Kohorte galdua

Kohorte galdua

XI. legegintzaldiko Jaurlaritzaren egituran euskararen normalizazioaren ardura Kultura eta Hizkuntza Politika sailean dago. Oraingo honetan eta Bingen Zupiria Gorostidi sailburua da. Amaitu da, bada, Patxi Baztarrikaren ziklo luzea, kasik 12 urte, 2005-2009 eta 2012-2016 legealdietan Baztarrika jauna izan baitzen Jaurlaritzaren hizkuntza politika gidatu zuena. Izen deituren aldaketa gertatu da, beraz. Alabaina, jeltzale eta sozialisten Jaurlaritzak, haien arteko itunak, ez dakar berri onik hizkuntza politikari dagokionez. EAJ eta PSE-EE, hizkuntza politikan ere bat omen datoz. Etorri bai, baina noren aldera etorri dira, EAJen aldera ala PSE-EEren aldera? Gaude, bat etortzekotan elkarren arteko aldera izan dela, euskalgintzatik are urrunagora, alegia.

Edozein kasutan, Jaurlaritzaren hizkuntza politika berriaz hizketan hasi baino lehenago entzun behar genuen sailburu berriaren asmoak eta ildo nagusiak zeintzuk diren. Urtarrilaren 27an, ostiralarekin, izan zen sailburuaren agerraldia Legebiltzarreko Kultura Batzordearen aurrean. Berrikuntza handirik ez zuen iragarri. Bere mintzaldiak ohiko argudiaketari jarraitu zion: euskalgintzarekiko gutxiespena, errezeloak eta larderia euskaltzaleenganako, alde batetik, eta, bestetik, gehiegizko begirunea eta lausengua espainolaren nagusiago defendatzen dutenekiko. Hitzaldiaren tonuan eta  jarreretan aldaketarik ez. Esanak esan, datu batek arreta eman zigun.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak, Bingen Zupiria Gorostidi jaunak, helburu argi bat iragarri zuen: 2020 urterako 25 urtetik beherakoen artean lautik hiru euskaldunak izango direla. Irekia web gunean honela irakur daiteke hitzez hitz: Hizkuntza Politikari dagokienez, euskaldunen kopurua areagotzen jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu du, eta 2020rako 25 urtetik beherako gazteen (16-24 urte) %75 euskaldun izatea jarri du helburu.

Egia esan, entzun eta berehala ez zitzaidan iruditu apustu ausartegia zenik. EUSTATek eskaintzen dizkigun datutegietara jo nuen, azken datu ofizialak: 2011ko zentsua.

2011. urteko 15-24 urteko gazteak, Euskal EAn, 187.683 ziren eta haien artetik euskaldunak 121.864, % 65a, alegia. Tira, datu hori ikusita, hamar urteren buruan (2021) hamar puntu gehiago lortzea, % 75, ez dela helburu makala pentsa daiteke. Pentsa daiteke bai, baina komeni da datuak ondo begiratzea. Zer gazte esan nahi zuen Sailburuak? 2011ko gazteak, orduko 16-24 urtekoak, 2020an 26-35 urtekoak izango direnak; ala 2020ko 16-24 urteko gazteak?  Sailburuak esan, esan zuen (erdaraz): para el período 2017-2020 nuestra intención es que el 75 % de la ciudadanía menor de 20 años sea bilingüe. Gero, idatziz, hedabideetan eta web gunean azaldu dena 25 urtetik beherakoena izan da. Bat izan zein beste izan, dudarik ez dago bihar etziko gazteriaz ari dela. Hau da, 2011 urtean umeak edo gaztetxoaz zirenei buruz mintzo zen Sailburua. Irekia web gunean azaldutakoari jarraitu diogu eta, horren arabera, Sailburuak esandakoa interpretatuko dugu.

kohorte galdua
2011ko zentsua. Euskara gaitasuna eta adina (EUSTAT)

Adin tarte bi aztertu ditugu, bi kohorte, alegia. Lehena,  1997-2006 urte bitartean jaiotakoak eta, bigarrena, 1987-1996 urte bitartean jaiotakoak. Esan dugun moduan, bigarren kohortekoak 2011 urtean 187.683 gazte ziren, artean 15 – 24 urte bitarteko gazteak; haien artean 121.864 euskaldun zeuden, % 65. Lehengo kohortea interesatzen zaigu, 1997-2011 urte bitartean jaiotakoak. Horiek dira, hain zuzen ere, XI. legealdiaren amaieran 15 – 24 urteko gazteak izango direnak, kohorte horretarako ezarri da % 75eko helburua. Kohorte horretan, ostera, 2011 urtean, 188.376 neska mutil zenbatu ziren, haien artean 153.323 euskaldun, % 81,4, alegia.

Ondo ulertu badugu, Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak 1997-2006 urte bitartean jaiotako gizaldiarentzat % 75eko euskaldunen proportzioa lortzea jarri du helburu. Hau da, belaunaldi horrek 2011 urtean zeukana (%81,4) baino 6 puntu gutxiago. Hori hizkuntza politika atzerakoia ez bada, ….

Kohorte galdua