Nora garamatzate Aralarko pistek?
Nora garamatzate Aralarko pistek?
.
Aralarko pistak gure etxean ere hizketarako gaia izan dira, erreparo handiz hitz egin dugu, jakitun informazio falta dugula, eta hari mutur asko dituela matazak.
Asteotan, horretaz idatzi ez idatzi izan naiz, zalantzan eta beldurrez. Isilik geratuz gero, gaizki geure buruarekin; lasai ez, behintzat. Baina idatziz gero… auskalo! Azkenean, erabaki dut idaztea, irizpide bi aintzat hartuta: geure egoeratik abiatzen naizela –ez dut zehatz-mehatz ezagutzen artzain horien egunerokoa– eta iritzi guztiekiko errespetu osoz idatziko dudala.
Eta zein da gure egoera? Bideei dagokienez, azaldu nizuen nolakoa zen, kontatu nizkizuen gorabehera batzuk. Gure egunerokotasunean bide horiek garrantzi handia dute; adibidez, haurrak eskolara eramateko –buelta osoak 20km ditu, gutxienez egunean bitan–, gazta erostera etortzen direnen bidea ere bada, etxera etorri behar duten kamioiena –pentsua ekartzera, hildako ardien bila…–. Askotan kexatzen zaizkigu bideaz, zaila egiten zaie –hainbatetan guri ere bai–.
Gaiari buruzko iritziak, ziur asko, ezin ditut laburbildu bi multzotan: pisten alde ala kontra. Oso sinplea iruditzen zait. Gainera, ez dut uste hori oso aberasgarria denik. Pausu bat atzera proposatu nahi dut, eta, aldi berean, beste bat aurrera.
Ezer baino lehen, hauxe nire premisa eta abiapuntua: pistak egiteak izan beharko luke AZKEN aukera. Pistek betiko utziko baitute arrastoa –eta ez naiz ari estetikaz bakarrik ari–.
Behin oinarria finkatu, galderak datoz erantzun bila:
Pistak saihesteko alternatibarik eman al da?
Hemendik oso gertu, Iparraldean eta Biarnon –adibidez–, artzainak udako larreetara maiatza-ekaina aldean – etxe bakoitzaren arabera– hasten dira igotzen, eta jaisten dira urria aldean. Ari gara hitz egiten Pirinioez, mendi altuez. Garai hori pasatzeko behar dituzten gauza guztia-guztiak helikopteroz eraman eta ekarri egiten dituzte, baita haurren jostailuak ere.
Saiatu naiz euskarazko informazioa topatzen, baina ez dut ezer lortu frantsesez ez bada. Bertan duzue artikulu bat, ideia bat egiteko. Erreportajea 2010ekoa bada ere, uste dut, oraindik ere, bere balioa duela –bideoak ere ugariak dira sarean–. Azpimarragarriak, besteak beste, hurrengo puntuak:
-
Biarnoko pistarik ez duten 80 bat bordetara joaten da helikopteroa
-
Hainbat erakundek jartzen dute dirua: Eskualdea, Estatua, Europar Batasuna…
-
Urtean 50000€ balio du operazioak
-
Helikopteroaren zerbitzua eskuratzerik ez dutenek, mando-zerbitzua dute eskuratzea
Sistema hau aztertu al da? Bideragarria litzateke? Zenbateko kostuak du pista horien obrak eta mantenuak urtez urte? Demagun, gastua antzerakoa dela; nik nahiago helikopteroa; betiereko arrastorik ez baitu utziko mendietan.
Nora goaz artzainok pistaz pista?
Ez dakit galdera hori egin ote diogun geure buruari. Zer nolako artzaintza nahi dugu guretzat eta ondorengoentzat? Nik argi daukat mendira eramateak behean ditugun guztiak –jezteko makina, pentsua, ukuilua…– ez duela artzain bokazio gehiago ekarriko; akaso, artzain gazte batzuk galduko ditugu –besteak beste– artzainak bilatzen duen hori galdu egin delako: mendia, animaliak libre, ardiekin batera mendian zehar ibili, eskuz jezteak ematen dizun animaliarekiko kontaktua, isiltasuna…
Esan behar da Aralarko borda guztietan ez dagoela egoera bera; denak ez dira abeltzain profesionalak –beste lanbide bat dute edota erretiroan daude–, denak ez dira bertan geratzen lo egitera, denek ez dute gazta egiten, zenbaitetan asteburuetan edo ikusten dira borda horiek bizirik, inoiz ikusi ditudala behorrei kaleko ogi gogorra ematen… Eta egoera aniztasun horretan denentzako pistak egitea oso zalantzagarria egiten zait, ez baitut uste denek behar berberak dituztenik.
