Gure Zutabeak, Bere Gaztak
Gure Zutabeak, Bere Gaztak –
Hartzigarriak utzi eta gatzagia hartzen ari nintzen tarte horretan entzun dut. Literatura eta berri txarra batera zetozen; jarraian, heriotzaren mamuak uzkurtu egin dit bihotza. Baina ez, agurra zen, adiorik gabea. Eta lasaitu naizen arren, malkoek bidea egina zuten, eta aurpegian behera joan zaizkit. Hozkailuko atea helduleku nuela entzun dut berriaren amaiera: gaur zuen Anjel Lertxundik azken zutabea Berrian.
Mirari izeneko irakasle batek eskaini zidan Lertxundiren liburu bat –“Zorion perfektua”–, eta harrezkero –hogei urte bai– hark zer idatzi, nik horixe irakurri. Literatura dut zaletasuna –bere zentzu zabalean–, eta dudan lanbide honekin, sei hilabetez, letren gosea Anjel Lertxundik baretu dit, egunero-egunero, kale egin gabe, bere zutabe bakoitzarekin.
Zutabeok gosearen lasaigarriak izan dira orain arte; lehen, lan-tresna zoragarriak. Euskaltegira heldu, eta Berria irekitzen nuen zutabearen orrialdean; maiz fotokopia egin eta gelara eraman. “Kaioak” izeneko testua –adibidez– behin baino gehiagotan erabili genuen, ikasleekin aztertu eta eginarazten genien egitura bereko testua, eta askotan benetan ederrak ziren euren lanak. Meritua, jakina, irakaslearena zen, Anjel Lertxundirena, alegia. Eskerrik asko.
Zutabeok hizpide jarri dute askotan –gehienetan ez esatearren– gure etxean. Zenbaitetan gaiak zuen garrantzia; hainbatetan, testuaren edertasunak edota letra-jostunaren arteak. Gaurkoak idazlearen atzean dagoen pertsona ekarri digu.
Errepikatzeari dio beldur. Baita nik ere. Blog honetan hasi nintzenean, antzutasuna urrun ikusten nuen; baina testuak sortu ahala, amildegia gero eta gertuago sentitzen dut. Esperantzarako soka bizitzak berak ematen dit, beti eskainiko ote didan idazgairen bat edo beste. Amildegiaren beste aldean, ordea, irakurlea dago –zaude– eta interesa galduko balu –bazenu–? Inork irakurriko ez balu nik sortutakoa?
Argitaratu baino lehen, behin eta berriz irakurtzen dut idatzitakoa; agian, esaldien ordena aldatu egingo dut, edota hitzen bat ordezkatu, edota… Argitaratu botoia sakatzen dudanean, sabela iraultzen zait, listo, badoa! Testuak neurea izateari uzten dio orduan, irakurlearena –zurea, alegia– izatera pasatzeko –puxikak haurrari ihes egindakoan, haizearena den bezalaxe–. Hortik aurrera nondik nora doan ikustea baino ez dago, mendien atzean galtzen den arte…
Honezkero, neureak dira Anjel Lertxundiren zutabeak, nigan txertatu dira, betiko, nahitaez. Gaur egin ditugun gaztak bereak diren hein berean. Ez ditu ikusi, ezta dastatu ere, are gehiago, gure gazta horien berri ez du; baina bere adiorik ezak hartua zidan arima, mamia mozten ari nintzela; eta birberotze unean, mami-aleei eskuz eragiten ari nintzaiela, idatzi hau nuen bihotzean. Hasieran gutun egitura zuen, erraza zen idazle-pertsonari idaztea, baina errepikatzeari nion beldur –badakizu, irakurle, azkena gutuna izan zen…–, eta beste hari mota behar nuen barrukoa josteko.
Gaur egin ditugun gaztek Ez adiorik dute izena –plagioa da, badakit–, pertsona berak inspiratu eta mamitu baititu: Anjel Lertxundik.
Zeinen gustura irakurtzen ditudan zure gogoetak, Josebe.
Segi hausnarrean Josebe, ez adiorik gazta zati bat gustora hartuko genuke.
Besarkada bat