Irratien lorategia

Irratien lorategia

Hedabide guztietan maiteena irratia izan dut beti ume-umetatik, eta gaur mundu mailan Irratiaren Eguna ospatzen denez, orain gutxi ezagutu dudan atari bat aurkeztuko dizuet, Radio Garden.

Irrati igorle global legez aurkeztua, Radio Gardenek munduan zehar sakabanatutako irratiak entzuteko parada ematen digu, Internet bidez emititzen dutenak. Google Earthen antzera, Lurbira agertzen du aplikazioak, hurbildu ahala puntu berdez josiko dena. Puntu horietariko bakoitza irrati bati dagokio, eta gainean klikatuz gero derrepente konektatzen da (behar beste hurreratuz gero).

Jakinminak bultzatuta, frogatu egin dugu tramankulua, Euskal Herriko irratietatik hasita, eta batzuk faltan bota ditugun arren -Bilbo Hiria irratiarekin kale egin dugu, adibidez-, egia da irrati kate nagusietatik at aurkitu ditugula gure interesekoak diren irrati libre batzuk ere. Bertan dira Gasteizko Hala Bedi edo Iruñeako Eguzki, esaterako, baita Antxeta, Radixu, Eztanda, Uhinak, Txapa eta beste asko ere.

Irratien lorategiaMundura zabaldu gara gero, eta salto saltoka batetik bestera ibili gara. Pariseko anarkisten irratia, Baghdadeko kurduena, Maliko Wassoulou irratia, Mexikoko emakumeena eta Perth hiriko alternatibo bat ezagutu ditugu, iluntze bakarrean.

Radio Garden (app bat ere badago, Androiderako eta iOSerako) Amsterdameko Puckey eta Moniker estudioek diseinatu eta Herbereetako Ikusentzunezko Institutuak garatu du; urrutiko ahotsak hurbiltzeko helburuarekin. Izan ere, klik bakarrera horrenbeste hizkuntza, pentsakera, kultura eta musika ezagutzeko aukera izateak jakinmina pizten du.

.

«RADIO GARDEN»

Irratien lorategia