Behagunea: Donostia 2016ren talaia digitala
Behagunea: Donostia 2016ren talaia digitala
Donostia 2016 kultura-hiriburutzak Behagunea aurkeztu du gaur EHUko Informatika fakultatean, kultura-hiriburutzak antolatzen dituen ekitaldiei buruzko iritziak automatikoki bildu eta aztertzen dituen webgunea.
Behagunea webguneak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan antolaturiko ekintza zein ekitaldiek Interneten eta sare sozialetan izan duten jarraipena neurtzen du automatikoki. Milaka albiste, iritzi artikulu eta mezu bildu, eta bertan azaltzen diren edukiak sailkatzen ditu, zein gairi dagozkion identifikatuz eta adierazpen horiek positibo, negatibo edo neutralak diren adieraziz. Datu horiek webgunean publikoki ikusgai daude, modu erakargarrian, erabiltzaileei nabigazio eroso eta intuitiboa eskainiz.
Proiektu hau, Donostia 2016ren Hirikia kaiaren baitan, Elhuyar eta IXA taldeek elkarlanean garatu dute. Teknologia berriez arduratzen den kaia da Hirikia, teknologia eta kulturaren arteko loturak sortuz, herritarren ahalduntzea eta irisgarritasun digitala sustatzeko helburuarekin.
Behaguneak, aldeko zein kontrako iritziak modu argian erakusten ditu webgunean, ekitaldien termometro bihurtuz. Horrez gain, webgunean bertan ekitaldi jakin bati buruzko iritzia emateko modua dauka erabiltzaileak.
.
Proiektu europar batean oinarritutako ekimena
IXA taldeak gidatutako Europako ikerketa-proiektu baten (OpeNer project) emaitzak jaso eta aplikatu dira Behagunean, eta, Elhuyarrek garatutako iritzi-erauzketako teknologia konbinatuz, kultura-arloan puntakoa eta berritzailea den aplikazio bat sortu da.
- Sistemak DSS2016EU ekimenaren barruan ematen diren proiektuen inguruko iritzia jasotzen du, denbora errealean. Iritzi bat publikatu eta handik 10 minutura iritzi horiek linguistikoki prozesatuta eta polaritatea aztertuta Behagunean ikusgai daude.
- Aipamenak hainbat iturritatik eskuratzen ditu aplikazioak horretarako sortutako berariazko softwareari esker. Egunkariak, sare sozialak, eta blogak ustiatzeko gai da.
- Iritzien analisi aurreratua. Sistemak mezuen polaritatea detektatzen du, mezuetan aipatzen diren gaiak eta haien egileak identifikatzen ditu. DSS2016EUren domeinura egokitutako iritziak aztertzeko teknologia garatu da, 4 hizkuntzatarako, Euskara barne.
- Datuen bisualizazio aurreratua: Sistemak DSS2016EU ekimenaren barruan ematen diren proiektuen inguruko iritzia jasotzen du, denboran zeharreko aldaketak erakusten ditu, egile aktiboenak identifikatzen ditu, eta jasotako datuen gaineko estatistikak sortzen ditu. Tresnak datu guztiak modu erosoan kontsultatzeko bisualizazio interaktibo aurreratua eskaintzen du.
- Zaintza sistemaren kudeaketa aurreratua: Kudeatzaileak aukera du monitorizatu nahi diren gaiak zein iturriak konfiguratzeko, eta estatistika atal berezitua ere badu. Horretaz gain, jasotako iritzien eskuzko berrikuspena egiteko aukera ematen zaio.
.
Ekitaldien ebaluaziorako tresna
Garatutako bot edo programa informatiko hau modu errazean egokitu daiteke domeinu berrietara. Egokitzeko erraztasun horri esker, beste edozein erakundek edo kultur elkartek erabili ahal izango dute, dagozkion moldaketak eginda, euren ekitaldi, jaialdi edo eguneroko jardueren jarraipena egiteko. Hartara, kultur ekitaldien ebaluaziorako aldagai berriak eragingo ditu Behaguneak, bertaratutakoen kopuru edo ezaugarrien ohiko informazioari gehitzeko moduko datuak eskainiz.
Sistema irekien filosofiarekin guztiz bat datorren soluzio teknologikoa garatu da. Proiektuan zehar garatu diren teknologia guztiak software librea erabiliz egin dira eta lizentzia libreekin eskuragarri daude sarean.
– Webgunea: http://behagune.dss2016.eu/
– Interfazea: https://github.com/Elhuyar/BehaguneUI
– Datu-bilketarako modulua:https://github.com/Elhuyar/MSM
– EliXa iritzien azterketarako modulua: https://github.com/Elhuyar/EliXa
– IXA pipes, testuen analisi linguistikoa egiteko tresnak (EliXaren barruan integratuta daude): http://ixa2.si.ehu.es/ixa-pipes/