Menpekotasunean hezi
Menpekotasunean hezi
I. EUSKAL EREDUKO IKASTETXEKO GURASOEN BATZARRA
Menpekotasun-hezkuntza eskolatik bertatik hasten da.
Agurra eta esaldi batzuk tarteka, euskaraz. Bestela, bilera goitik behera erdaraz doa.
Mezua aratza da: hemen denok dakigu erdaraz, beraz ez dugu astirik galduko euskaraz egiten.
Erdaldunek jasotzen duten zeharkako mezua:
lasai egon. Ez kezkatu. Ez duzue zertan euskara ikasi. Behar beste makurtuko gara euskaldunok, erdaldunak ez zaitezten deseroso egon.
Euskaldunok jasotzen duguna:
euskara bigarren mailako hizkuntza da. Etxerakoa kasurik onenean. Ez ditzagun erdaldunak deseroso sentiarazi. Hemendik kanpora, intimitatean, zakurrarekin edota haur txikiekin izango duzue euskaraz jarduteko aukera (edo ez…).
Batzuen eta besteon haurrek jasotzen dutena: Euskarak ez du ezertarako balio. Hemen erdara da hizkuntza “noranahikoa”.
Beraz, zer arraiotarako matrikulatzen ditugu haurrok erabiliko ez duten hizkuntza batean?
Eta noiz arte luzatuko da haurrak euskaraz matrikulatzeko joera antzu hau?
Ikastetxe benetan euskaltzaleetako arduradun eta irakasleak esnatuko dira noizbait?
II. ERAKUNDE ABERTZALEAREN BILERA (ez abertzaleetan, euskara ez da aipagai ere)
Dozena bat lagun, demagun. Zortzi elebidun, bi “euskaldun” pasibo eta bi erdaldun konpleto.
Azken biak biziki muturtzen dira euren presentzian euskaraz egiten denean, hortaz, bilerak erdara hutsez edo ia, egiten dira. Erakundeak ez du neurririk hartzen kide euskaldunen euskarazko jarduna errespetatua izan dadin, eta erdaldun konpleto biek ez dute euskara ikasteko inongo asmorik erakusten.
III. ERAKUNDE PUBLIKOAREN BILERA OFIZIALA (ez ofizialetan, euskara aurkezpenean eta kitto)
Jaurlaritzaren eta sindikatuen ordezkariak bildu dira. Jaurlaritzaren ordezkariek erdaraz jarduten dute, sindikatu “ez-nazionalistek” bezala. Bilerarako dokumentazioa erdara hutsez doa, “ez baitago baliabide nahikorik euskarara itzultzeko”. Azken agiria itzuliko da, Basajaun lagun.
Aldi bereko itzulpena dago gehienetan, sindikatu “nazionalistetako” kideentzat, badaezpadan.
Ikastetxean bezala, adibideotan ere euskaldunon menpekotasun egoera agerikoa da.
Menpekotasunak luze iraungo badu, goitik hasi beharra dago eredua ematen… Aurreak erakusten baitu atzea nola dantzatu.
Egiaz euskaltzale diren erakundeak noiz arte menpekotasuna hedatzen?
Eta IV. EUSKALTZALE ADITU OFIZIAL OSPETSUAREN ADIERAZPENAK
“Lehendakari batek ez du euskaraz jakin behar. Euskararen Aholku Batzordean azken urteotan egin den lanak hizkuntza aukeraren errespetua izan du oinarri… akordio zabal baten bila beti… soilik sentsibilitate abertzalea jaso ordez, alor politiko guztiak barne hartuz.”
Mezua latza da:
a) euskaldunok gaztelera / frantsesa ikastera behartuta bagaude ere, erdaldunek euskara EZ ikasteko aukera errespetatu behar da.
b) erdaldunen hizkuntza aukera errespetatu behar da (euskaldunena ez dago zertan).
c) euskararen inguruan akordio zabalak erdietsi nahi baditugu, a eta b irentsi behar ditugu.
d) euskara soilik abertzaleen auzia da.
EAEko gizarte ustez elebidun eta itxuraz demokratiko honetan, euskaldunak menpeko eta menpekotasunean heziak izaten jarraitzen dugu. Hankapean gauzkate botere arrotzek, eta menpeko tratua ematen digute bertoko botere askok ere. Euskaltzale bat edo besteren laguntzaz sarri.