Susmoa dut gero eta lantegi-zaleago garela artzainok, eta ahaztu egin zaigula batzuek bide hau hartu bazuten izan zela, hain zuzen ere, lau hormetatik kanpo eta bizidunekin bizitzeak ematen dizuten bizipoza bilatzen zutelako. Agian, pentsatu edo gogoratu beharko genuke zergatik aukeratu genuen lanbide hau eta ez inguruko lantegi bateko postua.
Aukera dugu gazta berezia egiteko; hortaz, mendiak ematen dion berezitasuna gorde dezagun, horrek –eta gure lanak– ematen baitio balioa gazta horri: izanak emango dio izena, zalantzarik gabe.
Non dugu muga?
Artzainok geure buruari mugarik ezartzen ez badiogu, ekoizpena aldarera igota, erabaki guztiak etorriko dira artzaintza bera suntsitzera. Behin pista bordaraino bertaraino ekarrita, zergatik ez pentsu-siloa jarri, kamioia etor daiteke eta! Gainera, ardiek esne litro gehixeago emango dute –jezteko makina ere beharko!– eta gazta gehiago eta… Uuummm, kamioiak etortzea badu, zergatik ez pabilioia mendian bertan? Horrela aukera legoke hilabete gehiago goian emateko… akaso, urte osoa… Behean larre gutxi, ordaindu behar…
Ez nuke nahiko artzaintza eredu hori, zeinek baitu ekoizpena toki gorenean eta horrek agintzen baitu, edozein preziotan. Oso garesti saldu beharko genuke gazta: arimaren prezioan.
Mendi publikoa kudeatzen duenak zer mendi-eredu nahi du?
Uste dut Erakunde publikoek oso argi izan beharko luketela zer eredu sustatu nahi duten edozein jarduera dela eta. Azken finean, baliabide publikoak dira eta irizpide jakin batzuk behar dira norabidea eta etorkizuna zehazteko.
Tresnak izan ditzakete erakundeok:
-
Zer irizpide daude mendiko eskubideak esleitzeko orduan?
- Ekoizpen eredua?
- Tamaina?
- Jarraipenerako aukera?
- …?
-
Zehazten zaizkio artzainei lan-molde batzuk? Adibidez, ezin erabili abereen elikaduran osagarririk (pentsua)?
-
Zehazten da borden eta mendien erabilera – izaera profesionala, gutxieneko denbora…–?
Susmoa dut pistak egiteko erabakia hartzeko egin diren hausnarketek ez dutela izango pisten ondorioen tamaina. Nahi dut pentsatu mila buelta eman zaiola gaiari, mila buelta alde guztietatik –artzainak eta abeltzainak, mendi eta natur zaleak eta baita erakundeak ere– mila buelta zintzo, interes eta ikuspegi motzetatik haratago joandako bueltak.
Honezkero, pisten lanekin hasita egongo dira, eta askok esango dute ezin direla geratu, bidean aurrera egin behar dugula. Nik, ordea, eskatu nahiko nuke geratzea, artzaintza eta mendi horien mapari begiratu eta erabaki nora goazen eta nora joan nahi dugun. Orduan, bai, berriz ere abiatu, baina jakinda pistek nora garamatzaten eta mugak non dauden.
.
Post scriptum
Info7 irratian, hilaren 18an, Aralarko pistak direla eta, parte hartu zuten Aranzadi Zientzia elkarteko Joantxo Agirrek eta Josu Oiartzabal artzainak.
.
Bertan aipatzen da hilaren 10ean nik idatzitako artikulu hau, eta Oiartzabalek esandakotik hiru zehaztapen egin nahi ditut:
Oiartzabalek zioen: “Geroztik tokatu zaigu (Joseberekin) egotea”. Ez zen zori kontua izan, artikulua argitaratu eta biharamunean Aralarko abeltzain taldeko hiru kide etorri zitzaizkigun etxera –Josu Oiartzabal ez zegoen tartean–.
Jarraitu zuen: “Aitortu zuen (Josebek)… ezjakintasunetik idatzi zuen… Ez zuela uste errealitatea horrelakorik zenik”. Hauxe diot nik neure artikuluan eta halaxe jakinarazi nien etorritakoei:
“Aralarko pistak gure etxean ere hizketarako gaia izan dira, erreparo handiz hitz egin dugu, jakitun informazio falta dugula, eta hari mutur asko dituela matazak.
Asteotan, horretaz idatzi ez idatzi izan naiz, zalantzan eta beldurrez. Isilik geratuz gero, gaizki geure buruarekin; lasai ez, behintzat. Baina idatziz gero… auskalo! Azkenean, erabaki dut idaztea, irizpide bi aintzat hartuta: geure egoeratik abiatzen naizela –ez dut zehatz-mehatz ezagutzen artzain horien egunerokoa– eta iritzi guztiekiko errespetu osoz idatziko dudala”.
