“Inplikazioa eta sakrifizioa falta zaie gaur egun gazteei”
“Inplikazioa eta sakrifizioa falta zaie gaur egun gazteei”
Lagunek eta zaleek Mikel Pradera eta Fran Gutierrez “Guti” txirrindulariak omenduko dituzte bihar Zaldibarren. Pradera mallabitarrak 11 urte eman ditu profesionaletan (Euskaltel, Once…). Ez du lasterketarik irabazi, baina gregario lanean estimu handitan izan dute zuzendari guztiek. Munduko Txapelketan eta hainbat Tourretan parte hartu du, besteak beste. Iaz utzi zuen txirrindularitza. Guti Cafés Baqué taldean ibili da beti, afizionatuetan zein profesionaletan. Afizionatu mailan irabazi daitekeen guztia irabazi zuen. Profesionaletan ez du halako zorterik izan. 2006an eskegi zuen bizikleta. Biharko hitzordua 11:30ean da udaletxe pareko plazan. Gero, bazkaritara batuko dira Goierri auzoan.
Herritarren eta zaleen omenaldia jasoko duzue bihar.
Mikel Pradera. Bai, eta denei oso eskertuta gaude. Egia esan, guk ez dakigu ezer askorik…
Fran Gutierrez. Hantxe egongo gara, baina, ordurako.
Zu, Mikel, txirrindulari preziatua izan zara gregario moduan, baina ez duzu garaipenik profesionaletan. Anbizio falta?
M.P. Batzuetan anbizio falta izan da, bai. Dena dela, neure burua langile moduan ikusi dut beti. Norberarentzako polita da lehen hamarretan egitea, baina taldearentzat ez du balio. Urte askoan maila ona eta erregularra mantendu, talde onetan egon eta taldeko garaipenak lortzen lagundu dut. Horrek poza eta ilusioa eman dizkit.
Zu, Guti, irabaztailea izan zara. 2002an lesio batek denboraldia galduarazi zizun ia, baina itzuli eta Munduko Txapelketan bigarren geratu zinen.
F.G. Buruan kolpe latza hartu nuen, eta saihetsak eta klabikula apurtu nituen. Hala ere, irabaztea nuen helburu, eta beroan bigarren postua dezepzioa izan zen.
Guztiz ezberdinak zarete izaeraz, antza.
M.P. Bai, ni Mundialean izate hutsarekin pozik egon naiz. Baina Guti sprinterra zen, eta beste mentalitate bat daukate: begiz jota daukaten lasterketarako ehunik ehunean prestatzen dira, eta garaipena bakarrik daukate buruan. Ni lako txirrindulariek, berriz, maila ona, onena ez izanagaitik, mantendu behar dute denboraldi osoan zehar.
Guti, profesionaletan ez duzu espero zen ibilbidea izan. Zergaitik?
F.G. Mundialaren aurretik aurrekontratu bat sinatu neban Portugalgo talde batekin, baina Cafés Baquék talde profesionala atera eta hantxe geratzea erabaki neban. Gero, talde profesionala desagertu zenean, afizionatuetan jarraitu nuen beste bi urtean.
Beste eskaintzarik jaso ez izana harrigarria egiten zait.
F.G. Mundu honetan, arlo guztietan lez, edo gustuko zaituzte edo ez zaituzte. Antza, ni ez naiz denen gustukoa izan, eta ez didate aukerarik eman. Dena dela, hori guztia iragana da eta nik aurrera begiratzen dut.
Zu zer taldetan ibili zara gusturen, Mikel?
M.P. Denetan, salbuespen barik. Manolo Saiz, Eusebio Unzue… zaila da bat aukeratzea. Beharbada, Ruben Gorosperi estimu berezia diot.
Izen handiak aipatu dituzu. Horiengandik ikasia irakasten ere bazabiltza orain.
M.P. Bai, Euskal Herriko Federazioan kadeteekin lanean nabil. Urteetan ikasitakoa eta pilatutako esperientzia gaztetxoei erakutsi eta aplikatu nahi diet.
Txirrindularitza ibilbidean, zerekin geratzen zarete?
F.G. Denarekin. Afizionatuetako sasoia polita da; ezagutzen den jendea… Profesionaletan lehenengo lasterketa da inpresio handiena eragiten dizuna. Gero ohitu egiten zara. Baina telebistan ikusitako txirrindulariak bertatik bertara ikustea itzela da: Museeuw, Taffi… zelako hankak dituzten!
M.P. Nik nire aitaren eta osabaren irudia gordetzen dut. Asko lagundu didate. Gero, Tourreko gailurretan gora eurak ere hantxe ikustea sentipen berezia da: “Begiratu, hemen nago, lortu dut, eta zeuei esker ere bada”.
Zuek joan zarete eta gazteak datoz atzetik. Txirrindularitza barrutik lehenago lez bizi da?
M.P. Denei ez, baina askori sakrifizioa eta konpromisoa falta zaizkie. Ez dituzte ideiak garbi, gure sasoian genituen legez.
F.G. Afizionatuetako denbora luzea delakoan daude asko, baina urteak arin joaten dira eta gauzak ondo egin ezik aukera galtzen da. Zirt edo zart egitea falta zaie.
M.P. Nik bizikleta batean lanerako erreminta ikusten dut. Aitak semeari bizikleta bat erregalatzen badio, inbertsio bat ikusten dut. Gaur egungo gazteek jolas moduan hartzen dute.
Entrenamenduetako makina bat anekdota izango dituzue.
M.P. Behin taldeko bati, txirrindulari profesional bati, gurpila zulatu zitzaion. Bizikletari begira-begira geratu zen luzaro. Azkenean, esan zigun: “Ez dakit gurpila aldatzen”. Profesionala, eta gurpila aldatzen jakin ez! Barreak bota genituen.
Durangaldeaz gehiago: www.anboto.org