Non Dago Euskal Sheldon Cooper?
Non Dago Euskal Sheldon Cooper?
Gustuko nuen Sorginen laratza: gogora ekartzen dit Nafarroan ETB ikusten ahal genuen garai zoriontsu hura, telebista guziak analogikoak zirenekoa, LTDk marrazki bizidunak egunero 24 orduz ikusteko aukera sortu aitzineko aro idilikoa. Gustuko nuen, adibidez, Anjel Alkainek antzezten zuen Joxe Antonio Arana pertsonaia –eta are gehiago gustatzen zitzaidan, EAJren mitin batzuetara joaten zelarik, jendea hurbildu eta “Egun on, On Sabino” agurtzea, treintayochoko gudari jeltzalea eta alderdiaren sortzailea nahastea alegia–. Hain nuen gustuko Sorginen laratza, ezen euskara ikasteko asmo pedagogikorik gabe ikusten bainuen; saioak ematen zidan gozamen hutsagatik jartzen nintzen sofan, telebistaren aitzinean. Eta hain nuen gustuko, ezen gustuko bainuen, orduan boladan zegoen Crónicas Marcianas gorrotagarria iduritzen zitzaidan arren. Aurkezleetan, Xabier Euzkitze nahiago nuen, Klaudio Landa baino: Xavier Sardaren ereduak pisu handia izan arren, Euzkitze ez zen inoiz saiatu euskal Sardà izaten –ez, bederen, nire oroimenean–; Landak, ordea, muturreraino eraman zuen euskal Boris Izagirre izan nahia –berriz ere, nire oroimen hauskor eta ez fidagarrian–.
Ereduak bilatzea eta egokitzea ez zait gaizki iduritzen; neroni ere inspirazio bila ibili nintzen han-hemenka –zer kopiatua bilatzen ibili nintzen alegia–, egiten dudan zera hau –irakurleak para ditzala izen deiturak: gogoeta zoragarri hau, patetismo ariketa hau, nahaste-borraste ulertezin hau…– egiten hasi nintzen artio. Gustukoen artean, 90eko hamarkadan –Crónicas marcianas eta Sorginen laratza sortu baino lehentxeago– Quim Monzo idazle katalanak TV3eko Persones humanes saioan egiten zituen bakarrizketa batzuetan absurdoak, batzuetan ironikoak –ez nituen, jakina, 90eko hamarkadan ikusi, 21. mendeko bigarren hamarraldian baizik, Interneti esker–.
Behin, Monzoren bakarrizketa bat ikusten ari nintzelarik, atentzioa eman zidan ikusle batek YouTuben utzitako komentarioak: gogoan zuen, saioa telebistan ikusi ondotik, biharamunean ikaskideekin komentatzen zuela institutuko patioan, eta hori omen zen, gainera, iruzkingile horrek saiotik zuen oroitzapen politena. Beraz, Persones humanes, oro har, eta zehazki Monzoren bakarrizketa, mintzagai egokiak ziren, nonbait, gazte katalanen artean.
Non dago, gure artean, biharamunean institutuko patioan gazteek komentatu nahiko luketen saioa? Non dago, euskara euskaldun egiten gaituena delako ez, baizik eta ongi pasarazten digulako ikusten dugun saioa, harrapatzen gaituen saioa –edo, nafarren ikuspuntua egokiago adierazteko, ahal bagenu, ikusiko genukeen saioa; ikusteko aukera izanen bagenu, harrapatuko gintuzkeen saioa–? Edo, Argia aldizkarian berriki galdegin zuten bezala, non dago lo orduak galaraziko dizkidan euskal telesaila –nahiz eta aitortu behar dudan Eskamak kentzeneko lehen kapituluak katigatua eduki ninduela sofan, ezin asmatuz zein ote zen Barbara Goenagaren pertsonaiak amarengandik eta amatxirengandik babesten zuen sekretua, zer kukutzen ote zen kuxin erraldoi, soineko zabal eta XXXL fular haien guzien gibelean–? Umoreari begiratzen badiot, baserritismoa ikusten dut batetik, eta, bertzetik hizkuntzaren gaineko bromak –zeren, euskarari buruz ez bada, zertaz mintzatuko gara euskaraz?–; eta, bigarren hauek, ez beti nahiko nukeen bidetik: batua, maiz, pedantekeriaren pare da, baina txisteak, ez gutitan, erdaratik edo erdarak lagunduta etortzen dira.
