Betiko bideak ez dira beti eraginkorrenak

Aski ezaguna da denetan aritzen dena, azkenean ez dela inon ongi aritzen. Egia horrek ere komunikazioan balio du. Ez dago jende guztientzat balio duen produktu edo zerbitzurik. Publiko hertsiago edo zabalago bat izan dezake, baina beti daude ezaugarri berezi batzuk dituen publiko bati zuzenduta. Horrenbestez, ingurumena ezagutzeko balio izan digun aurre ikerketa eta helburuak adostu eta gero, hunkitu nahi ditugun publikoak banatuko ditugu dituzten ezaugarrien arabera, ez baita gauza bera hamabost urteko Bilboko nerabe bati mezu bat helaraztea edo 60 urteko Sarako amatxi bati egitea.

Publikoak banatu daitezke adinaren arabera, generoaren arabera, bizilekuaren arabera, zaletasunen arabera, joera politikoaren arabera, ahalmen ekonomikoaren arabera, eta horrela mugarik gabe. Publikoa zehatzagoa denean komunikazioa orduan eta eraginkorragoa izanen da, baina horrek bai muga daukala. Produktu edo zerbitzu baten publikoa banatzean kontutan hartu behar da bakoitzarengana iristeko akzioak egin beharko direla, eta beraz publiko asko baldin badaude, akzio gehiago egin beharko direla, eta horrenbestez, aurrekontua handituko dela. Bi ideia horiek kontrajarriak dira, eta komunikazio plana idazten duenaren ardura izanen da asmatzea non dagoen oreka plana arrakastatsua izateko.

Muga ekonomikoak direla eta, baliteke lehentasunak jarri behar izatea eta enpresa zein produktu edo zerbitzuaren ezaugarrien arabera publikoak sailkatzea garrantzitsuenetik garrantzi gutxiago duenera. Gisa berean, lan horretan aholkatzen da, eta gauza ageria da nire ustez, produktu edo zerbitzu horien aurka daudenekin denborarik ez galtzea, eta indarrak biltzea erosleak edo bezeroak atxikitzen edo erdipurdi daudenak erakartzen.

Publikoak zehazteak haiengana iristeko bide egokiagoak aukeratzen lagunduko digu, ez baita gauza bera Diario Vascon edo Berrian iragarki bat jartzea, ez baita gauza bera ETBn edo EITB.com-en jartzea,  eta logika hori muturreraino eramanez, Facebook-en, Twitterren edo Tuentin kanpaina bat eramatea. Erabiltzaile ezberdinak dituzte. Gainera kanalak bereizteaz gain, hiztegia eta mezua egokitzen ahalko ditugu publikoak dituen ezaugarri eta baloreen arabera.

Gauza ageria gaurkoa ere, baina kalean nagoela oraindik ikusten ditut iragarki batzuk ez dudala asmatzen zergatik jarri dituzten era horretan, ez baitut ikusten zer publikori zuzenduta dauden zehazki. Eraginik badute? Zertxobait izanen dute, baina iruditzen zait dirua hobeki gastatu zezaketela publikoa hobeto zehaztu izan balute, eta betiko baliabideetara jo baino lehen, egokienak eta eraginkorrenak bilatzeko hausnarketa ariketa egin izan balute. Betiko bideak ez dira beti eraginkorrenak. Azkenean publikoak zehaztearen helburua eta baliabide egokienak aukeratzea horixe da: Dirua ez xahutzea debalde, eta bidenabar, indarrak alferrik ez gastatzea.

GAUZA AGERIA