Onik atera da PSOEren lan erreforma
Onartutako testuak errespetatu egiten du “kaleratze objetiboen kausei” buruz PSOEk eta EAJk adostutakoa. 20 eguneko kalte-ordainak dituen kaleratze honek, galerak izatea ala aurrikustea edo enpresaren diru-sarrerek “etengabeko” murrizketa jasatea langileak kaleratzeko kausa gisa erabiltzeko baimentzen ditu enpresak.
Halaber, erraztu egiten du langilea lanera ez joan izanagatik kaleratzea. Bi hilabetez lanorduen %20an ala urtebetean lau hilabetez huts egin izana da baldintza, betiere gainerako langileen absentismoa orduen % 2,5 baino handiagoa ez bada. EAJk gutxieneko hori kentzeko zuzenketa proposatu zuen arren, atzera egin du PSOEk. Bestalde, kontratu iraunkorra enpresa eta zeregin berdinean hiru urtez egon diren langileei baino ez egitea planteatu zuen EAJk, baina, azkenik, nahikoa izango da hiru urtez enpresa berean egon izana.
Lan eta Immigrazio ministro Celestino Corbachok adierazi duenez, lege berria “epe luzerakoa”, “orekatua” eta “anbiziotsua” da. Gainera, legediaren “zalantzak” ezabatu eta segurtasuna aitortzen die enpresaburu eta langileei. Edonola, sozialistak ez beste talde parlamentario guztiek kritikatu dute gogor erreforma, haien iritziz, ez baititu lan merkatuaren arazo nagusiak konponduko.