Jarraian: “Ez zuela jarri nahi zuen bezala jarri”. Buelta asko eman nizkion artikuluari argitaratu baino lehen, eta idatzi nuen idatzi nahi nuena, hitzez hitz.
Bukatzeko, gomendatu nahiko nuke udazkenean lagun izan dudan liburua: “Bergères des Pyrenées”. Egilea Laurence Fleury da, eta bertan Piriniotan udarak artzain pasatzen dituzten 20 emakume artzainek kontatzen dituzte euren bizipenak.
Ufffa! Gai korapilatsua eta kontuz ibili beharrekoa. Gai honekin ez dadila gertatu behintzat zaborren kudeaketarekin edo alardearekin gertatu dena. Hitz egin eta ausnartu behar dutenek hitz egin eta ausnartu dezatela eta gainerakook isilik. Artzainen iritziak pisu handia beharko luke eduki.
Baina zuk bidea izan eta kexu. Hipokresia?. Kotxeak gaizki ikusita daudela ez nuke nahi jakin elikopteroekin hasiko balia…
Kaixo, Bat:
Bai, guk bidea dugu eta kexak ere izaten ditugu. Pentsatzen dut denok gure bizilekuan ere zer hobetu edota zergatik kexatu edo poztu izango dugula.
Ez dut ulertzen zurikeriarena. Nirea? Etxerako bidea dugulako? Zintzoki gonbidatzen zaitut gure etxerako bidea ezagutzera.
Nik ez dut gaizki ikusten ez autoa ezta helikopteroa; baizik haietaz egiten den erabilera. Zenbaitetan uste dut denok nahia eta beharra nahasten ditugula. Autoa erabili beharko balitz, zentzuz. Guk ere halaxe ibiltzen gara ahalik eta bidaia gutxien egiten kalera. Horrek antolaketa eskatzen du.
Helikopteroaren erabilera oso puntuala da, igotzeko eta jaisteko, ez da egunero aurrera eta atzera ibiltzeko, ezta astero… Nik behintzat ez diot arazorik ikusten…
Noski josebe, baina orduan ulertu beharko zenuke mugimendu honen denaren atzean urte luzetan asetu ez den behar zulo handi bat dagoela, ez dela gauetik goizera langilee askoren sudur puntan jarritako nahi bat. Urteak daramate bidearen beharra dagoen edo ez aztertzeko milaka sakramentu egiten. Obra asko daude, azterketa gutxiagorekin hasi eta bukatu egin direnak. Gertuko adibidea, “la ruta del queso” oinezko bidea, turistenatzat, metro gutxiengatik, inguruko artzainak kilometroak dabiltza egiten, ebidenteki gehiago kutsatzen. Enirio-Igaratza, egin zen garaian ez zuen inongo autsarik arrotu, ez duela funtzionatu ikusita ere.
Mina ematen dute ezjakintasunean ari direnen hainbat iruzkinek, hauentzat bai dela gauetik goizera sortutako gai bat, gai potoloa da, agian gertutik bizi beharrekoa ere.
Zentzu piskat badugu utzi diezaiegunba dagokienei beraien tokia izaten eta errespetatzen.
Inork ez dut uste aralar bideez bete nahi dituenik, baina ezagutzen dugun bezain txukun mantendu ahal izateko gutxieneko baldintzak behar dira.
Kaixo, Bat:
Ulertzen dut Aralarren izandako urteetako bilakaerak ezinak sortzen dituela eta, hainbatetan,
etsipena. Ziur asko, hori oso lotuta dago nekazal munduaren bilakaerarekin. Bizimodua asko
aldatu da baserrian, eta lehen artzainak familiarekin igotzen ziren, orain pentsaezina egiten
zaigu –eta ulertzen dut–. Gero bakarrik igotzera pasa zen, familia behean geratuta. Egoera
gogorra izan daiteke, astea familia gabe pasatzea; baina hainbat lanbidetan daude halako
egoerak.
Inondik ere ez dut iradokitu “sudur puntan” jarritako ezer denik; baina nire aurreko
erantzunean esan dizudan bezala, nahia eta beharra ez dira gauza bera, eta denetarako
egoerak egongo dira, pistak beharko lituzketenak eta Patxik aipatu dituenak… ez dakit horien
beharrak zeintzuk diren zehatz-mehatz. Eta mugak, non eta nork jarri behar ditu?
Hainbat lan egiten direla azterketarik gabe eta balizko alferrikako gastuari erreparatu gabe.
