Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz
Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz
Abiatu berria den Korrikaren testuinguruan, Gasteizko Osakidetzako langile multzo batek osasungintza euskalduntzearen aldarria zabaldu berri du eta, martxoaren 30ean, Korrikan kilometro batekin parte hartzeaz gain, Gasteizko Santiago eta Txagorritxuko ospitaleetan osasungintza euskalduntzearen alde dauden langileekin argazki bat atera dute.
LAB sindikatuaren ustez, osasungintza euskalduna izateak duen garrantzia eta Gasteizko langileen ekimenaren eredugarritasuna kontutan harturik, ekimen hauetan parte hartzeko deia luzatzeaz gain, martxoaren 30ean Osakidetza osoko LAB sindikatuko delegatuok ospitaleko langile argazkian parte hartu dugu.
Gogoratu nahi dugu osasungintza euskalduna izan arte ez dugula kalitatezko osasungintzarik izango Euskal Herrian. Bestetik, azpimarratu nahi dugu lan orduetan euskaraz aritzea, lana euskaraz egitea, euskaraz komunikatzea, langileon eskubidea dela. Zoritxarrez, sarritan Osakidetzako langileoi errespetatzen ez zaigun eskubidea. Salatu nahi dugu, gainera, Jaurlaritza eta Osakidetzako arduradunek inoiz gutxitan hartzen dituztela kontutan euskaraz lana egin nahi duten langileen hizkuntz eskubideak, eta gaur gaurkoz, nahiz eta araudian eskubide hori jasoa dagoen, ez direla neurriak hartzen aukera hori errespetatua izan dadin.
Asko gara Osakidetza euskaldun baten alde egiten dugun langileok Donostian, Bilbon edota Gasteizen ere.