Euskal presoen argazkiak Milanoko kaleetan ibiliko dira
Prentsaurreko honetan, Eukal Herriarekin IV. nazioarteko elkartasun astean esku hartu duten hainbat eragile bildu gara, Itsasoaren Alaba zuzendu duen Iosu Martinez, GITE-IPESeko kidea den Txema Uriarte, ‘Egunkaria libre!’ ekimeneko Ainara Mendiola, Etxerat elkarteko kideak, Behatoki-ko ordezkaria den Iratxe Urizar, eta Askapena-tik, Ruben Sánchez. Euskal Herrian bizi dugun egoeraren ispilu izan dira aipatu taldeek burututako hitzaldiak eta parte hartutako mobilizazio ezberdinak. Bakoitzak bere esparrutik landutako errealitateak dira herri honetan bizi dugun salbuespenezko errealitatea.
Gaurko agerraldiarekin Euskal Herriak munduan jaso duen babesa eta elkartasuna helarazi nahi dizuegu. Atzo jakitera eman genuenez, bi estatuek nahiko luketenaren kontra, eta beren hedabide nagusiek sarritan adierazten dutenaren kontra, Euskal Herria ez dago munduan bakarturik ezta isolaturik, aitzitik, urterik-urte lagun gehiagok adierazten du herri honekiko elkartasuna, nahiz eta sarritan herri ezberdinetako gure lagunek ere kriminalizazio eta intoxikazio mediatikoak pairatu behar izaten dituzten.
Askatasuna eta sozialismoruntz bide-lagun asko ditugu, gero eta gehiago. Eta zergatik? Bada munduko sektore ezkertiarrek, solidarioek, herrien eta herritarren eskubideen alde egiten dutenek herri honen eskubideen alde egiten den borrokan sinesten dutelako. Borroka zilegia, justua eta egiazkoa delako. Eta jakitun eta solidarioak direlako herri honetan ilegalizatutako edo itxitako hedabideekin, alderdi politiko eta herri mugimenduekin, tortura pairatutakoekin, desagertarazi edota hil dituzten lagunekin, kartzeletan beraien herritik sakabanatuta eta beste hainbat tratu txar pairatzen dituztenekin eta zigortuak diren beraien senideekin.
18 herrialdeetan egin dira 80 elkartasun ekimen baino gehiago, eta milaka lagun mobilizatu dira; eta ziur gaude hurrengo urtean gehiago izango direla. Hori da Euskal Herriak jasotzen duen elkartasunaren argazkia. Orain, arlo bakoitzeko kideei emango diegu hitza.
GITE-IPES: ‘Itsasoaren Alaba’ dokumentala aurkeztearekin batera, gure herriaren errealitatea helaraztea izan da helburua. Italian zehar egindako 7 ekimenetan hartu dugu parte (Josu Martinez zuzendariarekin batera) eta arrera ezin hobea izan da, etxean bezala sentiarazi gaituzte eta. Munduan lagunak baditugula konturatzeko ere balio izan digu eta Euskal Herriarekin solidario den jende asko ezagutu eta haiei hemen gertatzen denaren testigantza zuzena tranzmititzeko modu ezin hobetzat jotzen dugu bira hau. Esan beharra dago, Europako beste herrialde askotan ere proiektatu izan dela filmea, nahiz eta gu presente ez egon.
Egunkaria libre!: Egunkariaren kasua ezagutaraztea izan da erronka gurean. Irlandako hiru hiritan (Belfast, Derry eta Dublin) izan dugu aukera injustizi honen berri emateko. Gure herrian emandako oinarrizko eskubideen urraketen berri, indarrez itxi eta legez kanpo uzitako hedabideen berri (Egunkariaz gai, Egin egunkaria, Egin irratia edota Ardi Beltza). Orokorrean ezagutzen zuten gertatutakoa, eta interes handia eta elkartasuna adierazi ziguten. Oso esperientzia aberasgarri eta baliogarritzat jotzen dugu ekimena, munduak jakin behar baitu hemen bizi duguna eta zuzenean helaraztea delako modurik eraginkorrena.
Etxerat/Behatokia: Bira honek Europak duen jakinminaren egarria apur bat bada ere asetzeko balio izan duela esan genezake. Euskal Herrian bizi den errepresioa zein euskal preso politikoan egoeraren inguruan interes handia adierazi dutelako hartu dugu parte. Norbegian, Danimarkan, Italian, Eslobenian… testigantza zuzena helarazteko aukera aparta izan da, isilarazten saiatzen diren errealitatearen berri emateko eta aldi berean elkartasuna jasotzeko balio izan duena.
Askapena: Prentsaurrekoa amaitu aurretik, elkartasun asteari amaiera ezin hobea emango dion ekimena iragarri nahi dizuegu. Larunbat honetan Milanoko kaleetan Italiako Euskal Herriaren Lagun guztiak elkartuta (12 elkartasun komite baino gehiago direnak) eta Palestina, Kurdistan eta Abya-Yalako hainbat herrirekin solidarioak diren lagunekin elkarlanean, manifestazio handi bat egingo da. Manifestazio horretan euskal preso politikoek garrantzi berezia hartuko dute eta presente egongo dira Milanoko kaleetan argazki banarekin. Aipatu beharrean gaude, Milano ez dela euskal presoek bisitatuko duten hiri bakarra, izan ere, elkartasun aste osoan zehar, 18 herrialdeetan agertu dira euskal preso politikoen elkartasunezko argazki, pankartak, muralak eta argazkiak.