Josu Larrinagak “Belar hostoak” (Kafe Aleak)
Josu Larrinagak “Belar hostoak” (Kafe Aleak)
.
Txomin Artola
“Belar hostoak” (Xoxoa, 1978)
.
Dardara Gazi-Gozoak
Aura plastifikatuak.- Ezin ekidin, batzuetan hanpatsu izan behar da eta maiuskulekin idatzi, batez ere kontu hutsal eta ñimiñoei buruz idaztera goazela. Hutsala, esangurarik ez duena, bazterrekoa, bakarrik lau zorori interesatzen zaiena, diskoak adibidez, musika ontziratzen den direlako horiek. Hutsalak, esangurabakoak, desagertzera doazenak.
Jar gaitezen, ba, hanpatsu, maiuskulei tiraka. Parrasta Handiaren Aroa bukatzen ari dela bizi gara oraingoan. XX. mendean ezagutu dugu Kontsum(ism)oaren Gizartea eta horrek ekarri du Pop Kulturaren eztanda. Ordu arte objektu artistikoak elite txiki baten gutiziak ziren, jende gehienari debekatuak zitzaizkion gauzak. Ezta pentsatu ere! Ezta sentitu ere!
Baina Petrolioak garraioa ekarri zuen, Garraioak mugikortasunak, Mugikortasunak lehengaien ugaria, Ugariak merkantzia eta Merkantziak merkatua eta Merkatuak bezeroa, eta Bezeroek berri nahia, eta Nahiak produktua. Baina Nahiak esanahia esan nahi du. Eta esanahiak produktua sinbolo bilakatzen du. Merkatu sinbolikoa balizkoa izan denean jendearen kontsumoak pop kultura topatu du.
You say pop and no stop, iragarki lerdo baten lelo hutsala. Baina ze polita ñimiñokeriak hanpatsu handien berba burbuila akatzen duenean. Walter Benjamin gizajoa eta bere Frankfurteko koadrila osoa eta atzetik etorri diren enterau guztiak ederto tronpatu ziren Artea ezinezkoa zela Kopia Errazaren Aroan, Artelanaren Aura galdu egiten zela kopia egitean. Putza! Gaur egun artista baten putzak aura du ere!
XX. mendean Petrolioak bultzatutako Parrasta Handiaren Aroak bi Objektu Auradun mota nagusi zerbitzatu digu: Automobila –nork bere boterea, ahalmena, azkartasuna eta sexytasuna erakusteko eta mundua kutsatzeko eta daukagun baliabide preziatuenetakoa alferrikaltzeko diseinatua dagoen masa hiltzaile hori- eta Diskoa –gizakiak betidanik eduki duen hausnarketa, sentimendu eta emozioen pizgarri handiena, musika, ontziratzeko balio duen dispositiboa, gainera, Petrolioaren azpiproduktu batez, plastikoaz, fabrikatua-.
Gizarte post-fosilista baterantz baldin bagoaz –eta hala dirudi, mileniotan eguzkiak oparitutako baliabide preziatu hori, petrolioa, mende bakar baten, Parrasta Handiaren Aroan, desagertzeko moduan utzi baitugu-, objektu auradun horiek inoiz baino desiragarriagoak bilakatuko dira, geroz eta urriagoak direnetan, egoeraren larritasunak kontrako erreakzioa, errefusa eta mespretxua sortzen badu. Agian gorroto hori kotxeen kontra bideratuko dute hurrengo belaunaldiek. Eta diskoak –hala nola, bizikleta estatiko bat mugiaraziz energia elektrikoa sortu ahal izango baitute, disko jogailu baten funtzionamendua eragiteko lar- maite izango dituzte oparotasun sinbolikoaren aro baten azken aztarna gisa, apika. Apokaliptiko samar, ezta? Epe ertaineko profeziak egiteak abantaila du: ni ez naiz bizirik egongo hau egiaztatzeko, ezta zu ere. Eta galletak kafean busti bitartean irakurtzeko moduko liburu hutsal hau nork gordeko du?
