Igerileku bat, hamar metro, sei kamera eta 30 euro

Igerileku bat, hamar metro, sei kamera eta 30 euro

Igerileku bat, hamar metro, sei kamera eta 30 euro

Bi zinegile suediarren esperimentu psikologikoa da Ten Meter Tower (Maximilien Van Aertryck, Axel Danielson. 2016). 2017ko Sundance Film Festival-ean erakutsi dute, dokumental laburren atalean. Filmaketarako, internet bidez 67 pertsona erreklutatu dituzte eginbehar bat betetzeko: bainujantzia jarri eta hamar metroko garaieran dagoen tranpolinaren ertzeraino hurbiltzea. Trukean, 30 euro jasoko dituzte. Sei kamerak eta zenbait mikrofonok jasoko dute unea. Norberaren erabakia da igerilekura jauzi egin ala eskilaretan behera jaistea. Parte hartzaileen artean inor ez da aldez aurretik horrelako egoera baten aurrean egon. Emaitza eskuak izerditan hasteko modukoa da. Jauzi egingo dute?

“Esperimentua Suedian gertatu da, baina uste dugu sen gizatiar bat erakusten duela, kultura eta jatorrietatik haratago doana. Gure segurtasun desiren gainetik ausardiak leku egitea gizateria osoa batzen du. Mendeetan zehar forma eman digun zerbait da”. Zinegileen azalpena da New York Timesen.

Kasu honetan jauzi fisiko bat agertzen zaigu. Gizakion erantzun fisiologiko eta psikologiko gordinak –beldurra, zalantza, ausardia, lotsa– eta beste mila sentimendu bihotzean elkartzen direnean. Baina bizitzako jauzi handienak tamalez edo zorionez ez dira hamar metroko tranpolinetik egiten. Gure bizi ibilbide iragankorrean erabakiak hartzea dagokigu. Beldur eta desioen bidegurutzean daukagu guk tranpolina. Muxu eman ala ez. Agurtu ala ez. Barkamena eskatu ala ez. Bizi ala hil. Hamar metroko tranpolinaren aldean, jauzi itsuagoak.

Bideoa eskegi dute NYTen, ingelesezko azpitituluekin:

Igerileku bat, hamar metro, sei kamera eta 30 euro

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra