Atzo Batzoki festa batean egon nintzen

Atzo Batzoki festa batean egon nintzen

Atzo Batzoki festa batean egon nintzen… #daitort

Astean zehar ikusi nuen kartel kitzikagarria txio batean; bertan irrigarri uzten zuten deialdia, hala baita, ezta?

Lazkao… Goierri, Aralar mendikatea, euskaltegiak eta abar, ondoren kartela gaztelera hutsean ikusteko. Nagusiki gazteleraz egiten den eremuetako euskaldunak haserretzeko modu hoberik ez dago. Baina hizkuntzaren aferez gaindi, animaliako kuriositatea piztu zidan deialdiak. Ez nago ezkongai, ez banatuta, eta ez naiz alarguna; baina “arraro” xamarra bai, nabarituko zenuten bezala, eta nire burua gonbidatuta ikusi nuen.

Inori ezer esan gabe, ingurura begiratuz, atera nintzen nire herritik, klandestino. Lazkaon aparkatu, eta eguzkitako betaurrekoak jantzita, iritsi nintzen helmugara, eta hasi zen festa.

Ziurrenik jango zenuten sekula janariaren argazkiak jartzen dituen jatetxeren batean. Irudikoa eta platerekoa ez dira oso antzekoak izaten, normalean; kartel honen irudiarekin hala moduzko zerbait jazo zitzaidan.

Gazte alai gutxi. Ez nuen kasik inor ezagutzen, aurpegi mediatikoren bat edo beste kenduta. Barrara jo nuen:

—Whiski bat, otoi.

—Jelarekin?

—Bai, noski.

batzokiBarra bazterrean nekatu aurpegia zeukaten bi tipo, aulkietan eserita; burumakur xamar zeuden hasieran, eta kosta egin zitzaidan Olano eta Goia ezagutzea. Haiengana inguratu nintzen elkarrizketa bila.

—Nolatan zuek hemendik?

—Ez gaituk bikote bila etorri, deskonektatu beharrean gaudek. Donosti bueltan giroa arnastezina bihurtzen ari duk erraustegiaren kontura.

—Baina erradikalei arrazoia ematen ari al zarete, orduan?

—Ez duk ulertu.

—Beno, beno, eta parranda asmoarekin?

—Ez goaz etxera.

Ez naiz askoz gehiago oroitzen, igande motela daukat benetan, eta ez dakit hau guztia amestu egin dudan, han egon ote nintzen edo ez, eta “La chica del Batzoki” Batzokian edo Herrikoan entzun nuen. Baina literaturak literatura, festa hartan inor gutxiren ezpainak dastatu zituen euskarak, aurretik eta ondoren; eta kartelak barregura ematen didan arren, tristura handia ere sentitu dut. Pena da.

Atzo Batzoki festa batean egon nintzen Atzo Batzoki festa batean egon nintzen Atzo Batzoki festa batean egon nintzen

3 pentsamendu “Atzo Batzoki festa batean egon nintzen”-ri buruz