Joan den asteko elkarrizketa batean, Berrian, Joseba Gabilondok erran zuen literaturak ez duela errealitatea islatzen, sortu egiten duela. Nire iduriko, euskal telebistako umorea, euskal telebistako telesailak, tematuak daude aspalditik eredu jakin bat “islatzen” –hau da, sortzen eta betikotzen–, hain zuzen ere euskaldun naturalarena, behiak jeztetik ia-ia zuzenean platora joana, eta irudipena dut orain artio uko egin diotela dagoeneko existitzen diren bertzelako ereduak “islatzeari” –hau da, indartzeari eta hedatzeari–. Non dago, gure umorean edo gure telesailetan, euskarari buruz ez, baina euskaraz B serieko zinemaz, komikiez edo musikaz mintzatzeko gogoa duen fikziozko pertsonaia? Non dago eredu jakin batetik urrundu arren, espainola izatearen susmopean ez dagoen euskalduna; hau da, berehala erdarara jotzen duen pijoaren estereotipo nardagarria –o sea, tía, super fuerte iruditzen zait– hausten duena? Non daude, Twitterretik kanpo, euscoolak, hipsterrak, frikiak…? Non dago euskal Sheldon Cooper –euskal, betiere, Euzkitze euskal Sardà zen heinean, ez Landa euskal Boris Izagirre zen neurrian–?
Eskolan, behin, gaztelania irakasleak Ramoncinek idatzitako El tocho cheli ekarri –ez, titulua ez da gaizki zahartu: orduan ere erridikulua zen– eta gazteen argota biltzen zituen hiztegi hartako definizio batzuk irakurri zizkigun. Solas bakoitzarekin –capullo, cañero, chungo–, irri egiten genuen, klaseko liderrak izan ezik, baina hitz arruntak baitira, egunero erabiltzen ditugunak, erraten zuen, ongiaren eta gaizkiaren gainetik –apezekin ikasi nuen, mutikoen artean, eta segur aski gimnasiako aldagelan konprobatu ahal izan genuen klaseko liderra izan zela zakilaren inguruan ilea izaten lehena, horrek dakarren ardura mugagabearekin–. Baina klaseko liderrak ez zekiena zen –klaseko liderra eginahalean erabiltzen baitzuen bere indar guzia– ez genuela irri egiten hitz arraroak zirelako; irri eginarazten ziguna zen gure eguneroko solas normal baina informal haiek euskarri formal batean –liburu batean, hiztegi batean, Ramoncinek idatzia bazen ere– aurkitzea. Hiztegiak, gu ginen gazte haien ikusmoldean, ez ziren argotaren toki naturala.
