Zuzeu GAZTEA saria, 2017an ere

2017an ere, Zuzeu GAZTEA saria

Gazteak idaztera xaxatzeko asmoz, ZUZEU GAZTEA SARIA sortu genuen iaz Azkue Fundazioaren laguntzarekin, hilabetero 30 urte azpiko zuzeularien sarrerarik onena 150 eurorekin saritzera zetorrena. Halaxe egingo dugu 2017an ere, berdin-berdin.

2017an ere, Zuzeu GAZTEA sariaOrain arte, 2016ko hamabi hilabetetan, 71 sinaduraren 134 artikulu argitaratu ditugu urtea motel hasi eta ziztu bizian bukatu zuen lehiaketan. Gurean lehen aldiz idazten zuten gazteenak izan dira gehienak, eta gerora sarrera bat baino gehiago egin dute horietariko askok.

Guztiei eskerrak eman eta, orain arte sarituak izan direnak zein oraindik saritu gabeak, guztiak ere parte hartzen jarraitzera animatzen ditugu.

.

Kontutan hartu

Lehiaketan parte hartzeko baldintzak esteka honetan aurkituko dituzuen arren, komeni da pare bat ohar egitea, ohiko akatsak ekidite aldera.

Artikulu bakoitzak 300 hitz inguru izatea komeni da, eta gaiarekin lotutako argazki edo ilustrazioren bat, gutxienez. Zuzeun norberaren iritzia ematea bultzatzen badugu ere, edozein kazetaritza genero onartuko da lehiaketan, izan erreportaje, kronika, elkarrizketa edo beste. Eta jakina, testu soiletik haratago, sareko kontakizun modu berriak erabiltzea ere hartuko da kontutan: argazkiak, multimedia, grafikoak, e.a.

Saritua aukeratzeko orduan, artikuluaren edukia eta formaren bikaintasuna kontutan hartuko den moduan, argitaratutako lanek behar besteko mailarik ez balute saria ez ematea ere erabaki daiteke; baita artikuluren bat kentzea ere, euskara aldetik zuzena ez balitz, edo eduki aldetik pobre samarra izanez gero.

Derrigorrezkoa da sarrerak izen abizenez sinatzea, norberaren argazki eta guzti. Beraz, ezizenez edo izen apalez sinatuta, argazki gabe edo aurpegia ondo ez ikusteko modukoekin argitaratzen diren sarrerek ez dute saria irabazteko aukerarik izango.

.

zuzeu.eus-logo2 Azkue logo

Zuzeu GAZTEA saria, 2017an ere

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.