Bai, hala da, eta zuzen iruditzen al zaigu? Niri ez, inondik ere. Orokorrean, alferrikako lanak
egitea gustatzen ez baitzait, are gutxiago bestelako kostuak sortzen dituenean. Horri diru
publikoa dela gehitzen badiogu… Nahiko argi dago.
Gaia dagokienei utzi behar zaiela ulertu dizut. Neurri batean edo bestean denok dagokigula
iruditzen zait; jakina, bertan dagoenak pisu handiagoa izango du hausnarketan, baita hori
kudeatzen duenak. Edozein kasutan, zintzotasuna eskatzea –norberarekiko eta besteekiko–
ez da asko, edozein dela eta norberaren rola, kontuan izanda eragin handia izango duela hartzen den erabakiak.
Bukatzeko, eskertuko nizuke hipokresiarena argitzea.
Berritu nahi dizut gure bideak ezagutzeko gonbidapena.
Ondo izan.
Oso ondo, beharrak eta nahiak ez dira berdinak, guztiz ados. kasu hau ordea beharrarekin lotuta doa. Nik ere asmo onez gonbita luzatzen dizut bordeetarako garaian aste paretxo pasatzera.
Joseberena artikulu hagitz interesgarria iruditu zait, bere ikuspuntu umila aurkezten du eta debate serio baterako elementuak eskeintzen ditu.
Zure iruzkin mingarriak kalekume burgestu sasiekolo baten ezjakintasuna erakusten du.
Aralarko bideen kontuan informazio guztia dugu? Zeini egingo die mesede gehien? Artzaineri ala behi eta behor zaleei? Azken hauek horrelako premia larria dute, ala beraien 4x4an noiznahi azienda ikuskatzeko kapritxoa asetzeko nahia baino ez da?Zeinek izango du giltza? Zenbat? Eta nork kontrolatuko ditu?Non dago Aranzadi Elkartea?Eta unibertsitateko ikerlari independenteak? Zergatik ez eskatu hauei proposamen teknikoa?Horrelako presa dago?Artzainak ez al dira beraien hankapeko lurra erreka zulora bidaltzen, alegia beraien txabolako teilatuari harriak botatzen?
Benetan interesgarria artzain baten iritzia plazaratzea gai honetan. Eskertzekoa, eta ulertzekoa urrats hori emateak eman lezakeen errespetua. Errespetu beraz erantzunik merezi duelakoan idatzi nahi nuke.
Bi ondasun edo balio daude hemen jokoan nire iritzian, artzaintza batetik eta mendikatea bera bestaldetik, biak bateragarri izan dira milaka urtez Aralarren, eta aurrerantzean ere hala izateko moduko bien arteko harremana litzateke nire ustean administrazio publikoak bultzatu eta erdietsi behar lukeena, jarduera jasangarria.
Bide horretan zenbait ekarpen egiteko Joseberen ahalegina txalogarria eta oso kontuan hartzekoa da nire iritzian, datorren lekutik datorrelako , artzaintzatik bizi den pertsona batengatik.
Azken hamarkadetan ezagutu dugun naturgunetako hainbat pistaren irekiera eta ondorengo erabilerak kezka eta beldurra sortzen dit. Inolako kontrolik gabe daude hainbat, artzaintzaren aitzakian ireki eta bestelako hainbat erabilera dituztenak ere; antenak, zentral eolikoak, ostalaritza… Aralarren babeserako bermea izan den bere orografia zulatzeak, bere oskola hausteak, beldurra eta kezka sortzen du bertako balioez zerbait ezagutzen duen ororengan.
Autoak irietan ere nahi ez ditugunean gure naturgunerik kontserbatu eta baliotsuenetara sarrera irekitzea burugabekeria galanta izan bai liteke ondorengo belaunaldientzat.
Mila esker eta gorantziak zuei Pikuinetara.
Ulertzekoa errespetua ematea, bai. Hurrengo egunean etxean agertzen bazaizkizu, edo txabola erretzen badizute… Mafia hutsa.
Kaixo, Segi Hor:
Kontuz ibili behar da esaten denarekin. Izan ere, gauzak nahiko nahastuta daude, gehiago elikatzeko. Eta ondorioak txarrak izan daitezke denontzat, baina gehienbat gatazka hori zuzen-zuzenean bizi ari direnentzat. Sutearen nondik norakoak argitu arte, ezin ezer esan, eta are gutxiago halako loturak egin. Beldurra ematen dit jendartean suertatzen ari den arrakalak. Beste norabide batean egin beharko genuke denok ere, sortutako giro ozpindua baretze aldera. Arrazoietan eta errespetuan oinarritutako eztabaida bilatu beharko genuke, eta lasai azaldu pentsatzen duguna.