Aste honetan, Faktorian gazte hizkeraren hiztegi bat osatzeko proiektu baten berri eman dute, eta –argi gera bedi– arrunt ongi iduritzen zait; are gehiago, segur aski erosi ere eginen dut, eta erabili ere bai; seguru nago itzultzaile batek baino gehiagok eskertuko dutela tresna hori eskuar izatea. Baina, ez gaitezen engaina, helburua baldin bada euskaraz gazte hizkera sortzea, bulkatzea edota hedatzea, noizbait alde batera utzi beharko genuke gure kultura, edo, kasu honetan, gazteen argota, barandiaranizatzeko joera –hots, bil ditzagun aztarna guziak, desagertu baino lehen–. Ongi da hiztegigintzan aritzea, eta ongi ari dira naski horretan ari direnak, baina susmoa dut gazte hizkerari eta, oro har, euskarari fabore handiagoa eginen geniokeela, eskama zaharrunoak kenduta gazteak institutuko patioan komentatzera eta lo orduak galtzera behartuko lituzketen saioak sortuko bagenitu. Ni euskal Sheldon Cooperren esperoan nago.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Aaaaa… Googlen begiratu eta ikasi dut nor den Cooper hori. Zenbait arrtsalde/gautako zapping saio konpultsiboetan ageri ohi den aurpegi ezaguna. Hurrengoan ohiko 2 segunduoak baino gehiago emango dizkiot, sobraere merezi du.
Uste nuen, Txoministak bezalako serietxo batek lortuko zuela aipatzen duzun horren esperientzia piloto izatea, baina badirudi irudimena falta zaigula. Bi kapitulu ikusi ditut eta “Landa euskal Boris Izagirre” horretatik gehiago du oraingoz, bestetik baino. Ea hirugarrengoan.
Nik txoministak-i ikusten diot potentziala, gazteak dira sikiera…
alferrik habil…
Han behintzat gure (anti-) heroea da. Disfuntzioen superheroea, gure barneko Sheldon arekin kontaktuan jartzea ahalbidetu diguna. Gure Sheldon behar dugu¡
Kultura urbano bat sortzeko zailtasuna (ezintasuna?), hori da, behin eta berriro, euskal kulturaren garapen “normal” bat oztopatzen duen harria (lepotik zintzilik daramaguna). Eta ez dakit barandiaranismoarekiko joera (ze kontzeptu polita, eskerrik asko, Santi!) horren eragilea den, ondorioa, edo gauza biak batera. Garbi dago elite euskaltzalearen barruan aspaldi gainditutako arazoa dela, baina herritar arrunten artean? Ez dirudi.
Dena den, euskal Sheldon Cooper sortzen duen gidoilariak dozena erdi Euskadi sari merezi izango du, guztiak aldi berean. Ez dakit horretaz nahikoa jabetzen garen.
Eta, bide batez, zergatik ez Euskadi sari bat euskal gidoilarientzat? Ideia ona litzateke kategoria hori ere sortzea…
Brinkola, nire ustez saio polita izan zen komedia absurdo, beltz, arraroa egite aldera, “baserritarrismoa” eta joera dialektala baztertu ez arren. Badirudi egileak bide zail horrekin nekatu eta errazkeriara itzuli zirela.
Alegia, izan liteke landa-girokoa, baina originala eta kalitate onekoa ere.
Oso oker ez banabil, Brinkola ikusle faltagatik utzi zion emititzeari ETBk. Ez nuke esango errazkerian erori zirenik, Telmo Esnal eta Asier Altuna aritu baitziren zuzendari lanetan. Horiek beste proiektu batzuekin dabiltza egun, jakina denez.
Erne, euskal hispterrak, aukera hau ezin duzue pasatzen utzi!
http://www.lomography.es/magazine/321073-presentando-la-nueva-lomo-instant-edicion-san-sebastian
Ados nago zurekin. Hala ere, hara, euskaraz edozein gaiz aritzea aladarrikatzen duzu… baina zure erreferenteak espainol hutsak dira: Boris Izaguirre, Jose Maria Sarda, Ramoncín, Monzó… hori besterik ez (bide) duzu ezagutzen. Tira, mundua zabalagoa da, Espainia dena baino xabalagoa… Zozoak beleari, ipurbeltz.
Kartzela mehar batean bizi nintzen, eta ez nekien; beharrik gaztigatu didazun: hemendik aitzinat, saiatu naiz nire ikuspegia eta nire erreferentziak hedatzen.
Quim Monzó espainola da? Hara!, hori ere ez nekien. Aunitz ari naiz ikasten gaur.