XXI. mendeko euskararen paradigma berria (Joseba Alvarez)

euskararen paradigma berria

Argiaren ataritik ekarri dugu iritzi artikulu hau.

euskararen paradigma berria

Duela lau urte, Bulebarreko Herri Harresiaren erdian, egoera politiko berriari nolako erantzuna eman behar genion hausnartzen hasi ginen, bai edukien aldetik, baita formen aldetik ere. Urtebete beranduago I. Libre Topaketak antolatu genituen Bulebarrean bertan eta Lurralde Askea komunitate desobedientea sortzera eramango gintuen prozesuari hasiera eman genion. Eta horretan aritu gara azken bi urteotan.

euskararen paradigma berriaHonela dio Lurralde Askearen filosofia edota gogoeta barne biltzen dituen lanak bere sarreran: “Gaur egungo erresistentzia moldeek, bizitzeko beste era batzuk eskatzen dituzte, eta horretarako ondo aztertu behar dugu zein diren gure benetako beharrak eta habitata partekatzeko behar sozialak. Birplanteatu egin behar dugu hori guztia. Klase menderatzaileak kritikatzen ditugu, baina beste alde batera begiratzen dugu haien proiektu berean erortzen garenean, eta krisiak min egiten duenean soilik konturatzen gara gure akatsaz. Ez dugu onartzen gure bizimodua bera dela sistema elikatzen duena. Ez gara hori onartzera ausartzen. Inork ez digu irakatsi nola kontsumitzen den era arduratsuan, nola izan gaitezkeen zoriontsuak gauza gutxiagorekin, nola lor dezakegun hainbeste bitartekaririk gabe parte hartzea, nola ez izan matxistak, nola jan osasuntsu eta burujabe, nola izan solidarioak eta eskuzabalak, nola hainbanatu aberastasuna, gure eguneroko bizitzan nola eman garrantzia euskarari, tokian tokikoari, txikia denari. Inork ez digu irakatsi ondo bizitzeko ez dugula espekulatu beharrik edo inor esplotatu beharrik”.

“Konpromiso pertsonaletik abiatuz -eta hauek kolektibizatuz- haien paradigmetatik aldentzea proposatzen dugu, paradigma zaharra baztertzea. Konpromiso pertsonal horiek kolektibizatzen ditugunean, erresistentzia zibil bihurtuko ditugu. Kooperaziorik eza antolatuko duen errebeldia bat proposatzen dugu, ohitura txarrei desobedientzia eginez, ohitura eta praktika egokiez jabetzea. Ohitura positiboetatik jarduten badugu, gero eta zailagoa izango da sistemak inposaturiko ohitura negatiboak praktikatzea. Aurrea hartuko diogu basakeriari. Gaur bertan askatuko gara. Eremu askeak –Lurralde Askea- edo sistematik eta gaur egungo estatutik askatutako eremu disidenteak sortuko ditugu eta hortik eboluzionatzen joango gara. Bizitzeko erak aldatuko ditugu, gobernatzeko erak aldatzeko. Kontsumitzeko erak aldatuko ditugu, ekoizteko erak aldatzeko. Hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, hizkuntza portaerak aldatu eta euskara normalizatzeko. Gure eguneroko praktika negatiboak aldatuko ditugu praktika positiboak indartzeko. Baimenik eskatzen ez duen benetako aldaketa izango da eta metatze prozesu gisa iritsiko da, ez bukaerako gertaera gisa. Izan ere, ezin itzulizko aldaketa kultura berri batetik soilik etorriko da eraldaketa, atxikimendu gogoetatsutik eta herritarren erresistentziatik soilik etor daiteke iraulketa soziala” eta, gai honetan, euskararen normalizazioa. Horrelakoa da Lurralde Askea komunitate desobedientearen filosofia.

Joseba Sarrionaindiaren azken liburuko -“Lapur banden etika ala politika”- aipamena azpimarratuz ekingo diogu euskararen paradigma berriaren zehaztapenari. Honelakoa da Sarrionaindiak aipatzen duena: ”Hizkuntza behetik gora datorren zerbait da, eta estatua, berriz, goitik behera ezartzen den zerbait”. Baina nolakoa izan da euskararen paradigma honen bilakaera historikoa?

