaraz_eginarazi_dietela_legebiltzarreko_ertzainek.htm

    • Alpargatero 2017-06-08 14:37

      Hori bai, seguru Legebiltzarreko garbitzaileei EGA eskatu zaiela; e, Zupiria jauna?

  • Nik uste ezker abertzale soziologikoan %25-%40 izango dira euskaltzaleak (nolabait deitzearren, ze beren buruari euskaltzale esaten dioten askok praktikan espainola faboratzen dute etengabe). Eremu horretatik kanpo oso gutxi dira euskaltzale, eta direnak oro har euskara inposatzearen kontra daude, nahiz eta ez duten txintik ateratzen espainolaren inposizioaz. Egia esan, inor gutxik aipatzen du espainolaren legezko inposizioa.

    Bestalde, jende normalak eroso bizi nahi du, albait erosoen, eta nahikoa zaila izaten da eguneroko bizitza, gainera beste zama bat gehitzeko. Zaila da euskaltzale izatea ez bada euskara gozatzen.

  • Epai-ardatz hori egon badago, eta euskalduna/ erdalduna esan zaio beti.
    Euskalduna: bere bizitza euskaraz egiten duena (irakurri, entzun, idatzi, pentsatu, komunikatu…ahalik eta normaltasun handienean euskaraz egiten duena).
    Erdalduna;1. Euskaraz ez dakiena. 2. Euskaraz jakin arren bere bizitza erdaraz egiten duena (irakurri, entzun, idatzi, pentsatu, komunikatu…normaltasun osoz eta lasai asko erdaraz egiten dituena.
    Euskaldunok, ideologia eta joera politikoez gaindi gure euskaldun izaera defendatu nahi badugu Euskal Herrian euskararen ezagutza nahitaezkoaren alde lan egin behar dugu. Bakoitzak nahi duen hizkuntza erabiltzeko eskubidea du, baina euskara ulertzeak nahitaezkoa behar du izan euskaldunon eskubideak erdaldunen parekoak izan daitezen.