Euskara zeharo museoratuta nahi dutenek, ametsik beroenetan ere ez zituzten erreferente diren euskaltzaleak menpekotasuna bedeinkatzen irudikatuko.
Eta hemendik aurrera… zer?
Euskararen Aholku Batzordearengatik bada, orain artekoari eutsi, gozo-gozo, ugazabak aztora ez daitezen.
Eta gizarte ekimeneko euskalgintza? Alderdi eta sindikatu abertzaleak?
Menpekotasunean txipli-txapla orain arte bezala?
Kasu hauetan zein emotikurretan sakatu behar da?
Haserre nagoela badiot, ez dakit zer dirudien: gaiarekin nagoela haserre ala gaiarekin desadostasunean. Eta bigarren kasua da.
Eta alderantziz, pozik nagoela badiot, ez dakit zer dirudien: gaiarekin nagoela pozik ala idatziarekin ados.
Eta ez nago ez epel, ez harritua ezta gustora ere.
Haserre eta ados nago.
EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEAREN INGURUKO DISKURTSOA ETA PROPAGANDA:
“garrantzitsua euskarari buruz gizartean dagoen diskurtsoa egokia izatea”
“euskararen alde egun dagoen diskurtsoa ez da erabat egokitzen gure gizarteak dituen baldintzetara; horren ondorioz, zailtasunak daude euskaltzaletasuna gizarte osora hedatzeko”
“bilatu behar da herritar gehienok, euskaldunek zein erdaldunek, geure burua diskurtso berrian islatuta ikustea”
“Gure gizartean euskararekiko identifikazioa luze-zabal handikoa izan dadin, bizikidetza ongi errotua duen komunitate bat beharko da”
“Komunitate bat osatzeko elkarrekiko enpatia eta errespetua dira gakoa. Euskaldunak izan edo erdaldunak izan, denok jarrera asertiboan oinarrituz, beste ezberdin horiek dituzten mugaz eta zailtasunez ere jabetu beharko ditugu. Erdaldunei jarrera enpatikoa zor zaie”
“Euskaldunek ulertu behar dute pertsona askok ezin dutela euskara ikasi (%80). (Euskararen Aholku Batzordea 2015: 36)”
Euskaldunon eginkizuna, bada, oso argia eta erraza:
Ulertuko dugu erdaldun askok ezin dutela euskara ikasi.
Ulertuko dugu hezkuntza sistemak ezin duela euskara behar bezala irakatsi
Ulertuko dugu etxeko transmisioaren eteten joatea normala dela
Ulertuko dugu erdarazko telebistak eta irratiak bezain komunikabide enpatikorik ez dagoela gurean.
Ulertuko dugu edozein tokitan ezin dela euskara erabili: kalean ez, enpatia falta handia erakutsiko genuke eta paseatzen ari direnekiko; ospitalean ere ez, mediku eta erizain hoberenak nahi ditugu eta; administrazioan ez, funtzionarioak minduta gertatu ez daitezen; elizan ez, apaizik ez dago eta; lagunartean ez, horretarako garatu gabea da eta euskara; txakurrarekin ere ez, dagoeneko erdarara egina da eta; musean ere ez, lagunen batek ez du eta ulertuko “txikira, bai!”;
Ulertuko dugu euskara bazter-hizkuntza txiroa baino ez dela
Ulertuko dugu hizkuntza politika gure hizkuntza polita dela esatea besterik ez dela
Ulertuko dugu euskaldunok enpatia eta ulerkortasun handia izan behar dugula euskara ikasi nahi ez duten baskoekin
Eta hori guztia ulertu ondoren, azkenean bizikidetza ongi errotua izatea lortuko dugu gure artean
Eta enpatiaz beteriko komunitate paradisiako bat osatuko dugu segidan, jarrera asertiboetan oinarrituz eta guztiok hizkuntza berean, bakarrean mintzatuz.
Eta behin ingelesa, txinera, alemanera eta arabiera ikasita, zoriontsuak izango gara komunitate horretan hizkuntz aniztasunaren aitzindari izaten
Hala izan bedi!