Lapur banden etika nazioartean (Asier Blas)
Lapur banden etika nazioartean
Argian argitaratutako Asier Blasen iritzi artikulua dakargu.
Lapur banden etika nazioartean
…
Joseba Sarrionandiak eman duen azkeneko elkarrizketan azaldu duenez, kapitalismoa lapur banden etikaren gainean eraikia da: “Bandaren etikak hazkunde ekonomikoa bultzatzen duelakoan. Eta okerrena da egia dela, zeren Libiako suntsidura, esate baterako, enpresa amerikano eta europarrentzat aukera ederra da hazkunderako, eta lanpostuak sortzeko, esaten duten bezala”.
Gerra negozioa da. Nazioarteko legedia hautsiz, 1999an Jugoslaviaren aurka NATOk egin zuen erasoan, eskolak, erietxeak eta Txinako enbaxada atakatu zituen. Bonbardaketa humanitarioak (sic). Terroristek Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoan hamabi pertsona erail ostean, elkartasuna zabaldu zen Mendebalde osoan. Aldiz, 1999an NATOk Serbiako Telebistaren egoitza bonbardatu eta hamasei hildako eragin zituenean ez zen terrorismoaz hitz egin, ez elkartasun uholderik sortu Mendebaldean. NATOren zerbitzura zeuden hedabide hegemonikoek sortu zuten marko interpretatiboaren arabera, serbiarrak besteak ziren, eta beraz, konkistatuak eta kolonizatuak izan behar zituzten barbaroak izateari utz ziezaioten.
NATOk zubiak suntsitu zituen Jugoslavian, elektrizitate sarea bonbardatu zuen, milioika pertsona urik eta ogirik gabe utziz. Porlan faktoriak, petrolio industriak, Yugo auto fabrika eta telekomunikazio sistemak bonbardatu eta suntsitu zituen ere bai. Niš-eko tabako fabrika hiru aldiz jo zuten bonbek. Ondoren, AEBetako Philip Morris tabako konpainiak erosi zituen lantokiaren hondarrak prezio ezin merkeagoan, izan ere, bonbardaketek baliabide nazionalen lapurreta burutzeko baldintzak sortzen dituzte.
Azpiegiturak suntsitzen dira, ondoren berreraiki behar izateko. Baina, suntsituta dagoen herrialdeak ez ditu baliabideak berreraikitze lanak egiteko. Irtenbide bakarra da nazioartean maileguak bilatzea. Diru hori mendebaldetik ateratzen da mendebaldeko enpresa pribatuetara bueltatzeko eta obrak egiteko.
Azpiegiturak suntsitzen dira, ondoren berreraiki behar izateko. Baina, suntsituta dagoen herrialdeak ez ditu baliabideak berreraikitze lanak egiteko. Irtenbide bakarra da nazioartean maileguak bilatzea. Diru hori mendebaldetik ateratzen da mendebaldeko enpresa pribatuetara bueltatzeko eta obrak egiteko. Azkenean etxea puskatu dizutenek zure etxearen parte bat hartuko dute beraientzat, eta beste parte bat berregiteagatik kobratu egingo dizute. Herrialdeak soberania galtzen du zorpetuz gero.
Mendebaldean ordea, pentsatu nahi dugu, esku-hartze militarrak egiten ditugula herrialde horietako giza eskubideen alde. Horretarako, gobernuek iritzi publikoa engainatu egiten dute eraso egin nahi duten gobernua demoniatuz eta bere aurkako gezurrak eta froga faltsuak aurkeztuz. Mendebaldeak azkeneko hamarkadetan esku-hartze militarrak egiteko fabrikatu eta faltsifikatu dituen proben zerrenda amaigabea da. 2003ko Irakeko gerra eta inbasioa justifikatzeko gezurrak entzutetsuak izan ziren, halere, ez dugu ikasten. Zortzi urte beranduago jokaldi berdina egin ziguten Libiarekin, eta orain Siriarekin egiten dute berriz ere.
Erresuma Batuko Komunen Ganbarako Kanpo Harremanetarako batzordeak Libiako gerrari buruzko txosten bat argitaratu zuen 2016ko irailaren 14an. Bertan argi esaten da Muamar el Gadafiren aurkako altxamendua biolentoa eta armatua izan zela, kanpotik elikatua eta finantzatua. Dokumentuak azpimarratu egiten du Gadafik ez zuela masakre bat planifikatu, nahiz eta Mendebaldeak behin eta berriro bertsio hori defendatu zuen esku-hartze “humanitarioa” justifikatzeko. Aldiz, txostenak dio NATOko esku-hartzearen benetako interesak ekonomikoak eta politikoak izan zirela, eta horren ondorioak lazgarriak izan direla Libiarentzat eta eskualdearentzat. Desastre humanitario bat gertatu da, herrialdea suntsituta dago eta muturreko islamismoa harrotuta dabil hasieratik Mendebaldeak elementu hori gutxietsi zuelako. Baina antza, berdin dio, izan ere, Sarrionandiak dioen bezala, horrela hazten eta aberasten da gure ekonomia.