Azterketak bai ala ez ?
Azterketak bai edo ez ?
BAI ALA EZ ?
Azterketak bai edo ez? Galdera ona baina erantzuteko zaila, gai honi buruzko eztabaida gero eta garrantzitsuagoa da, baina, zergatik ez dugu proposatzen gauza bat? Zergatik ez “azterketak bai “, baina bakarrik hizkuntzetan?
Nerabeok jasaten dugun presioa pairaezina da askotan. Hain da jasanezina estresa, non ume batzuk txarto pasatzen duten azterketa garaian eta hurrengo eguneko azterketetan pentsatuz ezin duten lorik egin. Normala al da hori? Normala al da gazte batentzat nota onak ateratzea, bere nerabezaroaz gozatzea baino garrantzitsuagoa izatea?
Uler dezaket azterketak ikasleon nota finkatzeko era objektibo eta aproposak izan daitezkeela batzuetan, baina beste askotan, ostera, ez.
Nire iritzi apalean, gizartearen eta herrialde honetako hezkuntzaren errua da gehienbat. Nire ustez, azterketak beharrezkoak izango lirateke hizkuntzetan: Euskara, Gaztelera, Frantsesa, Ingelesa… Baina ez zientzietan ezta beste ikasgai batzuetan ere ez , hala nola: Teknologian, Plastikan…
Eskuarki, hamalau teoria aurpegi ikasi ostean, egun batzuk pasa ondoren ez dugu ezer gogoratzen. Hortaz, nire konklusioa da ez duela merezi hainbat ordutan ikasteak, lipar batean guztia ahaztuta izateko. Halaber, irakasteko beste modu batzuk daude: proiektuen, testuen idazketen eta aurkezpenen bidez esate baterako.
Nik hain justu ere aurkakoa pentsatzen dut: hizkuntzetan ez luke azterketarik egon beharko eta beste gai guztietan bai. “Zertarako ikasi gero dena ahazten bada?” galdetzen duzu. Bai, egia da, ahaztu egiten zaizu zuri, niri eta Einsteini ere ahaztu egiten zitzaizkion. Baina gauzatxo bat zehaztu nahi dizut: ikastea ez da soilik informazioa buruan mantentzea, entrenamendua ere bada. Miloika erlazio neuronal berri sortzen dira ikastean. Ikastea ez da lan espiritual bat, ez, ez! Neuronetaz, erreakzio kimikotaz ari gara… benetako entrenamendua. Eta hori guztia ez da posible entrenamendu orduak sartu gabe, korrikalari on bat ariketa fisikorik egin gabe posible ez den bezala. Eta bai, ahaztu egiten da gero erabiltzen ez bada baina etorkizunean gai hori berrartzen baduzu, beste erraztasun batekin topatuko zara, eskiatekin ere adibidez antzekoa gertatzen da. Egindako entrenamendua hor gelditu da. Matematikako ariketak bere baitan duten garrantzia baino handiagoa dute abstrakzioaren eta arrazonamenduaren entrenamendu moduan.
Azterketetan gaizki pasatzen dela? Noski baietz. Baina ba al dago beste modurik jendeak entrena dezan. Kirolariek ere joku olinpikoak dituzte azterketa eta estresa ez zaie falta. Azterketa ordez, aurkezpenak egitea, taldeko lanak egitea… Nik ez dut esango ezetz, baina ondo egiten badira. Zenbatetan aipatzen dira alternatiba hauek azterketei ihes egiteko soilik? Eta benetan diozut, alternatiba hauek benetan norberak serio beteko balitu, azterketak bezain estresanteak lirateke.