Hasiera

Hasiera

BAT oraindik ohartzeke dago guzti honek ez duela ezer politikotik (politika ulertzen duen moduan), ez soziologikotik (soziologia ulertzen duen moduan).

HasieraEuskal estatunazionalgintzaren teoriko intelligente berrien diskurtso telebisatuek guztiz besterendu dute bat. Madriltar progrearekin zerikusirik ez duela konbentzituta dago donostiar progre euskalduna. Eta emozionatu egiten da. Ez-berdintasuna, abiadura handiko garaiotan, batek izan dezakeen ezaugarririk estimulagarriena delako: errentagarriena. Ezberdin-izan-nahi eskizofreniko batean murgildu dira progreak. Gutxieneko gaitasun deskribatzailea duen edonork baiezta dezake, ordea, ebidentzia: ez dagoela diferentziarik euskal progre eta erdal progre baten artean. Ikuspuntu kosmologiko berdina dutela, kontzeptu berdinak darabiltzatela (arrakasta, depresioa, follamigismoa, spoilerra, two birras siusplau, #errespetua), jokabide marko berdina, iza(n)era gaitasun berdina, eta oro har, hizkuntza berdina. Nazioaren ordezkapen faktiko bereizgarriena akatu du progresiak, eta halaxe zendu da nazioa.

Eguneroko euskarak bere instrumentaltasuna galdu du. Batek ez daki laiotza eta egutera bereizten, eta itzaletan galduta dabil eguzkia alde duelakoan. Euskaldun progreak eta Kopenhageko pijoak nazioa konpartitzen duten honetan, nazionalistek estatalismoari egiten diote so, hots: botere politikoari, hots: diru publikoaren gaineko kontrola izateari, hots: hemen hemengo dirua gordetzeari, nahiz eta jakin tesiak, existentziarako, antitesia behar duela. Besteen miserian ondu dutela euren irabazia. Horraino ematen du ezkerrak, baina ez da ohartzen. Hortakotz alaitzen gaitu haren porrotak.

Le besoin n’est que le nom de la relation par quoi un certain être sensible fait exister tel ou élément de son monde. C’est pourquoi ceux qui n’ont pas de monde – les subjectivités métropolitaines, par exemple – n’ont aussi que des caprices.

Bada mende bat ezkerrak bere burua metropolitartu eta snobismo gogaikarriz bere figura autokonplazitzeari ekin ziola. Enkapritxatu egin zaigu. Egun ez da hirian idazle eta poeta progresista berrien merkatua baino industria pornografiko indartsuagorik. Hortik bilau/villano (aquel que de la villa proviene; burgo/burgués): ziztrin, doilor, faltsu, txakur. Hortxe egile anonimoaren beharra eta zilegitasuna. Hizkeriak gainditu du BAT. Hiritarkeriak ezaugarritzen du burgesia berria. Ez dezala inork ahaztu Twitterren (snobismodoilorraren gorena) profila beharrezkotzat ikusten duela Argiak, sozialean txikitik eragiteko.

Heideggerrek izularrituta eman zion ihesari hiri-infernutik mendira, eta arranguraren arranguraz amaituko zuen nekazaria idealizatzen.

Jakin zuen, ordea, Heideggerrek zergatik zebilen BAT jendartean bakarrik, atomo, herrian deserrian: ez zuelako ingurua ezagutzen; ez zelako inguruan, ez zelako ingurua. Zimendatuta zegoelako errebalik urrunena eta zimendatuta baita elkar-ekintza oro; txepelduta. Mendian kendu zitzaion Heideggerri Mayaren estaldura zozotzailea. Lurra ezagutu beharra zegoen lurrean bizi ahal izateko, eta elkar lagundu beharra, aurrera egiteko; hizkuntzak mantentzen zuen bere jatorrizko adiera instrumentala, lotu egiten zituen gizakia eta ingurua; komunitate bateko azken aztarrenak sumatu zituen nekazari artean. Ulertu zuen Adornok, hiritar arroxka eta marxistak, adarra jotzen ari zela; ez zegoen gisa hartako nekazari herri garden eta soilik inon. Laborari berriak, izatekotan, euren lurretatik dirua atera nahi zuten paleto atzerakoiak ziren; inondik ez subjektu iraultzailea. Ez zuen marxistak ikusi Heideggerrena ez zela deskripzio fidagarri bat, tipo ideal bat baizik.

Beharrezko komunismo bakarra komunismo-ontologiko bat zen. Komunitate primitibo baten aldeko aldarria. Jatorrizko elkartze (elkar-izate) baten aldeko aldarria. Objektua eta subjektuaren arteko zatiketak deserriratzen zuen BAT. Eta oraindik horretaz konturatu gabe dabiltza ezkertiarak, marxianoak eta enparauak; subjektu umezurtza artikulatzeko estrategia bila.

La question communiste porte sur l’elaboration de notre rapport au monde, aux êtres, à nous-mêmes. Elle porte sur l’elaboration du jeu entre les différents mondes, de la communication entre eux.

Hona lardaskagilearen proposamena: nazioak aldarrikatzetik komunitatea izatera igarotzea; jakitea hastapen puntua filologia-ariketa bat dela (hizkuntza purua baita subjektua eta objektuaren arteko loturaren azken aztarna); konturatzea guda-zelai nagusia hiria dela; politika apurtzea eta etika pregonatzea; ezkerra boikoteatzea baina ezkertiarrak kontuan hartzea; guzti hau kontu axiologiko bat dela ikustea, ez teleologikoa; hastea.

Hasiera Hasiera Hasiera Hasiera

2 pentsamendu “Hasiera”-ri buruz

  • Gaur egungo munduko panoramari erantzuteko orain arteko alderdien gidaritza zaharkitua geratu dela agerikoa da. Nahiko nabaria da XXI. mendeak dakartzan arazoak molde zaharreko euskal politikak ezin dituela konpondu.
    Alderdi guztiak minimoetan daude, ezker abertzalea ideologia progre zentzugabearekin bere hilobia zulatzen ari da eta EAJren zentro ideologikoa geroz eta espainiarragoa da.
    Europako egoera ez dago txantxetarako, aldaketa handi eta bortitzak datoz, negu demografikoa hemen da dagoeneko eta pentsioen eta estatu egitura ezberdinen erorketa urte gutxietako gauza da, kapitalismoaren heriotzaren hasiera da.
    Euskara azken urteetan koma egoeran egotetik Zainketa Intentsiboen Unitatean egotera pasa da, baina nortasun bereiziko nazio gisa (vasco-basque izatea ez da euskalduna izatea) gure etorkizuna ez dago ziurtatuta.
    Gauzak honela, zein izan daiteke herri gisa funtsezkoak zaizkigun erronkei aurre egiteko formula egokiena? Alternatiba beharrezkoa da berandu baina lehenago

  • txotxolopitecus 2017-05-31 23:43

    Heidegger, Adorno, Tesia, Antitesia, aipuak frantsesez. UAU
    ZuZeu, noizko asperdura arpegiaren aukera?