Irailaren lehena

Irailaren lehena –

Egun berezia da gaur, lanean hasteko eguna. Uda bukatu zaizu eta udazkena arte gelditzen diren hogeiak, abuztuan lortu duzun beltzaran-kolorea nola higatzen den ikusten joango zaizkizu.

Bart amesgaiztoak izan dituzu: nagusiaren aurpegi ozpinduaren erdian “gaur ere berandu” jaurtikitzen duten ezpain ikaragarri batzuk; lankideen mahaietatik zurera hegan doaz paper pila erraldoiak; kexa-liburuak astinduz datozen bezero haserretuen ilara amaigabea; belarriak zulatzen dizkizun tailerreko makinen zarata burrunbatsua; zu itotzeraino hazten doaz bulegoko paretak gero eta lodiago, gero eta altuago, gero eta ilunago; denak batera marruka mehatxatzen datorkizun ikasle masa ikaragarria; “bihar ere lanera, etzi ere bai lanera, etzidamu lanera” etengabeko letania errepikatuz inguratzen zaituen herio itxurako mamu-hegalari saldoa…

Esnatu zarenean, oso urrun sentitu dituzu opor hasierako egun distiratsuak, ia ahaztuta dituzu ur izkinan egindako ibilaldiak, kamiseta kenduta igotako mendi maldak, eguzkipean asmatutako fantasia beroak.

Autoan mp3-a piztu duzu, baina are gogorragoa egiten zaizu lantokirako bidea udako arratsaldeetako usaina dakarkizun doinuekin. Irratia piztu duzu, gaur irailaren lehena dela eta zenbatentzat den lan-hasierako eguna eta horrek ekartzen duen nahigabeaz eta estresaz solasean ari den esatariari entzuteko.

Lantokira iristean, barrena nahastuta, eztarrian sekulako korapiloa eta malkoak begietako hegian eutsi ezinik -zu eta lanaren artean segurtasun distantzia premiazkoa jartzearren- ordenagailua piztu eta eguneko albisteak aukeratu dituzu, badakizulako krisi ekonomikoaren larriaz enegarren aldiz irakurtzeak anestesia-efektu eraginkorra izango duela. Oporretan bezala, Zuzeu jarri duzu nabigatzailean eta Irailaren lehena honetan, ispiluan antzera, zure burua ikusi duzu islatuta. Negarrez lehertu zara.

Irailaren lehena

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz