Nahasmenaren erdian
Joxerra Bustilloren blogean irakurritakotik, funtsean ados nago berak dioenarekin: presa ez da lagun ona halako kontuetarako. Hau guztia zergatik diodan? ETAren agiriaren kontura hemen, ZuZeun, piztutako eztabaidagatik.
Bruselako adierazpenari erantzutea espero zuten askok, baina Brian Currin berak urtebeteko epea eman dio ETAri adierazpenaren bidean erantzuteko. Urtebeteko epea, asko ala gutxi da? Denboraren faktorea aipatzen zuen Imanol Murua Uriak bere larunbateko analisian.
Xabier Letonak, bere analisian ordea, ETAren erantzunaz ez du zalantzarik: “ETAren erantzuna denbora kontua da, bai ala bai, ez dago beste aukerarik.”
Currinen papera
Paul Riosek Argian esandakoek ere arreta piztu didate, Brian Currin honetan guztian jokatzen ari den paperaz ari denean: “Brian Currin ez da bitartekaria, prozesuan dauden zailtasunak errazten dituen pertsona baizik. Rol hori jokatu du lehenago eta orain ere ezker abertzalearekin arlo hori lantzen ari da. Estrategia bat ari da diseinatzen ezker abertzaleak prozesu demokratikoan baldintza berdinetan leku izan dezan. Hori da bere lana. Ezker abertzaleak dituen arazoak antzeman ditu. Espainiako Gobernuaren aldetiko keinu baikorrak lortzeko bideak ere ari da lantzen, gatazka eraldatzeko beharrezkoak izan daitezkeen urratsak ematen lagundu nahi du. Hitz bitan, ezker abertzalearentzako baldintza egokiak finkatu nahi ditu etorkizuneko prozesuari ekiteko.”
Riosen arabera, Currin ezker abertzaleari lana errazteko badago hemen, logikoa litzateke ezker abertzaleak (guztiak) zentzu berean erantzutea.
Bruselako adierazpena
Bruselako adierazpenari erantzun baikorra eman zion ezker abertzaleak. Atzo publiko egindako prentsa oharrean ere, prozesua atzeraezina zela zioen, eta atzerazina baldin bada, atzera pausorik ez duela onartuko pentsa daiteke. Espainiako gobernuak eta PSE-PPk ez diote abegi onik egin beren aldetik deialdiari. ETAk ere, gorago aipatu bezala, ez dio erantzun garbirik eman.
Zer bide egin dezake aldeen babesik ez duen adierazpenak? Espainiako hedabideen isiltasuna ere adierazgarria izan da Bruselako adierazpenari dagokionean.
Eta Europan? Adierazpena Bruselan eta ingelesez eginda, izan al zuen oihartzunik? Zertan lagun lezake Europak?
Sinatzaileen pisua eta izena ikusirik, ezin du alferrekoa izan.
Aberri Eguna, GaztEHerria…
Bustilloren blogeko postera itzuliz, Independentistak sarearen abiapuntua eta GaztEHerriaren sorrerak joka dezaketen papera ikusteko dago. Epe laburrera Espainiako gobernuak eta justiziak ez du orain arteko bidetik ateratzeko asmorik duenik ematen. Ze arnas eta aukera utziko dizkio horrek ezker abertzaleari?
ETAk ere erantzun beharra dauka. Baina haseran aipatu bezala, denbora kontua besterik ez dirudi, azken agirian kontuan hartuko zuela iragartzen baitzuen. Bustillok, bitartean, apunte interesgarri bat uzten du: “En cuanto a la actitud de ETA, tan criticada en algunos foros, por no contestar con más claridad a los llamamientos a un alto el fuego, lo cierto es que lleva unos cuantos meses sin actuar. Es verdad que cerca de París acabó con la vida de un gendarme, pero la organización clandestina ha explicado que no tenía intención alguna de hacerlo. Se puede creer o no su versión, pero queda claro que políticamente ETA está guardando una especie de alto el fuego de facto, no declarado. Y eso debe ser valorado en su justo término.”
Denbora kontua ote da dena? Etorkizunak esango du.