Badakizu Urte Berriko kanturik?
Badakizu Urte Berriko kanturik?
Gure amama zenak asko kantatzen zuen, berdin ekarriko zizun kantu jeltzaile bat edota errepublikar bat. Jaiki jaikiren ostetik, Niña republicana sal al balcón, kantatzen zizun igual. Izan ere, gure amama hau etorkin familia bateko alaba zen eta mazedonia moduko potpurri bat zeukan beti buruan, kultur erreferentziei zegokienean.
Izanak izan, haren kantuak iltzatuta geratu zitzaizkigun etxekooi. Urte Berri egunerako ere bazituen abestiak. Horietako bat, oraindik ere oso ondo ulertzen ez dudana, honakoa:
Badakizu Urte Berriko kanturik?
Urte Berri berri
nik ez daukat eta neri
kantaretan bat
kantaretan bi
ekatzu agiñaldo
Jaungoikoagatik!
Agiñaldo, agiñaldo
gaztainak bota eta isildukooo!
Badakizu Urte Berriko kanturik?
Kontua, ordea, ez da nire amamaz hitzegitea, ez zait urtea hasteko modu dotorea iruditzen. Sarrera honek beste bat du helburua. Izan ere, nor akordatzen da gure etxean ikasitako kantu honekin? Beste inork ezagutzen/ abesten ote du gaztainen kantu hau gaurko egunean?
Zenbat halako abesti ez ote diren galtzen ari. Eta horixe galdetu nahi nizun, zeuk ezagutzen al duzu Urte Berriarentzat kanturik?
Hala balitz, idatzi iruzkinetan, mesedez.
Aupa!
Ba gure amak badaki gaurko eguneko abestitxo bat…
Urte barri barri
Txarri belarri
Daukanak ez daukanari
Katilu bete gari
Urte berri on !
Hemen beste bat ere:
Urte Berri eguna
ez dala egun txarra
kortara jausi dala
gure neskazaharra!
Guk urtero kantetan dogu Bermeon gabon zahar egunean, euskerea eta erderea nahastauta:
Urte barri barri
txarri belarri
dakonak ez dakonari
nik ez dakot eta niri
Magillando (agiñaldo)
etxa kastaña, etxa intxorra,
lau kastaña, lau intxorra,
Mari Montaña, kuluan saina,
Señorita una, señorita dos,
etxa magillando por amor de Dios
Etxa bomba, etxa bomba,
dale-dale-dale hasta que se rompa…