Elefantea egongelan

Elefantea egongelan

Anartz Izagirrek elefanteei buruz idatzi du Uztarrian, edo euskara batua eta euskalkiak aferari buruz, edo euskal komunitateak dituen erronkei buruz, edo euskararen biziraupenari buruz.

Bat baino gehiago harritu gintuen Gus Van Sant zinema zuzendariak “Elephant” (2003) filmarekin. 1999. urtean Columbine institutuan (AEB) izandako sarraskian oinarritzen da pelikula, eta Elephant in the room ingelesezko esapide metaforikoari egiten dio erreferentzia. Esan nahi du, egongela erdian elefante bat badugu, ezikusiarena egitea bere presentzia ez onartzea dela, hots, arazoa ekidin nahian dabilela elefantea egongelan dagoela aitortzen ez duena.

Elefantea egongelanEz dakit euskaldunok ere ez ote dugun aurrez aurre elefante ikaragarri bat, gertatzen ari den guztia lausotzen digun piztitzarra. Profil lingusitikoen gaiak hautsak harrotu zituen gurean. Hortik aurrera, erreskadan etorri ziren EAEk PISA datuetan ateratako datu eskasen errua euskarak zuela zioten artikuluak eta euskararen aurkako beste hainbat eraso. Horren aurrean, ordea, ez dakit euskaldunok batu beharrean ez ote garen banandu.

Urtero legez hutsik egiten ez duen eta hainbat otordutako tertuliak ozpintzen dituen euskalkia eta euskara batuaren inguruko solasaldiek ere izan dute euren lekua pasatu den urte honetan. Gai honen inguruan izan diren hainbat akusazio madarika nitzake, baina ez nator aurkariak irabaztera, justu kontrakoa, batu gaitezen eskatzera baizik.

.

Elefantea Euskal Herrian

Elefante ikaragarri bat dugu euskal agertokian, eta erdara da aurrean dugun piztitzar hori. Euskaldunok elefantearen orbitan jirabiraka gabiltza, katua eta txakurra lez elkarri gauzak leporatzen. Bien bitartean, gu geu gabiltza piztia elikatzen. Hiztunak galtzen gabiltza elefanteari izkin egiten diogulako, ez diogulako parez pare dugun arazoari behar duen garrantzia ematen, eta espainola eta frantsesa hiztunak irabazten dabiltza etengabe.

Euskarari kalte besterik egiten ez dioten norgehiagokak sortu ditugu, eta dagoeneko ahaztu zaigu euskarak duen arazo nagusiena ez direla euskalkiak, ezta euskara batua ere, espainola eta frantsesa baizik.
Ireki ditzagun begiak, eta behatu aurrean duguna. Elefante ikaragarri bat dugu egongelan eta berandu baino lehen arazoari aurre egin ezean, elefanteak berak kenduko du gure hizkuntza euskal eszenatokitik. Desagerraraziko ditu euskalkiak, euskara batua, eta azkenik gu, euskaldunok. Onar dezagun, elefante bat dugu egongelan, eta ez du bere kabuz alde egiteko intentziorik. Batu gaitezen, ez banandu. Egoera honen aurrean, euskaldunoi, ez zaigu batzea beste aukerarik gelditzen, euskal agertokian bizirauten jarraitu nahi badugu behintzat. Bizirik jarraitzea, horixe baita une honetan euskarak duen erronka nagusienetako bat. Hiztunak irabaztea, eta ez hiztunen arteko lehiak sortzea. Batu gaitezen, beraz, elefantea handiegia baita ezikusiarena egiteko, eta arazoa handiegia baita oraindik arazo gehiago gehitzeko.

Elefantea egongelan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.