Buelta gaitezen hutsaltasunera, beraz, utikan apokalipsia! Kontua da, orduan, disko batzuek aura dutela, jende askorentzat kasu batzuetan, gutxi batzuentzat beste kasu askotan. Baina auraz aparte, disko batzuek esangura dute, indar sinbolikoa, eginak izan diren gizartearen nahiak, frustrazioak, arazoak eta amets kolektiboak islatzen dituzte. Edo behintzat horrela irakurriak izan daitezke. Hori egitera goaz Euskal Herrian Parrasta Handiaren Aroko bi momentu esanguratsutan sorturiko bi disko hutsal eta ñimiñoekin, tramankulu horiek utzitako arrastoak, balego, zer edo zer esaten digulako munduko leku horretan garai horietan gertaturikoari buruz.
Garai horietan munduko leku honetan Euskal Herria berpiztu zen. XX. mendeko 60ko hamarkadan euskara eta euskal kultura desagertze prozesu azeleratu batean zeuden, alde batetik estatu frantses jakobinoak bere asimilazio eta homogeneizazio lanean ziharduela eta, bestalde, estatu espainol frankistak bere ukatze eta baztertze lanak bukatzear zituela zirudienean. Euskal markapean bakarrik folklorea geldituko zela argi eta garbi ikusten zen. Baina Euskal Herria kontzeptuaren inguruan identitate kolektibo indartsu eta historian aldakor –eta areago eraldakor, etnizitate guztiak bezala- bat mantentzen zen gizartearen hainbat arlotan (momentu horretan galtzaile eta zapaldua izanaren kontzientzia argia zuen jende askorengan, batez ere Hegoaldean) eta urte horietan jende horrek erreakzio azkar eta ahalmentsua eragin zuen, euskal nortasun horren birdefinizio osoa sorraraziz. Eta garaian garai nazioarte mailan eratzen ari zen Pop Kulturaren baliabideak oso inportanteak izan ziren birdefinizio horretan. Horra hor pop musika, eta diskoak, kontsumo musika eta musika herrikoiaren arteko mugetan murgiltzen dena, prozesu horretarako lanabes ezinbestekoa.
Prozesu horren historia egiten ari gara Euskal Herrian oraingoan -eta agian bere isla musikalarena ere egin beharko dugu, nonbait- nolabait ixten ari den sentsazioa gailentzen den une honetan. Baina hemen orain prozesu horren bi momentu ilunabarrekotan, bi disko ia hutsal, apenas arrastorik laga ez dutenek islatzen dizkiguten bibrazioak, dardara gazi-gozoak, plazaratu nahi ditugu, esanguratsuak direlakoan, nahiz eta ziurrenik kanta horiek, Batty erreplikanteak negar egin moduan, malkoak euritan legez galduko diren.
.
Alpalpa eta pagotxa eta abarreko belarrak.- 1978an hippy izan zitekeen Euskal Herrian, nolabaiteko love summer-a usaindu egiten zen. Frankismoa hiltzen ari zen eta gero espainiar demokrazia izango zena jaiotzen ari zen. Euskal Herrian urteotako lan identitarioa emaitzak jasotzen ari zen, euskal kultura pil-pilean zegoen Artziniegatik Mithikileraino, Tafallatik Lekeitioraino, gazte urbano askok uda baserrietan ematen zuen euskara ikasten eta alpalpa artean, neska-mutil baserritarren pagotxak dastatzen, ingurune horretan berriak ziren beste belar batzuekin batera, musikari aurreratuenek euskal melodiak folk eta jazzarekin nahasten zituzten eta ondorioa enrollatua zen, presoak kalera ari ziren eta bizirik gelditzen ziren borroka sozialek ere halako puntu kosmikoa zuten: nuklear izuaren kontrako mobilizazioa nagusi zen herri eta kaleotan.
