Uhin arteko udan
Marie egon da etxean bazkaltzen. Familiarekin etorri da, urtero bezala. Bazkaldu eta hondartzara joan gara, bainatzera.
Oso atsegina da urtean zehar batzuetan euren bisita jasotzea, umeekin solastea, nola hazten diren ikustea eta, batez ere, euren nortasunak nola garatzen ari diren egiaztatzea. Gainera hori guztia uhin gozo artean egiten bada, gaur gertatu bezala, zoragarriago da dena, esaterik baldin bada.
Nouvelle vague berritu bateko eszena batetik ateratakoak dirudigu denok hondartza grisean, Marie bere pamela eta betaurreko beltz-handien azpian ezkutatuta, inork ezagutu ez dezan eta, bide batez, mendebaleko haizetik babesean jarrita, besteok Tarzan salbaiarena egiten dugun bitartean, olatu artean. Éric Rohmer-en film batetik ihes egina dirudi.
Gauza zailenen artean lehenengoa, agian, Parisko haurren eta gureen arteko harremana sakontzea da. Gureek ez dituzte haiek maite. Arrotz zaizkie, ez dituzte gogoko haien manera edukatu eta jendartekoak. Egia esatera, estralurtarrak iruditzen zaizkie neurri batean. Gu saiatzen gara elkarren artean lagun egin daitezen, baina ez da modurik. Urteak daramatzagu horretan, baina jabetzen gara ez dagoela zer eginik: ezin dena, ezin da. Olioa eta ura nahastearen antzekoa da.
Gauza zailenen artean bigarrena, agian, Marierekin literaturaz hitz egin gabe amaitzea da, nahiz eta horixe izan bion arteko helburua elkartzen garen bakoitzean.
Egia da ez garela batere zaleak, nahiago ditugula etxe kontuak eta bidaietakoak, haurren gorabeherak, platerekoarenak, Sarkozy eta munduko eta Euskal Herriko politikarenak… Proiektuez gara mintzo, sekula beteko ez ditugun ametsez eta Ameriketara doazela datozen hilabeteetarako jakingo duzu igual, umeen eskolez, huntaz eta hartaz… baina ez literaturaz. Hala ere, ordea, ezin utzi galdetu gabe: zer dakarzu udazkeneko rentréerako, zerbait irakurri baitugu Elle aldizkarian.
Eta berak: ez al zenuten jaso nire liburua? Esan nion ba editoreari bidaltzeko. Sinatuta zetorren, eskaintza polit askoarekin.
Ezetz guk. Eta egia esanda, futitzen naiz, ez bainaiz batere fetitxista liburuekin, daukadan langintza izanda ere, ez dut uste sekula inori liburua sinatzeko eskatu diodanik. Berak, ordea, min hartu du galerarekin. Ez zaio batere gustatu guk liburua ez jaso izana: ez dut konprenitzen nola galtzen den hainbeste liburu bidean, esan du.
Eleberri bat dela esan dit gero. Betiko editorearekin argitaratu duena eta berarentzat lan handia izan dela ere esan dit.
Apur bat hitz egin dugu orduan nik gaur bertan irakurri dudan Txomin Badiola artistarekin egindako elkarrizketa bati buruz. Kontatu diot Bilboko eskultorearentzat nola izaten den sortze prozesua, eta niretzako ere halatsu izaten dela gertaera intimo hori literatura idazteko orduan. Fikzioa idazterakoan, batiz bat. Finean, uste batekin hasten zarela lanean, baina ezer gutxi izaten duela ikustekorik azken emaitzak hastapeneko ustearekin.
Poz handia eman dit Badiolari pentsamendu horiek ezagutzeak, bai baitakit fina eta zintzoa dela artista, neu ez bezala. Alegera utzi nau jakiteak nola-halako nire sentipen eta intuizio lainotsuen antzekoak, lanerako metodo bihurturik erabili ohi dituela Badiolak.
Berak ezetz. Mariek ezetz eta ezetz. Berarentzat ez duela horrek balio. Ez dela sorkuntzarako bide egokia beretzat. Buruan aurrez duena baizik ez duela idazten, tarterik ez diola lagatzen senari. Garunak agintzen diola letrari, adimenak intuizioari. Liburua amaitutakoan, hasi baino lehenagoko hura aurkitzen duela beti idatzitakoan. Ez duela besterik espero.
Eta egia dio. Ezagutzen dut bere lana eta ez dut sekula kausitu halako begirada hotz, zorrotz eta mikroskopikorik arazo bat fikzioaren bidez arakatzeko orduan. Dela Eros, dela Thanatos.
Orduan galdetu egin diot zeri buruzkoa den datorren denboraldirako prestatu duen eleberria, eta esan dit neskatxo baten sexualitatearen hastapena kontatu nahi izan duela.
Esan diot ez dudala irakurriko, izutu egiten nauela gai baten garapenaren inguruan ohi duen zorroztasun ikaragarriak. Batez ere psikonalista ere badabilenetik.
Badakiela esan dit, badakiela ez dudala Cléves hau irakurriko Tom est mort irakurri ez nuen bezalaxe. (Jakin daki ederki baino hobeto, torturapean ere ez nukeela irakurriko Tom est mort, ez dudala balio samina hain hurbiletik darabilen ezer irakurtzeko. nahiago ditudala Houellebecquek orokorkeria ilun horiek guztiak ). Argitu dit, halaber, zer izan zen Frantziako XVIIgarren mendeko La Princesse de Clèves de Mme de La Fayette liburu hura. Eta haren ispiritutik dakarrela guztiz berritu hau. Etc. Etc.
Gero meloi eta anana zatiak jan ditugu guztion artean, eta txokolate beroa hartu dugu, hondartza erdi hutsean bainatzera joan aurretik, eguraldi grisaren kolore bikainean, film frantziar edo poloniar bateko eszena bilakatu aitzin.