Diario Vasco-Navarro
Diario Vasco-Navarro
Zaila da modu objektiboan neurtzea Diario Vasco egunkariak Gipuzkoako jendartean daukan eragina. EH Bilduren aurka azkeneko urteetan egin duten lana ikaragarrizkoa izan da, hondakinen aferatik zelai batean jarri nahi zen artalde bateraino. Bonbardaketa, egunero, albiste eta albiste bihurtzen zituzten gertaera ezberdinekin hornituta, baina dena norabide berean: beste modu batean eta beste interes batzuen alde jarduten zuen gobernu baten higadura.
Nafarroan aldaketa eman zen unetik agerikoa zen egunkari honen homologoak, Diario de Navarrak, berdin jokatuko zuela. Kontua ez baita gai zehatz baten inguruan egin dezaketen desitxuratzea, baizik eta egiten den GUZTIA, GUZTIA, modu negatiboan jantzi eta maleziaz egositako pozoi hori Nafarroako jendartearen zati handi baten bazka izanen dela. Ahaztu Diario de Navarraren ildo editorial zehatzaz: eskuina, espainiarra, monarkia zalea… Orain, euren ildo estrategikoen mesedetan, pausu taktikoa eman dute: aldaketaren aurka erabili dezaketen edozer gauzari hauspoa ematea.
Diario Vascok tresna eraginkorrena hondakinen kudeaketaren bueltan topatu zuen, eta hitz magikoa sozializatu: inposatzea. Ez dakit oso goiz ez ote den Diario de Navarrak bere lanabes nagusia hautatu duela esateko, baina irudipen hori daukat. D eredua zabaltzea ez baita Iruñeako kontua, Nafarroa osokoa baizik; eta hitz totemikoak jada eman du jauzia tinta eta paperera: inposizioa. Horretaz gain, gobernuko koalizioan talkak sortzen dituen gaia da, beraz ezaugarri oso erakargarriak dauzka gai honek erregimen zaharraren jarraitzaileentzako.
Berdin dio D eredua zabaltzea justua eta demokratikoa izatea, bost axola nafar guztiek hizkuntz eskubide berdinak izatea zilegi dela aldarrikatzea. Ez birziklatzea ez dela eskubide bat esatea ere oso zentzuduna da, baina begira. “Inposizio” kontzeptua sozializatzea lortzen badute, kito.
Diario de Navarra hasi da portada eskaintzen kontzentrazio txikiei. Elur bola handitzea besterik ez dute nahi, eta berdin dio gobernutik zer argudio erabiltzen den, aise lortu dezakete inposizioaren kontzeptua sozializatzea. Gipuzkoan gaizki egin ziren gauzetatik ikasi eta erronka honi hobe heldu dakioke Nafarroan.
Horretarako ezinbestekoa dira herri mugimendua eta bere komunikazio tresnak, Diario de Pattarra barne; baina jada aldaketaren alde dauden horietatik harago zabaltzean egongo da erronka nagusia.
Diario Vasco-Navarro
EITB izan zen estrategia horren beste zutabe garrantzitsua, besteak zuk aipaturiko Diario Vasco, Diario de Gipuzkoa, … etab.
Zorionez, UPN-k ez du PNV-k (eta bere partido lagunek) duen indar mediatikoa. Zoritxarrez, badu eskarmentua manipulazioan, herria zatitzen, klientelismoa sortzen, etab.
Guztiz ados artikuluarekin.
Baina erronka ez da aldaketaren alde dauden indarretatik haratago iristea, erronka da euskararen gaian aldaketaren aldeko indar guztietara iristea. Argi gelditu da euskararen gaian Izquierda-Ezkerra CCOOen ahotsa (aldaketaren eta euskararen kontrako indarra) izanen dela, eta Podemos-en euskarafobikoek indar handia dutela.
Eta euskararekin loturik, “inposizioa” kontzeptua jadanik sozializatua dagoela esanen nuke, jendartearen zati zabal batean.
Azkenaldian zenbait artikulu argitaratu dira. baliagarri izan daitezkeenak euskaldun/abertzale ez direnen artean “inposizioaren ideiari” aurre egiteko:
http://www.noticiasdenavarra.com/2016/02/20/opinion/columnistas/a-la-contra/de-sentido-comun
(Zerrenda bakarraren alde, ez euskaldun ez euskal abertzale ez den batek)
http://www.noticiasdenavarra.com/2016/02/20/opinion/tribunas/lingua-navarrorum-patrimonio-o-estorbo
(Euskarazko haur eskolen alde, eta Podemos-en elitismoaren kontra)
Ta jendearen ardura hau guztian? Hau da, DVk ta enparauek manipulatzen dute, ados, baina oso erraza da beraien informazioa deusestatzea, erraten dutena gezurra dela ikustea….
Gauza da, irakurle mordo ta mordo irakurtzen dutena irakurri nahi dutela, berdin zaie egia dan ala ez, hori da gauza.
Euskararen inposizioan adibidez, gauza ez da beraientzako inposizioa dan edo ez, gauza da depende nor bozkatzen duten, ze hizkuntza menderatzen duten….arabera, gauz bat edo bestearen alde egiten dutela, berdin zaie zein dago ondo edo zein dan zilegi, beraiei ondo doakiona nahi dute..
Ez da inposizioa, da ikasi gabe postuak eskuratu nahi izatea, da euskara desagerrarazi nahi izatea.. beste guztia aitzakiak dira besterik ez.
DVren aburuz Bilduren erruz bi kamioi zabor bidaltzen ziran egunero beste erdkidego batera, orain 25 bidaltzen dituztela egunero, DVk dio aldundia behartua izan dela.
Jendea ez daki zer dan txarragoa? Bai badaki, baina txarragoa ta garestiena dena ez die ardurarik ezarriko zaborraren kudeaketan, beraz ontzat ematen dute Bildurena akatsa zala ta EAJrena ez.
Ta gehienak ez dianez ondo informatu nahi ondo datorkielako pentsatzen dutenarekin….
DVren manipulazioa edo irakurleak DVri eskatzen diotena? ETBren manipulazioa edo EAJren bozkatzaile gehienak ta PPSOEko ia guztiak nahi duten eredua? Berdina da.