Dena prest 51. ediziorako
-
Aurtengoa azken 28 urteetako Azoka goiztiarrena izango da: abenduaren 2an hasi eta 6an amaituko da.
-
Bisitariak 349 nobedade, 246 erakustoki eta 200 ekitalditik gora izango ditu euskal kulturaz gozatzeko.
-
Euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin duten inurriak omenduko ditu Argizaiola sariarekin.
…
Inoiz baino lehenago eta nobedadez josita. Hala helduko zaigu Durangoko Azokako 51. edizioa. Aurtengo kulturaren plaza ez da iazko urteurren borobilaren itzalean geratuko. Datuak begiratzea besterik ez dugu horretarako: 349 nobedade, 246 erakusleiho, 200 kultur ekitaldi baino gehiago. Denontzat izango dugu plana Azokak, topatu zurea!
Kulturaren plazara gerturatzen diren lagunek, bost egunez (abenduaren 2tik 6ra, ohikoa baino lehenago hasi, eta ohikoa baino lehenago amaituko da), 200 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta abar. Hori guztia, 700 metroren barruan eta bost minutuko distantzian.
Nerea Mujikak gaur, azaroak 16, prentsaurrekoan azaldu duenez, dena prest dago jada aste bi barru Durango kultur hiriburu bihurtzeko: “Zuek etorri, guk prest izango dugu dena. Erakustokiak kultur produktuz gainezka izango ditugu, dozenaka talde arituko dira taula gainean, hamarnaka proiektu digital, ikus-entzunezko pieza eta antzezlan ezagutzeko aukera izango dugu”.
Plateruena Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan, Azokako guneetako arduradunek ere parte hartu dute: Esther Soto (Areto Nagusia), Oihane Agirre (Azoka TB), Lutxo Egia (Ahotsenea), Gorka Julio (Kabi@), Johana Etxebarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Itziar Elias (Szenatokia) eta Goiatz Pelaez (Plateruena). Gaurko aurkezpena aurtengo nobedadeez inguratuta egin dute. Izan ere, 51. edizioak iazko azokak lortutako marka parekatzea lortu du.
>>> EGITARAUA OSORIK ETA EGUNEZ EGUN IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN
…
Azokako partaideen zabalkunde lanen aurkezpenek eta Gogoetaren Plazako solasaldi eta mahai-inguruek osatzen dute Areto Nagusiaren programazioa. Zabalkunde lanei dagokienez, guztira, 45 aurkezpen edukiko ditugu, denetarikoak: Lehenengo Mundu Gerrari buruzkoak, hizkuntzaren ingurukoak, futbolaren gainekoak etabar interesgarri bat. Begiratu programan, ziur gaude zuen gustuko gaiak aurkituko dituzuela.
Gogoetaren Plazak berriz, hirugarren urtez, kulturgintzaren hausnarketak eta eztabaidak Azokaren bihotzera eramango ditu. Aurten lau izango dira Gogoetaren Plazan arratsaldez landuko diren gaiak: abenduaren 3an “Andrazkoek plazan” duten ikusgarritasunaren inguruan jardungo gara, abenduaren 4ean ondareaz mintzatuko gara, abenduaren 5ean kultur edukiontziak kudeatzeko moduez arituko gara (goi mailako kultur zentroez, arte erresidentziez…) eta azken egunean, abenduaren 6an, telebista eredua izango dugu eztabaidagai. Egunero kazetari ezberdin batek gidatuko ditu saioak: goizero buruz buruko bana eta arratsaldero mahai-inguruak.
Urtero bezala Ahotseneak 2016ko diskoen eta liburuen aurkezpenak hartuko ditu. Zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dute beren lana kontzertu formatuan. Solasaldien gunean, aldiz, 50 sortzailek baino gehiagok egingo dute (idazleak gehienbat, baina baita musikari zenbait ere), hainbat formatutan: solasaldia, mahaingurua, errezitaldia, ikuskizuna, emanaldi akustikoa…
Eta betiko lez, bide luzeko sortzaileak sortzaile hasiberriekin konpartituko dute eszenatokia. Gatibu, Kokein, Revolta Permanent, Labrit, edo Etxerekin batera, Kohatu, Zazkel, Rukula, Magnetico Grupo Robot edo Errime jardungo dira. Eta berdin idazleak. Ahotseneatik pasako dira aurten hamaika idazle: Arantxa Urretabizkaia, Asier Serrano, Aitziber Etxeberria, Kirmen Uribe, Miren Gorrotxategi, Patxi Larrion, Mariasun Landa…
Iparraldetik hainbat egile etorriko zaizkigu. Zuzenekoetan: Tristtan Mourguy, Xabaltx, Otxalde, Arramazka, Bidaia, Begiz-Begi, Pier Paul Berzaitz… Eta idazleak: Erich Dicharry, Amaiur Blasco..
