Garaiak
Garaiak
Irribarre handi batekin hurbildu zitzaidan gizona, hortzak zuri-zuri eta nire izena airean astinduz. Begietan, baina, laino handi bat ere bazekarren eta ez zen alkohola edatearena.
Unetxo bat lehenago, presaturik bezala aparkatu zuen autoa nigandik hamabosten bat metrora. Markatalgune bateko aparkaleku erraldoiaren ertz batean ginen, ordenadorearentzat kable bila joanda nengoela. Ez zebilen jende askorik, hala ere.
Hirurogei urte inguruko sasoi beteko gizonak, eskua irmo emanez batera esan zidan: “Ikusten dizut telebisiyuan”. Eta nik, aurpegi ezaguna zela bai, baina nola zuen izena: Jesus, Joxe ala Juan? Ez ote zen izango Joxemari?
Nondik ezagutzen nuen? A bai, jatetxe bat ukan zuen aspaldi, loredenda bat gero, ibili zen baita ere taxilari… Zertan ote dabil orain? Hogei urte ere badira azkenekoz ikusiko nuela gizona. Ezkondua da? Ba du seme-alabarik? Norekin bizi da, non eta nola?
Maiz gertatzen da hori, halako senitartekotasun bat sentitzen du ikusleak pantailan agertzen garenokin. Nolabait, etxeko egiten gaitu telebistan agertzeak. Horrek, ordea, ezin du izan alderantziz, guk ez baitugu inor ikusten ahal kameraren zulo beltzetik. Bai, senitarteko, adiskide edo antzeko zerbait egiten gaitu pantailak, horregatik bota dit pozaren pozez: “Ikusten dizut telebisiyuan”. Hurbileko sentitzen nau, nolabait.
Gero, eskuan ematen zidan estututik libratzen utzi gabe, esan dit autoan etorri dela haraino Lesakatik. Horretarako autoari begiratu dio eta “Oiartzundik barrena, badakizu” gehitu du. Nire eskua askatu du, azkenez, errepideko bihurgune ugarien imintzioa egiteko eta Oiartzundikako hori bide oso luzea dela iradokitzeko.
Ondoren gehitu du ia ez daukala depositoan gasolinarik eta kontuaren erdigunera iritsi denean, are zabalago egin zaio ezpainetako irrifarra eta, paradoxikoa dirudien arren, are itxiagoa begietako lainoa. “Txartelak, diruak eta denak etxean ahantzita…”, gaineratu du.
Deblauki, unea izoztu egin da denboran, film batetik plano bakar bat hautatzen duzunean bezala. Autoak, haizea, zeruko hegaztiak… denak siku geratu dira zeuden lekuetan, zeuden posturan. Istant luzeegi batez. Hautsi egin da anphora.
Gizonak bazekien nik banekiela. Nik banekien gizonak bazekiela nik banekiela. Eta hala ere gertatu egin da. “Txartelak, diruak eta denak etxean ahantzita…”, esan dit, urruneko gasolindegira kokotsarekin keinu eginez.
Eskua sartu dut poltsikoan eta aurkitu dudan bileteetako bat eman diot, txanponak ematea gutxitxo dela erabakita. Itzuliko didala esan dit, emateko nire telefono zenbakia. Eta nik ezetz, ikusten bagara itzuliko didala. Halakoren batean. Halaxe amaitu da kontua.
Limosna edo karitate hitzak erabiltzen genituen lehen, gertaera izendatzeko.
Garaiak