Ez da kasualitatea
Ez dira kasualitatea ezta ere azken boladan nonahi ikus ditzakegun flamenko erako aurreskuak. Edo aurresku erako flamenko-dantzak. Sare sozialen bidez jasotzen ditugu batean eta bestean egindako nolabaiteko fusioak.
Munduko hiritartasunaren ikurra dira aukera eta erabakia. Munduko hiritarrak omen gara mendebaleko gizarteko biztanleak. Munduko hiritarrok, beraz, askatasunez aukeratzen dugu zer jan nahi dugun, zer jantzi nahi dugun, nolako harremanak izan nahi ditugun norekin eta noiz eta, bistan da, munduko hiritarrok zer dantzatu nahi dugun erabakitzen dugu mundu osoan dauden estilo guztien artean. Azken batean, askatasunez, aurreiritzirik gabe eta kontzientzia osoarekin zer izan nahi dugun erabakitzen dugu munduko hiritarrok.
Herri-kulturek, alegia, herritarren kulturek ez omen dute ematen sormen mugagaberako halako aukerarik. Beraz, aukeratzen hasita, askatasunez, aurreiritzirik gabe eta kontzientzia osoarekin, Euskal Herriko dantzariok flamenkoa aukeratu dugu gure herri-kultura garaikidea dela aldarrikatzeko. Antzekoa egin dugu dantza garaikidearekin.
Ez ditugu aukeratu Madagaskarreko dantzak, edota Kazakistanekoak. Ezta, gertuago begiratzen hasita, Biarnokoak ere. Dantza garaikidea aukeratu dugu, gizarte likidoko arte garaikidearen ikurra. Edota, dagoen aukera amaigabearen artean, dantza flamenkoa aukeratu dugu. Estereotipoak gorabehera, espainiartasuna ordezkatzen duen dantza.
Askatasunez, aurreiritzirik gabe, eta kontzientzia osoarekin aukeratu ditugu kultura anglosaxoiaren eta latinoaren ikurrak. Hori ere ez da kasualitatea.