Ba al dator aldaketa?
Badaramagu denbora dexente Ezker Abertzalearen proposamen eta txosten berriak irakurtzen eta badirudi zerbait aldatzera doala, badatorrela aldaketa.
(Testu hau ez da inolaz ere Ezker Abertzalearen alde egiteko, baizik eta nere ikuspuntua azaldu eta posible bada, besteen iritzia jasotzeko.)
Alde batetik kontuan hartu behar da ETAk hilabeteak daramatzala ezer esan gabe, ala isilpean. Honez gain, Ezker Abertzaleak zenbait txosten plazaratu eta gero Altsasuan egin du proposamen berria. Jende asko dago Ezker Abertzaleak ematen ari den pausoei so, baina argi dago oraindik asko gelditzen dela gatazka honekin amaitzeko.
Ona hemen nere ustez aurrean ditugun oztopo nagusiak:
Alde batetik ETAren indarkeria. Honi esker estatu españolak justifika ditzake hemengo zenbait alderdi, manifestazio etab-en aurkako erasoak. Honez gain, ETA aktiboki lanean dabilen bitartean gobernuak ez du asmorik bake prozesu berri batean sartzeko. Nahiz eta hilabete batzuetan zehar isilpean egon, ETAk ez du adierazi indarkeria alde batera uzteko asmoa duenik, beraz guzti hau ideia hutsak dira…
Hau gutxi balitz, Espainia mailan PSOEren egoerari begiratuta, bake prozesu berri batek bere boterearen behin betiko galera ekarriko luke, izan ere, orain PP aurretik badu, bake prozesu berri bat aurrera eramango balitz ziurrenik ezingo lituzke hauteskundeak irabazi eta hori ezin dute onartu.
Atxiloketak, ilegalizazioak, desagerpenak… Azken hilabetetan, Ezker Abertzalearen buru direnak atxilotu dituzte, hots, bake mugimendu berriaren alde dauden horiek. Honi gaineratu behar zaizkio SEGIko gazte guztiak eta duela hainbat hilabete desagertutako Jon Anza eta hainbat herritarrek salatutako guardia zibilaren partetik jasotako mehatxuak etab.
Ez da erraza hainbeste urtetako gatazka bat konpontzea, baina nire ustez herriak aspaldidanik eskatu du hau amai dadin. Jendea nazka-nazka eginda dago proposamen antzuekin, atxiloketekin eta bakerantz ez garamatzaten ekintzekin azken finean.
Ezker Abertzaleak dio otsailan aurkeztuko duela bere azken txosten barne hausnarketaren ingurun eta nire zalantzak baditut geratuko denaren inguruan… Ezker Abertzalearen barne hausnarketaren amaieran bi ondorio lor daitezke. Alde batetik, Otegiren jarraitzaileak garaile ateratzea (bide politikotik soilik borrokatu behar dela diotenak) ala bide politiko eta armatutik jarraitu behar dela uste duten horiek irabaztea.
Ezker Abertzaleak eman dezakeen pausoa berebizikoa da gatazka honekin amaitzeko, baina garrantzitsua da ere ETAren erantzuna, izan ere, honek proposamen hau onartzen ez badu, gatazkak luzera joko du eta betikoan jarraituko dugu. ( Hala ere, kontuan hartu behar da Tasio Erkiziak esandakoa, hots, ETAk Ezker Abertzalearen proposamen berria onartuko zuela.)
Testu honen bidez hausnarketa sortu nahi dut eta bide batez zuen iritzia jasotzea ere gustatuko litzaidake iruzkinen bidez.
Nik beste askok bezala, gatazka hau amaitzea nahi dut eta Ezker Abertzaleko kideei aurrera egiteko eskatu nahi diet egiten ari diren barne hausnarketan erabaki zuzena hartu eta bakerantz egiteko.
JO TA KE BAKEA LORTU ARTE
” Ez dago biderik bakerantz, bakea baita bidea” Mahatma Gandhi