Azken boladan, askotan etorri zaizkit lehen iruzkina utzi zuenaren hitzak “Gai korapilatsua eta kontuz ibili beharrekoa. Gai honekin ez dadila gertatu behintzat zaborren kudeaketarekin edo alardearekin gertatu dena.”
Bisitaren harira, hiru kontu, bukatzeko:
1- Post scriptum hau argitaratu baino lehen, Josurekin hitz egin nuen eta berak esan zidan bisita ez zuela ondo ikusten.
2- Etorri zen horietako batekin ere hitz egin nuen, eta ez zegoen oso kontentu.
3- Jakin badakigu Aralarren dauden guztiek ez dutela ondo ikusi.
Ondo izan!
Ez dut uste inori min egiten dionik idatziak.
Ofiziotik etorrita, zorionez askoren arreta piztu du Joseberen mezuak.
Parke Naturala GUZTIONA dela konbenzituta nago.
100% bat egiten dut Joseberekin.
Ez dago artzai edo ganaduzale izan beharrik, nik ere oso gertutik ezagutzen dut gaia.
Interes ekonomiko partikularren aurka eta amalurraren defentsan , aurrera !
Zorionak, Josebe. Bikaina idatzia.
Nik usteot, gure tradiziyoai jarraikiz (Gipuzkoa-guiners eta abar), pista berriyak eta norabide bikoak ein behar diala. Eta jatetxe on bat gorenian, Moncayon daonan modukua. Eta Igaratza alden bigilantzia-dorre bat, otsoren bat agertu orduko danbatekoa jotzeko.
Geo, artzañak urrats bat gehio eman, eta “ziudad de la oveja” ein beharko litzateke, ziudad de la carne ta ziudad del transporte-ta, dauden bezalaxe. EHNEk eta ENBAk elkarrekin aurkeztu behar lukete proiektue, EAJn da EHBildun babesakin, Podemoseko sasiekologistiei muturretan emateko.
Gañea, Aralar parke natuala, baina finean parkea dala aprobetxatuta, PIN de navidad estiliko zeoze, baina urte guztikua jarri behar litzateke bertan, ze hirik eta herrik petauta dazkagu dagoneko, dana porlana alde guztitatik, ta eztago umiak nora eraman, berde pixkat zapaldu dezaten. Parke natural-rekreatibua izango litzateke horrela. Tiro batez bi txori.Portzierto, usotako (ta zozotako, ta biriarrotako…) postu batzuk jartzeana ere aztertu behar litzateke bide batez.
Euskadi, ven y kuentalo!
Zorionak, Josebe, zu bezalakoekin lasaiago gaude, bestela gure mundua betiko akabatuko dute.
Kaixo eta Zorionak Josebe artikulu honegatik.
Lehenengo gauza adoretsuak izan behar gara aurpegia ematen hitz egin aurretik,
Ez du arazorik egon behar denona den eremu bat defendatzeagatik eta diru publikoa non eta noiz gaztatu behar den esateko eta eskatzeko. Oso ondo egon behar du motibatuta bide berri bat egiteko babestutako eremu baten eta ez dut uste kasua denik. Behin eta berriz entzuten dut lehen zektorekoei lagungu egin behar zaiela eta ados nago, baina ez bide okerretik, hau da zubentziotik bizitzeko bidetik.
Bozkak ala lan duina? Pentsatu dezagun denon artean zer irtenbide duten. Ez da posible erabaki zuzenak hartzen diren bakoitzean naturzaleon kontra jartzea, irizpide garbiak behar ditu Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak, eta Udalek. Ez dut uste bideak, urbanizatzea leku aberatzenak denik irtenbidea eta honetarako oreka bat bilatu behar da natura eta gizakion artean. Nola egiten da hau? Nondik hasi? nik ideia batzuk ditut, baina asko luzatuko da.
Gogoeta oso ona artzain baten eskutik eta ausardia behar da gainera hori egiteko. Parean kalean bizi, tailerreko soldata onez erositako 4×4 dun behorzale eta entzuten ez dakitenak edukita. Argudio gutxi ez-gustoko asko jaso dituzu.
Bejondeizula Josebe!
Konturatzen ote dira Aralarko artzaiok nortzuk diren aldamenean dituzten (atzeko) bidelagun horiek?
Argi ibili ditezela. Otsoaren eskutik doan artzaiak etorkizuna arriskuan! Urbasan pistak egin ziranetik abereak eta ardiak urte guztian mendian. Larreek deskantsurik ez. Horrek kaltea baino ez eta geroko gosea. Epe motzera eta beraien buruarekin bakarrik pentsatzen dutenak baino bidelagun okerragorik ez da. Eta beti-beti-beti azpijokoan dabiltzanak aurpegia eman ez eta gizaxoak aurrera botatzen dituztenak. Hori bai, gero, koldarrok izango dira onuradun nagusiak.
