Parlantzua: euskararen parlamentua
Parlantzua
Adiskideok, euskarak badu bere parlamentua: parlantzua. Zuhaitzen inguruan eztabaidatzen omen genuen aintzina, legebiltzarretan askoz ere beranduago, eta orain, zuhaitz birtual bat eskaini zaigu, ukiezina, nahiago baduzue, iragan maiatzean sortua. “Parlantzua” hitza bera ez da hiztegian agertzen, eta horrela azaltzen dute sortzaileek esanahia: “Alferrik ibiliko zarete Ereduzko Prosa Gaurren kontestu bila, Klasikoen Gordailuan hartuko diozue arrastoa, zaharra baita. Sei aldiz besterik ez da erabili izan –bizkaitarren luman beti–, eta hemeretzigarren mendeaz geroztik behin ere ez. Mogelek ipuin batean dioskunez, “kaiola burdinazkoan katamotz bat egoan sarturik, ikusten txakurra ondo askaturik katea baga, jolas eta parlantzuan”. Horra beraz arrazoi sendo bat Parlantzua pizteko: aske, kategabe… pozarren! Nekez aurkituko genuke izen egokiagorik Euskararen Parlamentua bilduko den aterpea izendatzeko.”
Legebiltzar honek ere funtzionatzeko manera bitxia dauka, kontua ez baita gehiengoak lortzea. Kontsentsua edota demokrazia baino gehiago, argudiaketa da baloratzen dena: “Inork hautatu gabea dugun presidenteak inork hautatu ez gaituenoi egin digun harrerako diskurtsoan esan duenez, gure legeak ez dira onartuko gehiengoz, gutxiengoan bizi garenok gainditua dugulako –garaia zen!– nor gehiagokaren tranpa”.
Inork aukeratu gabeko bost parlamentari dauzka euskararen ganberak:
- Koldo Izagirre (parlamentari administratzailea eta editorea)
- Iñigo Arteatx (parlamentari editorea)
- Idurre Alonso (parlamentaria)
- Iratxe Retolaza (parlamentaria)
- Bea Zabalondo (parlamentaria)