Igande goizeko galderak egunkarien aurrean
-Zer dauka igandetan El Paisek Euskal Herriarekin? Igandero Azpioleak bere artikulua oparitzen du, Rubalcabaren tesiekin edo bere ustez Ezker Abertzalearen eztabaidak hartu duen norabidearekin. Aste honetan oporrak izango zituen eta Basagoitiri elkarrizketa egin diote astekarian eta bizkartzainekin bizi diren zinegotzei buruzko erreportajea daukate barneko orrietan.
-Zer dauka igandetan Diario Vascok Gipuzkoako hondakinen bilketarekin? Astebururo-astebururo erraustegiaren aldeko eta Atez Ateko bilketaren aurkako notiziaren bat ateratzen du, Fernando Segura kazetariak idatzita gehienetan. Gaur Carlos Ormazabali egindako elkarrizketa argitaratu dute.
-Edozerk balio al du sozialisten aurka? Deiak sozialisten aurka daraman kanpaina tematia da gero. Gaur Artur Mas elkarrizketatzen dute Zapatero eta sozialisten kanpainari eusteko.
-Zer egin euskal arazoaz hitz egin ezin duzunean? Elkarrizketa interesgarriak argitaratu. Garak azken astetan, Antxon Lafont, Castells eta gaur Jose Angel Iribar elkarrizketatu ditu luze eta zabal.
-Zenbat saltzen du euskal gatazkak? El Paisen ildoari jarraituz, El Mundok ere, igandero igandero, polizia edo epaileen estoldetatik berriren bat argitaratzen du. Gaur epaileek Rafa Diezen amaren gaixotasunaren jarraipena egingo dutela, haren askatasuna zelatatzeko. Hainbeste saltzen al du euskal gatazkak igandero notiziak atera behar izateko?
Nahasi samar zabiltzala iruditzen zait, gaur Gara egunkariak Andoni Zubizarretari eginiko elkarrizketaz gain, 16. eta 17. orialdeetan gazte independentista batzuen atxiloketen inguruko erreportaia dakar, 18. eta 19.an Espainiako kartzeletan euskal preso politikoei bisitan joandakoek jasandako presioak aztertzen dituen erreportaia eta 20. Nafarroan Hamaika Bil Gaitezen elkarteak antolatutako EA, Ezker Abertzalea eta Aralaren arteko mahai inguru baten balorazioa. 5 orrialde osorik zuzenean euskal arazoarekin lotutakoak.