Ez dut sekula Fnac-en erosiko
Liburu bat erosi nahi dudanean liburu denda txikietara jo ohi dut. Ez ditut megadendak atsegin, baina gauza bat begiratu behar nuen gaur eta Donostian dagoen Fnac-era sartu naiz.
Ikusi beharrekoak ikusi eta euskarazko literatura sailera joan naiz. Zur eta lur geratu naiz: berrehun bat liburu besterik ez eta asko, itzulpenak. Aldeetara begiratu dut eta nire haserrea areagotu egin da ingeleses eta frantsezez euskeraz baino askoz liburu gehiago zeudela ikustean. Lotsagarria. Buelta erdia eman eta kalera esku hutsik irten naiz. Ez dut sekula Fnac-en erosiko; ez naiz berriro Fnac-en sartuko.
Irudia | | Trp0 | Creative Commons By SA
Ai, Izaskun maitia, gauzak hain errazak balira! FNACek ez badauka euskal libururik, euskal libururik ez delako saltzen da. Eta esango didazu: ez badira saltzen, ez daudelako da. Etc.etc.
Egia da, ordea, euskaraz oso liburu gutxi saltzen dela gaur eta FNACek ezin badu, are gutxiago egin dezakete liburudenda txikiek. Gaia interesatzen bazaizu, hemen duzu eztabaida berri xamar bat (irakurri, bereziki, Linazasororenak).
Eta ez ahantzi FNAC ez dagoela hor euskal literatura salbatzeko. Negozioa egiteko dagoela, alegia. Ez nahastu.
Bai Iñakito, badakit negozioa egiteko dagoela, baina errespetua zor digu euskaldunoi, edo hori da behintzat neri iruditzen zaidana.
Beharbada inuxenteegia izango naiz gauzak beste modu batera izan daitezkeela pentsatzen dudalako, baina horrelakoa naiz eta hori ez du inork aldatuko iada.
Gauza bat besterik ez daukat argi: liburuak (eta diskak eta argazki kamerak eta mugikorrak eta telebistak eta pelikulak eta…) beste edonon erosiko ditut.
Niri berdin-berdina gertatu zitzaidan, ni ere jo ta ma gelditu nintzen “euskal literatura” zioen apaltxoaren aurrean. Amorruaren amorruz, informazioko tipoarengana jo nuen, euskaraz: “Aizu, barkatu, non dago euskal literatura?” “Ba, daukagun guztia hor atzean dago.” erantzun zidan euskara zuenean. Eta nik: “Zer, HORI BAKARRIK?”
Ez dakit metodorik zuzenena den, baina nik uste dut tipoa apur bat lotsatu egin zela…
iñakito, orduan ingeleseszko eta frantsesezko liburuak gehiago saltzen al dira?? ba nik ez dut uste….
FNAC Donostian zabaldu zenean -ustez behintzat- idatzi gabeko hitzarmen bat egin zuen beste kateekin, haien eremua ez zapaltzeko.
Horren arabera, euskal produkzioaren “monopolioa” ELKAR-I uzten zitzaion (hor ere euskarak ez du tokirik pribilegiatuena, Donostiako dendan behintzat) eta liburu espezializatuak eta bestelakoak Donostian geratu diren liburudenda txiki apurrei.
Ez dakit frantsesez eta ingelesez gehiago saltzen den, baina Fermin Calbeton kalean, garai batean BILINTX zen hartan, bidaia-liburuak eta atzerriko hizkuntzetan egindako liburuak baino ez dira saltzen. Euskarak ez du hain eskaparate ona Donostiako Alde Zaharrean. Begiratu, bestela, ELKAR megadendaren erakuslehioa.