Ez dezagun mendetan artzantza eredu jakin batek sortu eta iraunazazitako altxorra OTSOEN esku utzi. Erne!, Argi! Kontuz! Kasu! artzainak.
Zorionez edo zoritxarrez artzaintza administrazioen laguntzetatik bizi bada izan da, hain euskaldun, hain etxezale garenok geure ondarea babestu izan ez dugulako. Kapitalismoaren muinean sartuta gauden honetan lehen sektoreari eskaintzen zaion baldintza eta errekonozimendua benetan da eskasa. Ze utopia artzain burujabe bat eskatzea, elikadura eta lehen sektorearen soberania izateko kapaz ez den lurralde batean. Orain denok gara ekologista “eko” jartzen duen produktu bat kontsumitzeagatik, baina jakintzazu nongoa den. Denak aditu artzainen bizimoduan. Inork pentsatu al du Aralar den bezalakoa dela hain zuzen ere eremu horretan izan duen eraginagatik artzainek. Ezagutzen dugun Aralar berdea atzean geratuko da bizimodu horri eusten ez bazaio. Inork ez du eurek baino hobeto ezagutzen bizimodu horren esfortzua, zer gutxiago lan baldintza duin batzun baino. Ez dut uste artzainek Aralar pistez betea nahi dutenik. Mahai gainean iritzi asko irakurri ditut, eta jakin nahiko nuke zenbaten kontrastatu duen informazioa eta zein iturritatik hartua den. Dakidanez Aralarren pista bakarra egin da eta ez da besterik eraikitzeko erabakirik hartu. Ez dut uste egokia denik artzainei leporatzea 2 miloi euroko diru plan bat onartu izana. 2002 an onartutako plan bat izan da Enerio-Alalarren eraikitako pista, ez bapateko kontua, askok uste duten moduan. Eta administraziotik denok bizi gara. Markatutako bideari so.
Lasai Ganbaratxo, Euskal Herrian OTSOrik ez da sartuko, eta sartuz gero bizirik ez da irtengo. Gure “benetako ekologista” armatuak (hots, ehiztariak), alderdi guztiak eta nekazal sindikatu abertzaleak prest daude “predatzaile arriskutsu” horri aurre egiteko.
Sartuk dira bidegileak, sartuko dira baita eremu babestuetan ere ostalariak, sartuko dira aziendak astea edo hamabostean behin ikustera doazen “abeltzainak”, eskopeteroak eta domingeroak. Baina otsoak ez, lasai.
Aranzadi elkarteak argi eta garbi salatu du egoera Gipuzkoa-guinerseko Batzar Nagusietan:
Aralarren egiten ari diren lanek, eragin larria eta irauliezina ekarriko dute.
Itzain, nere “OTSOAK” sartuta daude dagoeneko Aralarren. Ikusezinak dira, artzainen atzean ezkutatzen bait dira. Beraien gosea asezina da: diru-gosea,. Ikus nork onartu duen 2.000.000E-ko aurrekontua bideok egiteko eta hankabiko harrapakariaren arrastoa atzemango duzu.
Aranzadiren agerraldia Batzar Nagusietan (1:53:28tik aurrerakoa)
“2002an esandakoa berresten dugu: Aralarreko pistak eraikitzeak ingurumenean kalte larria eta atzeraezina dakar.”
https://www.youtube.com/watch?v=Gx67GJeUQZw
1983an Izarraitzen aurrekaririk gabeko pista bat ireki zen Loiolatik Erloko antenara. Orduan aitzakia gisa Xoxoteko aterpea erabili zen, benetako helburua Erloko antena bazen ere. Lur jabe ziren baserritar eta artzainek, honako bertsoak plazaratu zituzten paperetan jasoak (Xabier Amuriza). “Urolaldea bertsolari” liburuan ere jasoak daude (2001, Joxin Iturrioz):
1
Izarraizko mendiko
aizearen fiña
aizearen fiña
aitzez eta izarrez
sortzetik egiña.
Sortu zaigun kasuak
egin digu miña
aitzen biotza ere
zulatzeko diña
eroriak geundeke
izarrak bagiña.
2
Ogeita amazazpi
fameli batera
fameli batera
zer burla egin zaigun
kontuak atera.
Geure lurretan ere
iñor ezpagera
laster sartuko dira
baita sukaldera
umillatu gaituzte
burutikan bera.
3
Pala aundi bat ara
baso bidegintzan
baso bidegintzan
konkistara datorren
tankearen gisan.
Ez baimenik eskatu
ez itz erdi esan
alto emanda ere
arentzat berdin zan
abuso latzagorik
etziteken izan.
4
Etxegile bat bada
altuko txoria
altuko txoria
izena ere dauka
Altuna Uria.
