Herri Urratseko ferrari gorria
Herri Urratseko ferrari gorria
Seaskak irakasle postuak behar eta Akitaniako errektoreak (Frantziako Hezkuntzaren ordezkariak) uko egiten dietela salatu dituen egun honetan, irudi bat aipatu nahi nuke.
Kolonialismoaren argazki ezin grafikoagoa izaten da Herri Urratseko ekitaldi instituzionala. Han ziren Akitaniako, Pirinio Atlantikoetako, Frantziako Estatuko, Euskararen Erakunde Publikoko eta –sortu berria den– Euskal Elkargoko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariez gain. Haiek denak mahai batean jarririk, dozenaka elkarte eta erakundetako gonbidatuen aitzinean mintzo. Ia denak frantsesez, bakoitza bere erakundearen lanaren (eta bere alderdiaren) defentsan, ongi oroitaraziz (erranez kanpainan zirela eta ezin zutela kanpainarik egin) hauteskundeak zetozela.
Berrehun edo hirurehun lagun zeuden gelan, eta hamar bat ordezkari frantses. Haiek, kargudun politikoak baitziren hain segur, bat-bateko itzulpena zeukaten, euskaraz izan ziren mintzaldi bakarrak ulertu ahal izateko. Ez zegoen bat-bateko itzulpenik frantsesetik euskarara, nahiz eta Hego Euskal Herriko ordezkari andana bat bazen publikoan. Hor konpon ez bazuten ulertzen. Egia erran, huts egin zutena zen frantsesen ordezkariek aho beteka goraipatzea euskararen alde egiten –omen– duten lana eta, haiei esker, euskara salbatua dela.
Miseria batzuk ematen dizkiote euskarari eta uste dute horrekin aski dela. Eta horren erratera datoz, handi-mandien gisara, Herri Urratsera, Ferrari gorri batetik pasatzean, goxoki bat botatzen baliote bezala gosez hiltzen ari den gizagaixoari. Eta gu beti Ferrari gorrian datorrenaren zain…
“Miseria batzuk ematen dizkiote euskarari eta uste dute horrekin aski dela. Eta horren erratera datoz, handi-mandien gisara, Herri Urratsera, Ferrari gorri batetik pasatzean, goxoki bat botatzen baliote bezala gosez hiltzen ari den gizagaixoari. Eta gu beti Ferrari gorrian datorrenaren zain…”
Hala da gutxi gorabehera. Hegoaldean baino are okerrago.
Dena den, ondo dakite (herritarron diruetatik) emandako eskupekoak ez direla euskararen berreskurapena bermatzeko aski. Eta badakite ere, eskupeko horiekin euskaldun askoren konzientziak lokartu egiten direla. Hiltzeko zaintza paliatiboak dira, gaixoa sendatzen saiatu ordez. Hegoaldean bezalatsu, baino are lotsagabeago.