Hego Euskal Herrian frankismo garaian nagusiki ezker abertzalearen eskutik sortu zen abertzaletasun berriak eta modernoak, euskara eta euskal kultura askapen mugimenduaren muinean jarri zituen, laikotasunarekin eta sozialismoarekin batera. Gauzak horrela, garai hartako euskararen paradigmaren ardatz nagusiak bi izan ziren: euskararen irakaskuntzaren aldeko lana, batetik (ikastolak, gau eskolak eta UEU, adibidez), eta herrigintzaren aldeko apustu argia bestetik (euskara eta euskal kulturaren aldeko mugimendu sozial indartsua). Hori zen Sarrionaindiak aipatzen duen behetik gorako ekarpena egiteko bide bakarra, goitik behera zetorren gauza bakarra, euskara eta euskal kulturaren bazterketa baitzen. Diktadura garaian euskararen erabilera soziala indartzea ezin zitekeen izan hizkuntza paradigmaren ardatzetako bat, ez baitzegoen horretarako inolako aukerarik.

Gauzak horrela, euskara eta euskal kulturaren aldeko herri mugimendua, mugimendu sozial desobediente erraldoia bilakatu zen diktaduraren garaian Euskal Herrian. AEKren sorrera ekarriko zuen Gau Eskolen Mugimendua, Ikastolen sorreraren aldeko mugimendua, Ez dok Amairu mugimendua, UEU, Durangoko Azoka… Sistemaren aurka, askatasunetik emaniko urrats eraikitzaileak izan ziren guztiak. Urte haietan euskararen paradigmaren erdia, behetik gorakoa, ondo bete zen, baina bidearen beste erdia falta zen, goitik beherakoa.

Eta Franco hil zenean, aurreko fasean erren geratu zen euskararen paradigma osatzeko aukera zabaldu zen, hau da, euskara eta euskal kulturaren aldeko herri mugimendu desobediente zabalaren behetik gorako lana, goitik beherako lanaren bidez, “estatuaren” bidez, edota estatutu autonomikoen bidez, osatzen hasteko aukera zabaldu zen, indar politikoen legalizazioarekin, instituzioen demokratizazioarekin, marko juridiko berriekin, euskararen koofizialtasunarekin…

Tamalez euskararen paradigma ez zen osatzerik izan, trantsizio politikoak, euskara eta euskal kultura erdigunetik baztertu eta marko legalaren eta eredu instituzionalaren defentsa prozesuaren muinean jarri zituelako. Eta, bestetik, sortutako instituzio berriek euskalgintzan hegemonikoa zen herrigintzarekin zuzendaritza konpartitu beharrean, euskalduntze prozesuaren lidergoa eta kontrola eskuratzeko eta herrigintzak zuen hegemonia lapurtzeko, dinamika politiko oker eta partidistari ekin ziotelako. Giro horretan zen EHE taldea, paradigma politiko berriaren erdian euskararen erabilerak zentralitate osoa izan zezan aldarrikatzeko eta euskarak bizi zuen bazterketa berria salatzeko.

Tamalez, bi hamarkadatan borroka amaigabea zabaldu zuten instituzioek euskalgintzaren zuzendaritzaren kontrolaz jabetzeko. AEK-HABE, ikastolak-eskola publikoa, herri euskaltegiak-Udal euskaltegiak; UEU-UPVa Ikastaroak… dikotomiak sortuz, elikatuz eta diru laguntza politika zuzenduaren bidez, euskalgintzaren eta euskal kulturaren profesionalizazio interesatua eta domestikatua bultzatuz, euskaldunon egunkaria eta euskal prentsaren inguruan izaniko jarrera lotsagarria… Ondorioz, goitik behera, instituzioek beren diskurtsoa zein errelatoa inposatu zituzten eta euskalgintzan bere tokia egitea lortu zuten, euskalgintza herritarrari bere hegemonia kenduz… Baina nolako prezioan: euskalgintza osoa krisialdian murgilduz eta Euskararen Paradigma aplikatzeko aukera betirako galduz.

euskararen paradigma berria

Eta orain zer?