Aurreko urteekin alderatuta, AHOTSENEA hazi egin da. 2013ra arte 55 sortzaile har zitzakeen guztira. Aurten, 120 aurkezpen baino gehiago izango ditugu. Zuzenekoen karpari dagokionez, orain arteko orubean etxebizitzak eraikitzen hasiak dira, eta Ahotsenea Landako alboko parkera mugituko da.
Irudimenez betetako lekua da Saguganbara. Euskal kulturaren transmisiorako gunea, hizkuntzarekin jolas egitekoa. Ideia horren bueltan, egitarau anitza eta oparoa prestatu dugu edizio berri honetarako. Programazioa, ikasleentzako tailerrek, ikuskizunek, ipuin kontaketek, aurkezpenek, ikusgarri musikalek, sormen tailerrek… osatuko dute.
Guztien artean, batean jartzekotan azpimarra, Talentue plazara! egitasmoa aipatuko nuke. Aurtengo nobedadea nagusia izateaz gain, Saguganbararen azken denborako helburu batekin bat egingo du: haur eta gazteak bihurtzea protagonista eta eurak jartzea sormenaren erdigunean. Ildo horretatik, diziplina artistiko ezberdinetan aritzen diren ume eta gaztetxoei lekua egingo diegu eszenatokian. Aurten Durangaldeko 4 talde gonbidatu ditugu; antzerki eta musika esparrutako talde bana, euskara ikasleak eta dantza taldea.
Programazio honetaz guztiaz gain, egunean zehar eta batez ere eguerditan irakurketa librerako tartea egongo da. Bertan, Haur eta Gazte literaturan aurten argitaratutako liburuak eta iazko gomendagarriak egongo dira eskuragarri. Era berean, aurten argitaratutako euskarazko mahai jolas eta jostailuekin aritzeko aukera egongo da. Honen harira, familia eta hezitzaileei zuzendutako tailerra antolatu dugu, jostailu egokiaren aukeraketa egiteko tresnak eskaintzeko.
Kafe edo mokaduren bat ahoratuz sortzaile eta bisitarien topaleku izateaz gain, kontzertu handienak ere Plateruenan izaten dira, Landako zarratu eta gero. Abenduaren 2an Willis Drummondekin hasiko da aurtengo programazioa, 3an Zea Mays taldeak joko du, 4an Hesian izango dugu gurean eta 5ean Skakeitan ariko da. Sarrerak Plateruenaren webgunean eta txarteldegian dituzue salgai. Programazioa doako kontzertu batek itxiko du, Bide Ertzean taldearenak, abenduaren 6an.
Seigarren urtez jarraian, hemen dugu Irudienea bueltan. Euskal ikus-entzunezkoen aretoa da Irudienea, baina ez da areto soil bat, elkargune bat da: jakintza kolektiboa partekatzeko, gure herria eta kultura ezagutzeko, eta batez ere, euskal sortzaileek beraien lanak proiektatzeko gunea.
Ikus entzunezkoen unibertso anitza izango dugu ikusgai aurtengo Irudienean, film luze eta laburrak, fikzio-esperimentalak, dokumentalak, haurrentzako zinema, mahai inguruak, solasaldiak eta tailerrak. Ikus entzunezkoen mundua proiekzio huts batetik harago joateko helburuarekin antolaturiko programazioa.
Programazioari dagokionez:
- Luzeen atalean: Igelak filmaren estreinaldia edukiko dugu, zuzendari eta aktoreek aurkeztuta. Argi (Iratxe Mediavillaren) opera prima, crowdfunding bidez ekoiztua. Sipo phantasma filma esperimentala.
- Dokumentalen atalean: Jotamentala, euskal dantzen ingurukoa. Gutik Zura, egurrak eta euskal basoen ingurukoa. Irrintziaren Oihartzunak dokumentalaren estreinaldia ere izango dugu, Iratxe Fresnedaren azken ikus-entzunezkoa, Mirentxu Loyarten lanean oinarritua. Eta beste ugari: Euskal balezaleen triskantza, Neskatoak, Akabuko martxea.
- Tailerrak aldiz, ikasle egunean ospatuko dira, goizez “Marrazki bizidunak” egiteko tailerra egingo da, eta arratsaldez helduentzat, “Bikoizketa tailerra”.
- Mahai inguru eta solasaldiei dagokionez: hiru antolatu dira aurtengoan: “Bertsoaren aukera – eta ezinak ikus entzunezkoetan” Bertsozale Elkarteko kideekin. “Euskarazko zinemaren sorkuntza eta kontsumoa” Zinea.eus plataformarekin eta azkenik, “Euskal Zinemagintza Iparraldean” Euskal Kultur Erakundearekin koordinazioan.
- Azpimarratu nahi dugu, Irudienea ez litzateke posible izango hainbat eta hainbat eragileren arteko koordinaziorik gabe, Euskal Herriak asko eta anitzak baitira ikus entzunezkoen munduan gogor lanean diharduten eragileak.
- Haurrei begira, hiru filma proiektatuko dira, adin tarte ezberdinei zuzendua.