Hondarribian bazebilen halako hippy ilustratu eta ibilitako bat: Txomin Artola, bertako arrantza munduaren kantaria izandako familiako semea, korritua zuen ingeles lurra bere gitarrarekin, goizeko euri eta arratsaldeko epelaren artean, etxera bueltatzean banjoa eta kontrabaxua jo zuen sekulako ospea eta itzala zuen belardiko kantariaren disko abangoardistetan eta Haizea izeneko folk taldea antolatu zuen zenbait lagunekin, Pentaglek eta Fairport Conventionek egiten zuten moduan euskal tradizioko doinuei soinu bizigarria emateko. Baina urte horretan pauso bat harago eman zuen eta Ipar Euskal Herrian sorturiko rock talde potenteena liatu zuen Ameriketan Dylanek asmaturiko folk-rock soinu urduria Euskal Herriratzeko.
Errobi ken Anje Duhalde berdin Mixel Ducau gitarran, Beñat Amorena baterian eta Jean Phocas baxuan; gehitu Robert Suhasen teklatuak eta Artolar sendiaren koruak, Txominek berak kontrabaxua, xilofonoa, flauta, pianoa eta batez ere gitarra eta harmonika. Jaka zuria eta betaurreko beltzak, fenderra eskutan, Txomin Artola Urkiolako Aekanpadan, hantxe ikusi zen Euskal Herriko Woodstock bat izan zitekeena. Hori baino lehen, diskoak Belar Hostoak eduki zuen izena.
Letrak Walt Whitman poeta estatubatuarrarenak ziren, Lupe Artolak eta Juan A. Letamendiak euskaratuak. Izan ere, Whitman baino hippyagorik ez dago, beti esan da XIX. mendeko kantorearen itzala handia izan zela beat generation delakoengana –Ginsberg, Ferlinghetti, Kerouac, Corso, Snyder eta enparauengana- eta hauen bitartez poesia eta folk-rocka uztartu zuten guztiengana. Baina Whitmanek naturaren indar telurikoari eta gizakiaren botere kosmikoari kantatzen dio, demokrazia eta edertasuna goratzen du mugimendu berean. Dena da baikor, dena da ahalguztidun eta zoriontsu bere poesian. Artolak eta Whitmanek pagotxa eta alpalparen artean sentitzen diren dardara goxoak sumatzen dituzte baina aldi beran lur osoaren erasoek ezin suntsi zezaketen hiria amesten dute, izar guztien bibrazio kosmikoa jasotzen dute hondartzan eta sentipen eta gogoeta horiek pertsona guztienak direla. Dena posible denean –bere independentzia eraikitzen ari zen Ipar Amerikan, askatasuna dastatzen ari zen Euskal Herrian- “orotan dago agian z(g)ure bidea, uretan eta legorretan, z(g)ure bidea”. Ez omen gara espazioa, ezta denbora ere.
Eta Errobi taldea (ken Anje) ez da inoiz disko honetan bezain distiratsu aritu; Mixel Ducauren gitarrek zerua ukitzen dute, pleiadeak eta Jupiter ferekatzen dute, Jean Phocasen baxua lurrera ainguratzen da eta Beat-a morenaren danbor eta platerak trumoiak eta haizearen txistuak dira. Artolaren umeek koru argitsuak eskaintzen dizkiote hiriari, soroetan bele ibili baino askoz lehenago. Eta aitaren ahotsek eta doinuek uda betikotzen dute, argia jostari.
Jakina, uda laburra izan zen hura Euskal Herrian. Eta negu gorria etorri zen. Baina hori beste istorio bat da. (Belar Hostoak diskoa CDan topatzea erraza da gaur, Elkarrek Egin Diskoteka sailean berrargitaratu zuen aspalditxo baina Liburu eta Disko Azoketan, merkealdien salmahaian oraindik geratzen dira aleak. Guerssen Lleidako diskoetxeak biniloa berrargitaratu du oso edizio txukunean eta soinu ederrarekin).
.
