Irrati esatari bat, teknikari bat eta dj bat irratiaren geroaz hizketan
Komunikazioa irauli du Internetek. Ohiko medioek gogoeta uneak bizi dituzte. Irratian ere, argi gorria pizten den bakoitzean, esatariak berba egiteari ekiten dio, teknikariak bere soinua igotzen du…. ON
Badirudi, Informazioaren inguruan argi gorria piztu dela. Eta berba egiteari ekin diogula aspaldi honetan, Internetez, aro digitalaz, hizkuntzaz, sareaz, globalizazioaz…. berba egiten dugu, baina zeintzuk dira ondorioak? nola bizi ditugu? OFF
Irragitintza digitalaren gainean eztabaida bultzatu nahi dugu:
- zer egin behar genuke?
- zer egiten ari gara?
- ondo ari gara?
- podcasting euskaldunik badago sarean?
irratia.com emankizunean gai hauek eta gehiago landuko ditugu. Otsailaren 1ean arratsaldeko 18:00etan zuzenean, eta aste osoan zehar Euskal Herriko hamaika irrati libre eta euskaldunetan. Zu ere gonbidatuta zaude saio honetara.
play tekla sakatu, eta hizketan hasiko gara, elkarrizketan. Esataria, teknikaria eta dja gonbidatu ditugu otsailaren leheneko saio berezi honetara. Saioa grabatu (record) eta sarean jarriko dugu, podcast bezala (ON)
Gonbidatu bereziak, adituak nor berean.
Susana Mujika
Euskadi Gaztean hasi zen arren, Euskadi Irratian izan du sonarik handiena Elgoibarko esatariak. Babel irratsaio mitikoa egiten zuen arratsaldero, eta Faktoria asmatu zuen gero. Irratigintza partehartzailea sustatu du, sareari adi egon izan da, Interneti buruzko lehenengo tartea zabaldu zuen irratigintza publikoan. Oso musikazalea, ondo erakutsi du hori bere emankizunetan. Aldi batez, musika arduradun ere aritu zen Euskadi Irratian.
Aspaldi honetan, bajan dago. Baja luze bat, eta irratigintza erabat utzita dauka. Ohore bat da gure saioan bera egon ahal izatea. Begirune handia diogu, eta berak zer esango, adi adi entzungo dugu.
Ibon Gaztanbide
Euskalerria irratiko teknikaria aspaldi samar. Musika entzule fina, teknikari aditua. Adi adi jarraitzen dio sarearen errealitateari, eta euskalerria irratia sarean txukun dagoenez geroztik, podcastak igo, twitter kontua elikatu eta audioak sarean txertatzen ditu. Kazetari titulua ere badu, eta Herri irratiko kronikak egiten zituen Nafarroatik. Guk, irrati euskaldun bateko aditu bezala hartzen dugu. Iruñetatik mundura entzun nahi dugu Olagarroaren iritzia. Osasunako partida bat baino interesgarriagoa izango delakoa bere jarioa….
Mikel Unzurrunzaga Makala
Inprenta familia bateko kide, musikaren Itxaropena ere bada Makala. Musikari, musika sortzaile, kontzertu antolatzaile, disko jartzaile eta irrati saioa ere egiten duena. Ahotsik gabeko saioak egiten ditu, musika sano interesgarria nahastuz. Podcastak ere egiten ditu, eta sarean jarri. Sorkuntza digitala, sarea, podcastingaz berba egiteko bada nor gure Makala. Musika bai, baina gure saioan hizketan jarriko dugu Mikel, eta ez musikaz.
Eguneraketa:
Dagoeneko online dago irratiaren etorkizunari buruzko gogoeta saioa.