Duela 25 urte baino hobeto gaudela esan berri du Baztarrikak IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza aitortuetan oinarrituz… Hori bakarrik falta zen. Gauza ez da hobera egin dugun ala ez, baizik eta azken urtetako tendentziek zer iragartzen duten eta iragartzen dutena KRISIALDIA DA. Euskarak eta euskal kulturak aurrera egin dute urteotan, baina gero eta motelago, gero eta apalago, gero eta indargabetuago… Ekonomiaren nagusi eta agintariek esan ohi dute krisialdi ekonomikoan langileek eta sindikatuek ere ardurak dituztela, baina ebidentea da ez dutela bankuek krisialdi ekonomikoan duten duten ardura bera, aitortu nahi ez duten arren. Ba euskalgintzan ere gauza bera gertatzen da: egungo agintariek diote euskalgintzaren krisialdia ekarri duten gertakari horietan guztiok ardura izan dugula, baina ebidentea da guztiok ez dugu ardura bera izan, hauek ere aitortu nahi ez badute ere. Euskararen Paradigmak huts egin badu ez da nagusiki herrigintzarena jokabidearengatik izan, instituzioetan nagusi izan direnek izan duten jarrerarengatik baizik. Guk behetik gorako lana ondo bete dugu, beraiek ez. Hori da benetako errelatoa.

Gauzak horrela, krisialdiaren erdian, euskararen inguruan iritzi eta proposamen gero eta gehiago plazaratzen ari dira aspaldi honetan. Azkena, Estitxu Eizagirrerena: Elebakarrak akabatuta, euskaraz aske direnak, kontzienteak, ideologizatuak, politizatuak, dira orain zentro. Erakundeentzat ez dakit, niretzat argi dago”  esan du Argiako zuzendariak. Miren Amurizak ere, bere aldetik, zera dio, “bat nator ahalduntzearen ideiarekin; biktimismoa albo batera utzi eta indartu egin behar dugu, baikorrak izan”. Lorea Agirrek, berriz, feminismoak bidea erakutsi digula dio, “emakumeei zor zaizkie mila gauza, baina ez zaizkie emango ez badute plaza publikoan jarrera bat hartzen, berdin ekologismoarekin, berdin etorkinekin, berdin langileen baldintzekin”, eta nola ez, berdin euskararekin diogu guk. Joxe Azurmendik, arazo politikoa dela, elkarbizitza mailakoa eta justizia soziala dela eskatzen duguna idatzi zuen. Kike Amonarrizek nabarmentzen duenez aurrera pauso kualitatiboren bat eman ezean, atzera egiteko arriskua ikusten du, “ez soilik erabileran, baita jarrera eta motibazioan ere”. Bere ustez, hurrengo belaunaldian, hurrengo bi hamarkadetan, “jokatzen dugu Irlandarako bidea ala Europako hizkuntza normalizatuen bidea hartzen dugun”. Eta Koldo Izagirrek, “ezer ez da demokratikoa euskara hutsean egiten bada, gaztelaniaren eskutik bizi behar du”.

Hausnarketa hauek eta gehiago irakur daitezke, besteak beste, Koldo Izagirreren “Autopsiarako frogak” liburuan; David Anauten “Euskararen kate hautsiak” izenekoan; Argiako “Larrun 197an: Euskalgintza: berritu ala hil”; Martinez de Lunaren Framing berriari buruzko hausnarketa zabalean; Topaguneak landutako “Berrikasi eta berrikusi” dokumentuan; Udalekinen “Diskurtso berri baterantz” prestakuntza saioko aktan, edota Patxi Saezen “Elefantea ikusi” artikuluak zabaldu duen eztabaida mardulean.

Badago, beraz, EUSKARAREN PARADIGMA BERRIA osatzeko nahiko hausnarketa. Ez gara zerotik abiatzen eta iraganari uko egin gabe, aurrera egin behar dugu, ausardiaz.

euskararen paradigma berria euskararen paradigma berria

Lurralde Askearen proposamena: erabilera, konpromisoa eta komunitatea ardatz.

Lurralde Askeatik, euskaldunon hizkuntza komunitate ahaldundu, egituratu eta martxan jarri behar dugula pentsatzen dugu, euskararen aurkako politiken aurrean komunitate erresistentea izateko, euskararen aurkako legeen aurrean  komunitate desobedientea izateko eta, nola ez, euskaraz bizitzeko konpromiso irmoa duen komunitatea izateko, beharrezkoa denean ekintza zuzenera edota desobedientzia zibilera jotzeko beldurrik gabe. Bi hitzetan esanda, konfrontazioari beldurrik izango ez dion komunitate konprometitua artikulatu behar dugu. Hori izango da gure lurralde askea osatzeko bidea. Lorea Agirrek Korrikaren mezuan esan zuen moduan, “egiten duguna gara” eta egiten duguna izango gara. Bi hitzetan esanda, berreuskalduntzearen motorra ez dagokio euskalgintzari -ohiko zentsuan ulertuta-, euskal komunitateari baizik, euskaraz bizi den komunitate osoari.