Oraingoan Izarraitz
hurrena Urbia
deskuidatzen bazera
zerura zubia
an ere pistaren bat
egingo zun ia.
5
Gero jakin genduan
Izarraitzen nola
Izarraitzen nola
etxe bat egiteko
asmoa zegola.
Ez uste orren kontra
gaudenik iñola
baiña gure gaiñetik
pasatzea ola
zeiñi ez dio orrek
sustuko odola?
6
Berreun milla pezeta
bost milla bakoitzak
bost milla bakoitzak
besterik ez genien
eskatu ordaintzat.
Ez ziguten orixe
ere artu aintzat
errespeto geiago
badu zapelaitzak
desonratu dituzte
Izarraizko aitzak
7
Nola kasorik iñork
egiten etzigun
egiten etzigun
goardian egon giñan
amazazpi egun.
Furgoneta zar baten
ilargia lagun
gaua ere txandaka
an pasako gendun
ez dakigu zertako
loa galdu degun.
8
Nola aiek bidea
zuten derigorra
zuten derigorra
ortikan arrapatu
genion zilborra.
Pare bat miloi geio
kosta zaie obra
berriz ere norbaitek
izango dik zorra
lotsatik gutxi eta
tunantetik sobra.
9
Komenentzi tokia
ez baita mendia
ez baita mendia
beste bidea etzan
krabelindegia.
Traktorakin aitzetan
ura komeria
izan ez zuanean
kriston aberia
pozik egon liteke
gure azeria.
10
Gau batez izan gendun
deskuido bakarra
deskuido bakarra
goardia egitera
uts egin beharra.
Norbaitek egin zuan
oso lan azkarra
preso eraman gure
furgoneta zarra
ura egin zuana
ezta lapur txarra.
11
Billatzen hasi eta
ura panorama
ura panorama
zezenplazan zeguan
grubak eramana.
Disponitu zuanak
izango zun ama
baiña egun artantxe
galdu zion fama
ura ezta gizonak
egiteko lana.
12
Agoazillak izandu
ziran eramale
ziran eramale
ez, ordea, norbaitek
ordena eman gabe.
Alkate-urrengoa
izanikan ere
orra gure Bastida
bastoiaren jabe
jauntxo bat zer dan ondo
jabetu gerade.
13
Aprobetxaturikan
gure deskuidua
gure deskuidua
eztena sartu zigun
maleziz bildua.
Ezingo degu esan:
“I aiz bandidua!”
Baiña ortako eman
digu motibua
ederki luzitu du
bere partidua.
14
Aurretikan Altuna
atzetik Bastida
atzetik Bastida
gerra ekarri dute
Izarraitz azpira.
Ogeita amazazpi
sozio guztira
orrela zapaltzea
gaur ere gaizki da
Francoren denborako
kotuak eztira.
15
Norbait bada gezurrak
dirala usterik
dirala usterik
geu ere ia gaude
ezin siñisturik.
Baiña eztegu esan
egia besterik
Azpeitian olako
azio tristerik
ez genduke desio
berriz ikusterik.
Altuna Uria, hor, AHTan…
Ederrak bertsoak eta ederragoa lezioa.
Eskerrik asko, Aitor! Arrazoi, Txomin,ederra lezioa, eta halere behin eta berriz harri berean egiten dugu estropezu…
Zaldieroa handiak umorea ekarri du gurera, eskerrik asko! http://www.berria.eus/zintak/zaldieroa/2017-01-19/
Beste hau hilaren 6koa, baina gaur topatu dut http://www.berria.eus/zintak/zaldieroa/2017-01-06/
Intersgarria artikulua, eta zintzoa den aldetik eskertzekoa.
Haelere ez nago argudiaketarekin ados puntu hauetan:
-Aralarren parterik handiena ez dago Gipuzkoan, baizik Nafarroan.
-Nafarroako partean artzainek pistak dituzte, baina ez dituzte “pabiloiak” eraiki horregatik.
-Aizkorri-Aratz mendian badaude pistak, artzaien mesederako. Eta ez dago 4x4en arazororik: zergatik? Basozainek euren lana egiten dutelako.
-Gipuzkoako Aralarren ibilgailuak nonahi ibiltzen dira orain, pistarik ez dagoen garaian. Zergatik? Basozainek ezikusia egiten dutelako. Zergatik? Egoera e,in delako erregulatu artzainak erabat izorratu gabe.
-Mandorik ez da aspaldi igo Aralarrera, baina txaboletara behar dena igotzen da. Nola? Tranpatan ibilita.
-Pistak ez dira arazoa, ez Aralarren ez Urbasan, ez Andimendin. Arazoa erabilera da. Basozainek euren lana egiten dutenean ez dago arazorik.
