Unionista kosmopoliten erraiak
El Mundo egunkarian Regina Otaolaren hitzak irakurri ditut gaur goizean Amaloi kafetegian. Politikari popularrak triste irudi du, “nazkatuta” dagoelako “hemen jasaten duen egoeraz.” Legealdia bukatzean, “Inem-eko zerrendetan” izena emango duela aurreratu eta Euskal Herritik alde egin du… Badakit bai El Mundo irakurtzen duen agureak zer pentsatuko duen: “A ze injustuzia… alde egin behar izan du erradikalen presioagatik.” Izan ere Otaola ez da hain popularra gobernatzen duen herrian.
Eta gauza berbera gertatzen zaio Lopez Lehendakariari. Identitate anitzeko hiritarren hiri plural eta normalizatu horrek, dirudienez, ez du babesten PSEren politika kosmopolita. Inkesta guztien arabera, Eusko Jaurlaritzak duen babesa oso urria da. Eitb zulora joan izana hain zuzen ere, gizartearen babes faltaren isla da; nahiz eta, beste hamaika eratan justifikatzen saiatu. Hondoratze horren atzean alderdien legearekin lortutako aldaketa dago. Baina zer oinarri ditu alderdi sozialistaren politikak? Zer argumentutan oinarritzen da? Bada, hain dira orokor eta gandutsuak oinarrian dituzten argumentuak, ezen ezin baita ideologia koherente bat bistatu alderdiaren diskurtsoan. Azaleko diskurtso huts horren atzean, unionista espainiarren erraietan, nazionalismo espainiar gordina dago. Une oro disimulatu nahi dutena. Nazio bakar bat, hizkuntza bakar bat eta estatu bakar bat aldarrikatzen duen nazionalismoa. Unamuno eta Savaterren ildotik, beti ere progre itxura eman nahian dabilena.
Alderdi “plural, kosmopolita estatala” erortzear da, gaizki zimentatutako etxeek behea jotzen amaitzen duten eran.