euskararen paradigma berriaJoseba Sarrionaindiak dio, “euskal komunitateak, alderdien arteko zeingehiagoken menean egon gabe, subjektu gisa antolatu behar du bere burua, ezinikusi ideologiko eta oztopo politikoen gainetik, batez ere euskaraz eguneroko bizimodua egitea posible izan dadin, Euskararen erabilera komunitate horren ardura da batez ere. Ez abertzaleena, ez autoritate politikoena, baizik eta euskal hiztunen ardura eta obligazioa da euskara eraginkorra izatea beste planootan”. Baieztapen hau guztiz bat dator Lurralde Askean izan dugun hausnarketarekin. Etorkizunean euskararen normalizaziorako motorra, ez da euskalgintza izan behar, euskal komunitate artikulatua baizik. Eta euskal komunitatea, euskaraz bizitzeko konpromisoa pertsonala hartu dutenek osatzen dute. Erabakia pertsonala da, baina praktika kolektiboa da.

Eta, bestetik, Eduardo Galeanok zera adierazi digu, milaka lagunek, milaka tokitan, milaka gauza txikiak eginez helburu handiak lor ditzaketela. Guk, Lurralde Askeako kideok berdin pentsatzen dugu. Euskararen normalizazio prozesuan sistemak eta egoerak inposatzen dizkigun hamar hizkuntza ohitura txar, euskararen aldeko hamar hizkuntza praktika egokiez ordezkatuz, hizkuntza ordezkapen prozesua iraultzea proposatzen dugu. Erderekiko desobedientziak egingo gaitu euskaldun.

Hauek lirateke, gutxi gora behera, euskal komunitateak, bizi duen errealitate soziolinguistikora egokitu ondoren -ez dira euskararen konpromiso berak izango Maulen, Iruñean ala Bilbon, adibidez, guztiak euskararen aldekoak izango diren arren-, bereganatu eta bideratu beharko lituzkeenak modu organizatuan:

AUKERAK EGIKARITU

1. Guk/Nik elkarrizketa guztiak euskaraz hasteko eta, ulermenaren mugen baitan, euskaraz garatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu. Eta, euskararik ez badakit, edo alfabetatu gabea banaiz, ikasteko eta alfabetatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu.

2. Guk/Nik zerbitzua euskaraz eskaintzen duten tokietan kontsumitzeari lehentasuna emateko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu: dendetan, jatetxeetan, tabernetan, zerbitzuetan…

3. Guk/Nik euskaraz dauden, edota euskaraz etiketatzen diren edota Euskal Herrian egiten diren produktuen kontsumoari lehentasuna emateko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu.

4. Guk/Nik haurrak euskal ereduan eskolaratzeko eta gazteen mundua euskalduntzen laguntzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu, nagusiki aisialdia, kirola eta teknologia berriak landuz, gazteek beraien eguneroko bizitzan euskara normaltasunez txerta dezaten.

5. Guk/Nik edonolako karguetarako euskaraz dakiten pertsonak hautatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu, bai politikan, bai lan munduan, bai mundu publikoan eta baita mundu pribatuan ere.

6. Guk/Nik euskara hutsezko “arnasguneak” sortzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu, maila funtzionalean zein geografikoan, pertsonalean zein kolektiboan.

7. Guk/Nik Administrazio guztiekin nire harreman guztiak, ahoz zein idatziz, euskaraz garatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu, eta ezinezkoa denean, Hizkuntza Eskubideen Behatokian kexa jartzeko hitza ematen dut.

8. Guk/Nik beste hizkuntzen erabilerari uko egin gabe eta inor baztertu gabe, euskara nire/gure komunikazio hizkuntza nagusia bihurtzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu.

9. Guk/Nik euskararen alde antolatzen diren ekimen guztietan parte hartzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu eta ahal dudan neurrian, euskararen aldeko herri eragiletako batean kide bihurtzea.

10. Guk/Nik euskararen aldeko konpromiso hauek ezagutarazteko eta berauek onartzen dituzten pertsonak saretzen eta aktibatzen laguntzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu.

