Bilbotar bat Berlingo kamioipean harrapatua
Bilbotar bat Berlingo kamioipean harrapatua
Berlin erdialdean gutxienez hamabi lagun hil zituen atzo kamioi batek… eta dozenaka zauritu eragin; tartean bilbotar bat. Iñaki Ellakuria du izena eta erietxean dago, hanketako hezurrak hautsita baititu.
Ellakuriagak berak eman du bere egoeraren berri, Jon Orozko lagunak Twitter bidez egindako galderari erantzunez.
@JonOrozko bai eta ez.
— Iñaki Ellakuria (@hinak_nako) December 20, 2016
Gero zortzi txioko errenkadan, jazotakoa kontatu du (gazteleraz), denboran atzera eta aurrera eginez; lehen pertsonan, bapatekoan eta hurbiltasunez komunikatzeko, 140 karaktereko muga izanda ere, Twitter tresna paregabea izan daitekeela berretsiz.
Honela dio, euskarara (halamoduz) ekarri dugun kontakizunean:
1.- Milesker galdetu didazunei. Kamioiak bete-betean harrapatu nau. Tibia eta perone hezurrak baino ez ditut apurtu (1ean) orkatila (bestean) eta mokorra.
2.-Bi lagun eta hirurok Europa Centre Gabonetako merkatuan geunden, berritua ez izanagatik oso famatua den eliza baten kontra dagoena; eta…
3.- … eta kamioi beltz bat sartu da ziztu-bizian, etxola pare bat apurtu eta bertan zirenen kontra eginez. Ni azpian hartu eta bi hankak harrapatu dizkit.
4.-Ondo nago, zainetatik sartu dizkidaten droga guztiei esker. Baina bizitzan izan dudan oinazerik jasanezinena pairatu dut.
5.- Pentsatzen dudan bakoitzean, min gehiago ematen dit. Uste nuen ez nintzela hainbesteko mina jasateko gai.
6.- Kamioia entzun nuen lehen etxolaren kontra jotzen, buelta eman eta aurpegi parean nuen. Bizkor zihoan, oso bizkor errepidetik ateratze bat baino ez izateko.
7.- Zauritu bakoak primeran artatu gintuzten. Kuxinak, ura, jana, mantak, txano eta tapaukak…
8.- Hotz handia zegoen, dardara egiten nuen bakoitzean mina jasanezinagoa zitzaidan (inoiz sufritu izan dudan handiena).
Euskal Herritik elkartasunez, Ellakuriari besarkada bero bat eta ahalik eta lasterren osa dadila opa diogu; animo Iñaki!
Nire elkartasun osoa Iñakiri. Tamalez, albistegian esan dute, erasoa jasan ez ezik betiko nazionalistek bereak eta bi bota dizkiote Iñakiri sare sozialetan, Altsasuko herriaren kontrako erasoan elkartasuna adierazi zuelako. Haren kontrako mezuak gorroto delitua argi eta garbi, hiltzea ere desiatu diote. Fiskalak non? Biktimen umiliazioa…?