-Artzantzatik bizi dira Aralarko txaboletan artzaiek gehienak, nik dakidala. Eta salbuespenak ezin dira erabili araua ezeztatzeko.
Begiratu Aralarko mapa, begiratu zenbat pista dauden, pentsatu zer eragin ‘ekologiko” duten, eta hausnartu pista berriek zer ekarriko duten. Munduaren akabera? Aralarren suntsipena? Ez dut uste.
Hori bai, has daitezela basozainak egurra ematen legea errespetatzen ez dutenei behingoz. Ardiak zaintzera motoan doazen artzainak aspalitik daude-eta gure mendietan…
45 – 50 dira artzai eta aberezale profesionalak eta beste guztiak, 70 -75, afizionatuak. Datu hauek sekretuan gordeta daude, behin da berriro izendatzen den ikerketa sozio ekonomikoa oraindik ez da públiko egin, zergaitik ote ?
Munduaren akabera ez, baina ingurumenean (Aralarrenean) kalte larriak bai.
Hori bai. Zaindariak behar dira mendiotan, areago parke naturaletan, eta areago predatzaileen paradisua den Euskal Herrian.
Aranzadiren agerraldia Batzar Nagusietan (1:53:28tik aurrerakoa)
“2002an esandakoa berresten dugu: Aralarreko pistak eraikitzeak ingurumenean kalte larria eta atzeraezina dakar.”
https://www.youtube.com/watch?v=Gx67GJeUQZw
1. Natura diruaren eta pertsonen gainetik edo dirua eta pertsonak naturaren aurretik ? Parque Naturala ala parque temátikoa?
2. Artzantzak etorkizunik ba ahal du ? Non ?, Nola? Ze desberdintasun dituzte “baserriko” artzantzak eta Aralarkoak ? Noiz arte subentzionatu beharrezkoa izango da artzantza ?
3 Non dago ikerketa sozio ekonomiko famatua, inork ikusi ez duen hori ?
4 Nor da artzai edo ganaduzale profesionala ? Hau deskubritu dut, Aralarko erdiak ere ez.
5 Ze eragin dute PAC laguntzak ? 100 zuhaitz baino gehiago dagoen hectareak ez du eskubiderik. Hori da arrazoia nahi ta nahi ez behar diren zuhaitzak ez aldatzeko ?
6 Beste herrialde aurreratugoak (Siutza, Frantzia, Austria,…) nola konpontzen dute arazoa ? Gu denak baino azkarragoak ?
7 Globalizazioak ze eragin izan du azken urteetan artzantzan ?
8 Polita ez da naturala beti. Aralarko belazeen edertasuna basoena baino politagoa da ? Naturak zer esango luke (Utzi pakean eta urte batzun poderion erantzuten du, argi eta garbi: Belaze – sastraka, sasi – zuhaitz txiki – baso,…
9 Nola lotzen dira globalizazioa, neoliberalismo kapitalista, economia de escala, etekinak, competentzia, … NATUR PARKE baten barruan ?
10,… beste mila galdera oraindik aztertu edo ezagutu arazi gabekoak.
Ni ere ganaduzalea izanik, ondo dakit ainbat artzai eta ganaduzaleek esandakoa egia dela, aleie, gaur egun ofizio honetatik bizitzeko trebezi handiena despatxuz despatxu ibilitzea dela, kontaktu onak lortuz, eta subentzioetatik etekinak ateraz. Bestela jai.
Badakit baita ere ekonomi neoliberala jarraituz, handienak txikia jaten duela, ekonomía de eskala deitzen diote. Atzo, orain 45 urte, baserrietan 4 behi, dozena pare ardi, bi edo hiru txerri eta dozena oilo; gaur zientoka behi edo ardi edo oilo edo txerri, bihar milaka edo ezer ez. Bide hori jarraitu behar dugu ? Galdetu esnezaleei, ze zorrak dituzten, ze bizi kalitate duten, atzera egin izan ezkero zer egingo luketen gaur egun.
Beste gauz bat ere argi daukat, guk natura nahi ta nahi ez behar dugu baino naturak ez du gure beharrik.
Mila esker Joseberi, arazo hau bere osotasunean ikusten laguntzea gatik. Aralarko pixta, batxe eta partxek ez dute artzantzaren etorkizuna zihurtatuko, nere ustez subentzioetatik bizitzea oso arriskutsua da, beti boterean dagoenaren menpe bizi beharra, beti fiskalizatua, noiz nahi aparte utzia.
Artzaiak hobe lukete bere etorkizuna serioski eta sakon aztertu. Diru publikoetatik bizi diren politiloak eta sindikatuak botoaren goraberan bizi dira, haizea nondik nere erantzuna bide beretik.