Ez dugu dudarik euskal komunitatea osatzen dugun 700.000 euskaldunok, sistemak inposaturiko hizkuntza ohitura txarren aurrean, desobedienteak izanez, euskararen aldeko konpromiso eta ohitura eta praktika egokiak bideratzen baditugu maila pertsonalean zein kolektiboan, Euskal Herria euskaldunduko duen olatua gera ezina izango dela. Horretan datza Sarrionaindiak aipatzen duen euskaldunon komunitatea egituratzeko arrazoi nagusia. Egitura dezagun euskaldunon komunitatea, izan gaitezen desobediente, egin dezagun behetik gorako bidea, goitik beherakoa behartzeko. BIZI GAITEZEN EUSKARAZ, EUSKARAZ GOBERNA GAITZATEN.

euskararen paradigma berria  euskararen paradigma berria euskararen paradigma berria euskararen paradigma berria euskararen paradigma berria euskararen paradigma berria

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

7 pentsamendu “XXI. mendeko euskararen paradigma berria (Joseba Alvarez)”-ri buruz

  • Instituzioek jarrera lotsagarria izan zuten, adibidez, Euskaldunon Egunkariarekin. Baina esanen nuke ez zela hura euskalgintzak jasandako kontrol-saiakera bakarra… Eta bai, artikuluak dioen bezala, ondorioak oso txarrak izan ziren.

  • Euskara da , bide bakarra.

  • Estatua da, bide bakarra.

  • “…beste hizkuntzen erabilerari uko egin gabe eta inor baztertu gabe…”

    Hortxe ikusten dut arazoaren gakoetarik bat. Euskaldunok jarrera hori pairatzen dugu etengabe, eta babesle ugari ditu. Horri men egiten ez dionari errespetu falta egozten zaio, gutxienean. Hasteko, geure burua konbentzitu behar dugu errespetua geuri ere zor zaigula, eta gure hizkuntzaren erabilerari uko egiten duenak, espainolez egitera behartzen gaituenak, begirunea galdu ez ezik, proiektu nazional espainolaren alde egiten duela.

  • Garretek arrazoi. “beste hizkuntzen erabilerari uko egin gabe eta inor baztertu gabe, euskara nire/gure komunikazio hizkuntza nagusia bihurtzeko konpromisoa hartzen dut/ dugu”…
    Zertara dator esaldiaren lehen zatia? Zergatik eskatu behar dugu etengabe barkamena euskaraz hitz egiteagatik? Eta are “komunikazio hizkuntza nagusia2 bilakatzeagatik?
    Bestalde, euskal komunitatea euskaraz ERE badakigun 700.000 euskal herritarrok osatzen dugu?
    Iruditzen zait, 700.000 horietatik erdiak baino gehiago erdal komunitateko kide direla praktikan, eta euskaraz badakitela, euretariko hainbatek ingelesa dakiten moduan. 100.000 desobediente antolatzea lortuko bagenu, olatua ederra litzateke zinez.
    Helburu lorgarriak eta egingarriak jartzen hasi beharko dugu noizbait, ezta?
    Adibidez, Sorturi eta EHBilduri, eska dakieke eredu desobedientea ematen has daitezen.
    Horrela hasi ohi dira olatuak sortzen…

  • Herri honek duen lehen arazo soziala bere arazo nazionala da: bere Estatuaren inbasioa, okupazioa, kolonizazioa eta zatiketa.
    http://hamabost.net/

  • Joseba Alvarezek Eusko Legebiltzarrean:

    “Eta hemen gauzak aurreratu direla begi-bistakoa da. Bakarrik falta genuen hogei urtetan aurrera ez egitea! Baina problema ez da hori, e? Problema da, Iñaki Larrañaga Siadeco-ko soziolinguista adituak esaten zuen bezala: “Aurreratu dela? Kontxo!, hori bakarrik falta zen! Problema ez da hori. Problema da noraino aurreratu dugun, inflexio-puntuan ote gauden ala ez, edo atzerabide bat gertatu daitekeen: hor dago eztabaida. Aurreratu den ala ez, hori da esatea frankismo garaian baino hobeto bizi garela. ¡Hombre, pues, claro! Baina hori ez da problema. Problema da nolako demokrazia daukagun; eta euskaldunon eskubideak zein puntutaraino dauden onartuta”. (18.10.2002)

    “Baina Iñaki Larrañagak esaten duen bezala, hemen eztabaida ez da aurreratu dugun ala ez, baizik eta non gauden aurreratu ondoren: minimoen gainetik edo minimoen azpitik. Eta Iñaki Larrañaga ez da izan behin ere erradikal horietako bat euskal soziolingüistikan, eta berak esan du: “Nik ez dut diskutitzen aurreratu dugun ala ez; ebidentea da aurreratu dugula. Beste gauza bat da esatea non gauden: minimoaren azpitik edo gainetik”. Orduan, nik uste dut hor dagoela tema, ez?” (27.10.2004)