Logela Multimediak robotak protagonista dituen antzezlan familiarra estreinatuko du
Logela Multimediak robotak protagonista dituen antzezlan familiarra estreinatuko du
Elorrioko talde anitzekoaren DRAG.e lan berria igandean egongo da ikusgai Azkuna Zentroan, Loraldia Festibalaren barruan. Manipulatzaileek zuzenean telegidatutako automatek taula partekatuko dute aktoreekin.
Logela Multimediak Loraldia Festibalaren baitan estreinatuko du bere lan berria, DRAG.e. Emanaldia martxoaren 19an (igandea) izango da, 12:30ean, Azkuna Zentroko auditoriumean. DRAG.e diziplina ezberdin batzen ditu, besteak beste: antzerkia, dantza-koreografiak, bideo-animazioak, musika eta robotika. Dantzariez eta aktoreez gain, manipulatzaileek zuzenean telegidatuko bi robot ere ariko dira agertokian.
Mezu ekologistadun istorioa 2800. urtean kokatzen da. Azken mendeetan aldaketa asko gertatu dira Lurrean, eta bizitza desagertzeko zorian egon da. Izan ere, landare bakar bat geratzen da, espazio-ontzi batean sartuta, Sarah izeneko zientzialariaren zaintzapean. Sarahk, landarea bizirik dagoen bitartean, Lurreko natura leheneratzeko itxaropena du. DRAG.e, Tap eta Eva robotak izango ditu zeregin horretan bidelagun.
Erronka teknologiko berrei aurre egiteaz gain, antzezlanaren elkarrizketak eta dramaturgia indartzea izan da Logela Multimediaren helburua. Dejabu Panpin Laborategiko kideen laguntza jaso dute.
Pixar estudioen animaziozko Wall.e (2008) filmaren lehen 25 minutuetan aurkitu dute egileek proiekturako inspirazioa. «Gure antzezlanak berezko pertsonaiak, diseinua, animazioa, musika eta gidoia baditu ere, roboten karakterizazioan eta estetikan antzeman daiteke aipatutako inspirazio-iturri hori», argitu dute.