- Horrez gain, film laburrak ere izango ditugu: “Aitxitxe, Beti bezperako koplak”, Maialen Lujanbioren testu baten oinarritua eta 20 kidek elkarlanean sorturiko sorkuntza lan izugarria, Gure Hormak, Hileta, Ihesa, Euspot lehiaketako azken urteetako laburrik esanguratsuenak.
- Eta bukatzeko berrargitalpen bat, “Ikuska. Ezina ekinez egina”. 1979-1984 urteen artean garatu zen egitasmoa, euskal zinemagintza nazional bat sortzeko lehen proiektua.
- Honetaz guztiaz gain, azken urteetan bezala, Kameratoia lehiaketa ere izango dugu Irudienean. 12. edizioa dugu aurtengoa eta beste urteetan bezala, sorkuntza, lagunartea eta euskarazko lanen sustatzea helburu izanik, hainbat talde izango ditugu, buru belarri lanean abenduaren 3tik 6ra bitarte.
Topagunea arduratzen da, Zugaza zineman gorpuzten den Irudienearen koordinazio lanez.
Arte eszenikoen gune da, eta beraz, antzerkigile, antzezle eta antzerki zaleen topalekua. Szenatokian hiru plater nagusi izango ditugu aurtengo programazioan. Batetik, Xake produkzioen Mami Lebrun antzezlana izango dugu abenduaren 4an. Hurrengo egunean, antzerki maratoia egingo da goiz eta arratsalde. Urterik urte arrakastaz handiagoa egiten den antzerki maratoian zortzi antzerki taldek euren azken lanaren zati bat taularatuko dute eta gero publikoarekin iritziak elkartrukatzeko tartea izango da. Azken egunean, abenduaren 6an Francoren bilobari gutuna antzezlanarekin gozatzeko aukera izango dugu. Bi emanaldi izango ditugu gainera; goizez eta arratsaldez.
Horrez gain, Ikasle Egunean proposamen koreografikoen tailerra izango da ikasleentzat eta Gauen argi gala ere bertan egingo da.
Beste urte betez San Agustin bihurtuko da arte eszenikoen plaza Azoka egunetan, eta EHAZE eta San Agustin Kulturgunea bera egongo da programazioa osatzen.
Kabi@ kultura eta eduki libreen gunea da, kultura digitalaren eremuko sortzaile, enpresa, web garatzaile eta ekintzaileen topaleku. Iazko moduan, Areto Nagusi ondoan egongo gara kabi itxurako domo geodesiko batean. Egunero goiburu ezberdin baten bueltan egituratu ditugu aurkezpen, solasaldi eta mahai-inguruak.
Abenduaren 2an, esaterako, gazteekin robotikaren mundua landuko dugu, eta helduekin, Wikipedian editatzeko jarraibideak emango ditugu.
Abenduaren 3an, bideo-jokoak izango dira eguneko protagonistak. Gamerauntsia komunitatearen eskutik, euskarazko bideojokoen eskaintzaren zati bat ikusi eta hauetaz gozatzeko aukera edukiko dugu.
Hurrengo egunean, berriz, “Sortzaileak eta komunikazioa” izango ditugu ardatz. Besteak beste, dokumentazio atarien edota Euskal Herrian egindako webdoc-en esperientzia ezagutuko ditugu. Eguna amaitzeko euskal marrazkilarien topagune bihurtuko da Kabi@, Marrazkeraz ekimenari esker.
Abenduaren 5ean, garapena eta euskara izango dira enborrezko gaiak. Hizkuntz eskubideen inguruko plataforma eta Ondarroako herri hizkeraren gaineko aplikazioa izango dira Kabi@n aurkeztuko diren batzuk.
Amaitzeko, azken eguna, abenduak 6a, komunitatearen eguna izango da. Librezale talde irekiak maratoia egingo du, Libreoffice ofimatika paketearen laguntza webgunea euskaratzeko. Eta aurtengo Kabi@ren programazioa amaitzeko, sare sozialen inguruan hitz egingo dugu, zuzenbidearen ikuspuntutik: Zeintzuk dira betebeharrak? Eta zeintzuk, arau hauste nagusiak?
Ikusten duzuen moduan esperientzia eta proiektu ezberdinen berri emateaz gain, euskal komunitate digitalean ekarpenak egiteko baliatu nahi dugu Azoka. Bosgarren urteurrena beteko dugu aurten ahalegin horretan.
Azokak irauten duen egunetan eta ordutegian emisio jarraitua eskainiko du euskarazko tokiko telebistetan (eta streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunetik). Hala, bost egunez martxan izango den kanal tematikoa izango da honakoa, Euskal kulturaren gaineko edukiekin osatua % 100ean.
Landakon bertan platoa izango dugu eta hainbat saio eskainiko ditugu bertatik zuzenean, horien artean daude Amaia DJ edota Azokan Gaur magazineak.
Gauzak horrela, Azoka Telebistari esker, Azokan gertatzen dena zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango da edozein tokitatik, eta Durangotik harago hedatuko dugu Azoka.
…