Eromenaren mugak.- Bai, negu gorria etorri zen, eta zulo beltza bilakatu zen hainbat momentutan. Izu nuklearraren kontrako borroka bi intrantsigentziren arteko talka odoltsua bilakatu zen, euskal kulturak hiri txokoak deskubritu zituen, beilegi biziaz jantzitako kale garbitzaileak eta abar. Euskal Herrigintzak bi norabide kontraesankor hartu zuen: alde bat erakundetu zen eta alpalpa eta pagotxa porlanez berdintzera dedikatu zen; bestea gotortu eta militartu zen, eutsiezin azen gerra dinamika bat elikatuz. Azken alde honek, alta, lagun eta arrazoi eduki zituen uste horietan agertu ziren beste fenomeno batzuk: birmoldaketa industrialak langabezia izugarri goratu zuen eta estatu espainol birfundatu berriak gainbizitzen zena paratu errepresibo bortitzak euskal erresistentzia oro manu militari deuseztatu behar zuela erabaki zuen. Durangoko literatur fanzine batean idatzi zuten moduan: “Euskadi, el país menos movido, el que no está parado está detenido”. Errebolta baino ez zen geratzen, Euskal Herriak punka behar zuen eta gazte jendeak asmatu egin zuen.
2008an berriz, olde hori akitua zegoen. Parrasta Handiaren Aroaren azken fasean low cost gizartean murgildu ginen. Dena merke, dena eskuragarri, dena kontsumigarri, faktura epe eroso batean ordaindu. Eredu horrek krak egin zuen urtean Lazkaoko mutil (beno mutil, berrogei urteren mugara hurbiltzen diren gazte horietakoak) koadrila batek bekokian seko kolpatzen zaituen disko horietako bat atera zuen: zuzena, gordina, punkya, baina klarinete soinuekin, lehorra bezain mamitsua, esperantzarik gabea, denborek agindu bezala.
Artola (ez Hondarribiko senidekoa) Aldanondo, Jesulin, Zangitu eta enparauek disko umila baina zehatza erditu zuten, punk eta oi! soinuetan karrera luzea eta diskretua osatu ondoren. Brigada Criminal eta beste taldetako partaideak batu eta betiko raka-rakatik harago doan rock eta folk klasikoaren distilazio ia-perfektua ondu zuten: Irlandako punk-folk alkoholikoaren aireak, Johnny Cash anfetaminikoenaren patxara eta merkurio basatia darien gitarra erritmikoak. Ez dago aurkikuntza berezirik, ez dago estilo berririk, bai soinu distiratsua eta tentsiozkoa, herra apaldu batek gidatzen du kanten progresioa. Orain dela urte batzuk Bruce Springsteen mega-izarrak, Pet Seeger gogoan, Ipar Amerikako langileen ereserkiak biltzen zituen disko borobila egin zuen. Baina hori arkeologia musikala zen, Fiachrasena antropologia soziala da.
Eta letrek punketik datorren amorrua eta bizitzatik jasotzen den nekea eta malenkonia islatzen dute. Gaztelaniaz eta euskaraz, gaur egun euskal kaleetan mintzatzen den modu autoglotofagiko horretan hemen beti krisia dagoela adierazten dute. Ez dagoela jadanik ametsetarako tarterik, pitxu ajeak direla autentikoenak, gazte denbora doala eta prekariotasuna eta zalantza existentzialak baino ez direla geratzen. Ahazten ikasi nahi genukeela, behar dugula, baina zulo beltzenean aurkitu ahal dugula nahi genuena. Krisia erabatekoa da, afektiboa ere bada, maskulinitate mindu bat agertzen da zenbait letra barnerakoitan. Eta babes gabe gelditu den langile klasearen ostitxarra besteetan. No holidays in Bardulia. Euskal Herriari gaur egun dagokion diskoa egin zuten Lazkaoko pringau hauek eta parranda amorratuaren erlijioa predikatzen dute, noizean behin, hortik zehar. Ez galdu aukerarik eurekin mozkortzeko. (Bonberena Ekintzak zigiluak atera zuen diskoa eta 2011n beste bat argitaratu diete).
.
Josu Larrinaga (Sodupe, 1964) musikazalea
.
.