Sarriren erretratua
Sarriren erretratua
Sarriren gaurko aurpegia ikusi dudanean, zirrara sentitu dut benetan, zirrara atsegina, arinduta sentitu naiz. Sarri zahar-berri honek Sarri gazte-zahar haren begirada ekarri dit, tartean denbora baizik igaro ez balitz bezala, argazkiz argazki zahartzen ikusi izan bagenu bezala. Besteentzako normaltasun berberaz. Irribarre abegikor eta herabeti hura berriz ere.
Harra izan dut barruan aspaldidanik Sarriren itxura zela eta. Ezin dut arrazoirik argitu, arrazoi argirik ez dudalako. Orain ari naiz hausnartzen, zirrara ulertu nahian.
Kontua da kezka neukala Sarriren itxura, beste askok bezala, nik uste. Baliteke psikologoren batek behar hori ondo azaltzea, ea zergatik dugun halako beharrik inoiz ariman koxka egin digutenen aurpegiak gaurkotzeko.
Baina nik ez dut Sarri ezagutu, ez dut hurbil izan, ez da nire laguna izan. Halere, zaharraren aurpegian lagun zaharra ezagutu izan banu adinako zirrara. Buruaren mekanismoak bestelakoa behar du izan hemen.
Sarri aspaldi bihurtu zen sinbolo eta ikur askorentzat, ia mito. Benetakoa ote zen? Non ote zebilen? Euskal Herri askatu batera itzuliko zen mitoa. Baina, horrez gain, kezka neukan nik bere itxura fisikoarekin. Dorian Gayren erretratuan bezala, gazte aurpegi alai eta argi hura endekatzen ikusi nuen urteotan, dena mina, dena errua, dena ezintasuna, dena bidegabekeria… inork ere ez zuelako koblakarik behar.
Beldur nintzen Sarriren erretratu gazte hura denon erretratu endekatua bihurtu ote zen. Baina Sarrik irribarre abegikor eta herabetiari eutsi dio, Giocondaren pare.