Sautrela 464: Aitziber Etxeberria, Tzvetan Todorov eta Walden (Jonas Mekas)
Sautrela 453: Aitziber Etxeberria
Aitziber Etxeberria ez da ugari argitaratzen duen idazle horietakoa. Tango Urdina nobelarekin abiatu zuen bere ibilbidea 2004ean, eta berriki arte beste nobela bat zuen plazaratua, 31 Baioneta. Biek eskuratu zuten Donostia Opera Prima Saria eta biak publikatu zituen Erein argitaletxeak. Generoko literaturan lekutxoa egin zuen nobela horiekin, eta orain hirugarren batekin etorri zaigu, Nomada izenekoarekin. Vietnam, Errusia eta Euskal Herriaren artean kokatutako istorioa da, thriller kutsukoa, eta irakurlea peripeziaz peripezia ondo harrapatuko duena. Etxeberriarekin solastatuko gara, bada, aste honetako saioan. Zerk eraman zuen istorio hori idaztera? Zeintzuk dira bere nobelaren klabeak? Zeintzuk bere genero kuttunak?
Erreportajean literatur teoriko eta intelektual garrantzitsu bat izango dugu hizpide: Tzvetan Todorov. Joan den otsailean zendua, ekarpen garrantzitsuak egin zizkion literaturaren teoriari 60. eta 70. hamarkadetan. Gerora ere liburu mordoa idatzitakoa da, eta azkeneko urteetan ere bere literaturzaletasunaren testigu diren beste zenbait obra eder argitaratu zituen. Todorovek literaturaren azterketari ekarritako berritasunak erakutsiko dizkigu erreportajeak, eta baita hark literaturarekiko zuen maitasuna ere.
Saioaren amaieran Lur Olaizola etorriko zaigu zinema eta literaturaz hitz egitera, kasu honetan Jonas Mekas zinemagilearen Walden filmaz. Tituluak berak jada Henry David Thoreau-rengana garamatza, baina zehazkiago ikusiko du film hark zein harreman duen literaturarekin. Bukatzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak ere izango ditugu.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen