Txina: landa eremua eta nekazariak
Txina: landa eremua eta nekazariak
Asko hitz egiten da Txinaz, eta ez da harritzekoa; baina eskertzekoa izaten da gai baten inguruan hitz egiterakoan datu edota egitate batzuk maneiatzea esku artean, eta hori da gaurko idatziaren xedea.
Txinak goseteekin amaitzea lortu du hiru hamarkadetan. Lehengai ugariri dagokionez, munduko lehen ekoizlea da:
- 530 milioi lagun inguru landa eremuan bizi dira; hots, biztanleriaren %47,3.
- 82,5 milioi nekazarik pobreziaren langatik behera bizirauten dute.
- Gaur egun Txinako Barne Produktu Gordinaren %10 inguru nekazaritzatik dator; 1979an %28,2koa zen.
- Munduko arroz ekoizlerik handiena da, nazioarteko ekoizpenaren %28a; berdin tearekin (%33) eta gariarekin (%17).
- Mundu mailako bigarren arto ekoizle handiena ere bada (%21).
Txinako Nekazaritza Ministerioaren datuak (2014)
.
Baina makrotik mikrora pasata, nekazari askori bizitza osoko lanak ez die bizitzeko lain ematen, eta hirira emigratu behar izaten dute. Oso ohikoa da, gainera, bikoteak banantzea, ez erregistro zibilari dagokionez baizik eta fisikoki; gizonak hirira joan ohi dira eta emakumeak etxean geratu. Txinako landa eremuko zonalde askotan ez omen da erraza gizon gazterik topatzea.
Xi Jinping presidentea Luotowan izeneko herri batera joan zen bisita ofizialean 2012ko abenduan (Pekinetik hiru ordutara), eta bertan ikusi ziren irudiak ezagun bihurtu zuten herria Txina osoan: nekatutako nekazariak, etxe abailduak, janaria justu edo eskas… Egun badira oraindik ere goldea kopetara larruzko uhal batekin lotu eta lurra beren gorputzaren indarrez ereiten duten nekazariak, Erdi Aroan bezala. Gobernuak “landa sozialista”-ri dagokionez eraiki duen gauza bakarra diskurtsoa da, nukleo urbano kapitalistarekin itsututa. Nekazariek boza altxatzen dutenean Alderdi Komunistaren (Alderdi Kontsumistaren) aurka egiten dute oihu, eta pentsatzen duguna baino asaldura handiagoa dabil herrialdean barna; Martine Bulard kazetariaren arabera 2013an “neurri handiko” 190.000 gertakari jazo ziren.
Eta fabrikak? Zer moduz bizi dira proletarioak? Aidanez, nekazariak baina apur bat hobeto. Ahal bada, etxeko norbaitek industriara jotzen du beharrera, soldata aski ona baita bertako testuinguruan, kasuak kasu. Ehungintzako langile batek, adibide bat jartzearren, 3.000 yuaneko paga lortu dezake hilabeteko (445€). Horrelako diru sarrera daukaten etxeek beren seme-alabei ahalik eta hezkuntza onena (edo garestiena) ordaintzen die. Zergatik? Gaokao delakoa, selektibitatearen antzekoa, nota altuenarekin gainditzeko. Zertarako? Gaokao hiriko ateak zabaltzen dituen giltza delako, bertan lanpostu on bat lortzeko tresnarik onenetakoa.
Baina badira kontrako bidea egiten dutenak ere, gutxiengoa izan arren. Hirian bizi maila altua baina bizi kalitate baxua daukatenak daude batetik; negozio ideiaren bat garatu eta landa eremura jotzen dute, kutsaduratik, zaratatik eta hirietako mila gatazketatik ihesi.
Beste alde batetik, kontutan hartzekoak dira internet bidez lan egiten duten lagunen sektorea. Txinan inon baino gehiago egin ohi dira erosketak on line, 2014an 1.725 bilioi euro, 2013an baino %20 gehiago (protagonista handietako bat Alibaba enpresa da). Azpiegitura erraldoiek produktuak azkar garraiatzea ahalbidetzen dute. Sektore honetan diharduten lagun batzuk, lan guztia ordenagailu aurrean egin dezaketenak, herrietara joaten hasi dira.
Txinak badauka arazo estrategiko bat. Mundu mailako biztanleriaren %20a dauka, baina erein daitezkeen lurrak herrialdearen %9a dira soilik, guztiak ekialdean kontzentratuta eta geroz eta atzerakada nabarmenagoa jasanez.
Munduaren beste aldera begiratu ondoren, informazioa prozesatu eta geure herrira begira jartzea ere ez dago gaizki. Gaur egun, euskal herritarrok hiru Euskal Herri eta erdi jaten ditugu. Bat eta bakarra daukagu, baina 3,5 jan. Agian gu geu ere deshazkunde beharrean gabiltza.
Hori da Beñat, ea behingoz “baliabideen izaera mugatuaz” hitzegiten hazten geran.
Ezkerraren egungo erronka handiena dala deritzot, berau eztabaidaren erdigunean jarri behar dugu populismo kapitalistari mugak jartzeko. Bestela jai dugu, eurak eta guk.