Zer pentsatzen du Hezkuntza Sailak?
Ikasturte honetan ez nago eskolan. Etxean ari naiz lanean, ordenagailu aurrean materiala sortzen. Beraz, urruti geratu zaizkit eskolan bizitzen diren kezkak. Baina azken egunetan, behin eta berriz entzuten ari naiz Hezkuntza Saileko internet sarea gero eta okerrago dabilela, edo hobeto esanda, ez dabilela ia: eskoletan ezin dute sarea erabili, webgune batetik bestera pasatzeko konexioa blokeatzen da; mantso baino mantsoago dabil eta aurrera joan beharrean, behin eta berriz geratzen da trabatuta.Itxuraz, Hezkuntza Sailak kudeatzen duen konexio multzo horretatik bisita gehiegi joaten omen dira sare sozialetara (facebook, twitter, tuenti…) eta hori eragozteko, Sailak iragazki berria jarri du. Eta iragazkiak eragingabe bilakatu ditu ditu eskoletako internet konexioak.
Gogoan dut gure agintariek Lehen Hezkuntzako ikasleei ordenagailu eramangarriak eman zizkietenean, ahoa betetzen zitzaiela eskola 2.0 proiektuak ekarriko zituen berrikuntzak eta onurak aldarrikatzen. Web 2.0-k iraultza ekarriko zuen gure ikastetxetara. Orain, berriz, frenoa jarri diote sareari. Eta zer da web 2.0 sare sozialik gabe? Zer da weba konexiorik gabe?
Ulertzeko zaila den jokaera horri arrazoiak bilatu nahian, bururatu zaidan lehena da aldarrikatzen dutena berdin zaiela: benetan axola zaien bakarra komunikabideetan bere eraginkortasunaren publizitatea egitea dela, eta hori ederki asko lortu zuten ikasleei ordenagailu bana eman zieten garaian.
Edo nork daki, baliteke ere izatea seguritatearen agintepean bizi direla: nahiko luketela aurrerapausoak eman, baina denak ematen die beldur, segurtasun beharrak kikilduta daudela, alegia.
Are gehiago, izan daiteke ere ez dutela inongo konfiantzarik gugan, herritarrengan: ez dute konfiantzarik irakasleengan, ez zuzendaritza taldeengan, ez ikasleengan, ez familiengan… eta erantzukizunean eta heldutasunean hezitzeko tresnak eskaini beharrean, nahiago dutela debekatu. Eta ez bagara herritar arduratsuak izateko gauza, zein izango da gu babesteko emango duten hurrengo urratsa?
Hiruren artean azkena da, dudarik gabe, kezkagarriena!
Batzuetan banabil sarean kuxkuxeatzen, blogetan batez ere, ikasleentzako gaur egungo erreferentziak bilatzen.Zenbaitetan agertzen zait mezu bat esaten didana baimena behar dudala klikatu dudan horretara sartzeko .Plastika eta marrazketa irakaslea naiz, eta hamasei urte daramatzat lan honetan, eta nitaz fidatzen ez den nagusiari eskatu behar diot baimena? Ez dut egiten, eta gehienetan nik ere ez dakit ikasleek zer galtzen duten!