Euskararen gaineko legeaz Legebiltzarrean

Euskararen gaineko legeaz Legebiltzarrean

Euskararenganako ardura daukaten guztiak hizkuntza egoerarekin kezkatuta daude. Hizkuntza Politika Sailburu Ordearekin hasita, Euskaltzaindiarekin jarraitu eta euskalgintzako eta euskaltzaleen elkarte eta taldeetako kideenganaino iritsita. Eta hemendik aurrera zer? txostena idatzi zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Euskaltzaindiak antolatu berri du Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak mintegia edota Topaguneak aspaldi argitaratutako Ikusi eta Ikasi txosten mamitsua. Hiru adibide eta hiruak funts berekoak:

  • Euskararen normalizazio prozesuak indarra galdu du
  • Berreskurapenaren abiada geldotu da
  • Impasse egoeran gaude
  • Atzera jotzeko arriskua dago.

Euskararen gaineko legeaz LegebiltzarreanÑabardurak ñabardura, guztiok bat datoz euskararen erabilera-maila eskasa dela eta zerbait egin behar dela hizkuntzaren normalizazio prozesua bultzatzeko eta sendotzeko. Eztabaida kalean dago. Eztabaida zabaltzen ari da gizartearen sektore desberdinetan eta kezka da nagusi. Esaterako, honela idatzi du Hizkuntza Politikako Sailburuordeak: Euskara biziberritzeko prozesuan ongi egindako gauzetan sakonduz, zuzendu beharrekoak zuzenduz eta gizartearen aldaketek dakartzaten erronka eta behar berrietara egokituz jarraitu behar dugu aurrera egiten euskararen normalizaziorantz, hots, euskararen adin nagusitasunerantz.

Bestetik, Iñigo Aranbarrik idatzi berri du Berria egunkarian langileei galdatzen zaiela hizkuntza-eskakizuna, ez agintariei, ohartu denean agintari gorenek gaztelaniaz egiten dutela gehien-gehienetan. Maialen Lujanbiok, Euskadi Irratian, bere gogoeta eta kezka zabaldu du salatzeko hedabide publikoek praktikatzen duten akulturazioa eta euskararekiko bazterkeria. Legebiltzar andere jaun gehienok dakizuenez, Iñigo Aranbarri idazlea da eta Maialen Lujanbio pentsalaria eta bertsolari handienetako bat da, biak ala biak euskararen hiztun elkarteko pertsona jantziak, errespetuzkoak eta ezagunak.

.

Legealdia ez da onuragarria izan

Euskaldunontzat, amaitu berri den Espainia Estatuko legealdia gogorra izan da. Erresumako gobernuaren ordezkariek zorrotz jardun dute Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, udalerri euskaldunen eta hizkuntza normalizazioaren aurka. Ehunka salaketa egin dituzte epaitegietan berreskurapenaren prozesua eragotzi nahian. Zorionez, gehienetan galdu egin dute baina egindako kaltea ez da konpondu. Helegiteak, salaketak, debekuak eta, oro har, euskararen erabilera epaitegietako auzia bilakatzeak nabarmen erakusten du euskaraz jardun ahal izateko ez dagoela behar adinako babes juridikorik edo legalik.

Beste aldetik, gure hizkuntza biziberritzeari dagokionez, Legebiltzar honetan amaitzear dagoen legealdia ez da oso onuragarria izan. Ezagutzen ditugun datuen arabera, legealdi honetan hizkuntza eskubideen urraketak ez dira apaldu, euskararen erabilera ez da esanguratsuki hobetu eta hizkuntza politikaren aurrekontuak, erlatiboki bada ere, murriztu egin dira. Intentzio zuriko txoriñoaren publizitate-kanpainak ere ezin estali ditzake hizkuntza normalizazio prozesuaren gabeziak. Euskararen txantxangorriak erdara-kukuaren arrautzak txitatzen baditu habiatik kumeak erdaraz kukuka aterako dira. Hizkuntza egoera indarrean dagoen hizkuntza politikaren ondorio zuzena baita.

Kezkatuta gaude, bai, Legebiltzar honetatik ere kezkatuta gaude. Kontsideratzen dugu, ez dagoela behar besteko berme juridikorik edota legalik euskaraz jarduteko, oro har, eta euskaraz aritzeko tokiko erakundeetan, bereziki. EH Bilduren ustez, hizkuntza alorreko legedietan hutsuneak eta gabeziak dauzkagu.

Badira izan, nazioarte mailan eta Espainiako Erresuman euskararen erabilera babesten duten legerik eta araubiderik. Adibidez, 1996ko Bartzelonako adierazpena (UNESCO), Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Karta edo, estatuan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, Udal Batzen Lurralde Mugaketa eta Biztanleriaren Erregelamendua, Toki Erakundeen Antolaketa, Jarduera, Araubide Juridikoaren Erregelamendua eta beste batzuk.

Paradoxikoa da, baina nazioarteko edota estatuko legediak eraginkorrago arautzen du hizkuntza gutxituaren erabilera autonomiako legeek baino. Hizkuntza gutxituak, euskara halakoxea baita, lege argiak eta eraginkorrak behar ditu hizkuntzen arteko asimetriari aurre egiteko. Euskararen normalizazio prozesuak lege orokor berria behar du.

Euskararen gaineko legeaz LegebiltzarreanEuskararen estandarizazioa mila bederatziehun eta hirurogeita zortzigarren urtean abiatu zen, Arantzazun. Artean, diktadura garaian, Euskaltzaindiak eta euskaltzaleek lortu zuten adostea euskararen batasunerako oinarrizko eredua, lan zaila eta latza. Horrela, autonomia abiatu baino lehenago, Euskara Batua abiatu zen. Jaurlaritzak bideratua aurkitu zuen hizkuntza estandarraren auzia. Orduz geroztik, euskararen normalizazioaren prozesua, bizia, aldagarria eta kontraesanez beteriko prozesua izan da. XX. gizaldiaren hirurogei hamarraldira arte, kasurako, galera biziko gertaera jazo zen: euskara hamaika euskalkitan zatitzen ari zen, gramatika idatzirik gabe, eskola hizkuntzarik eta eredu estandar kulturalik gabe, euskarak baserritar eta arrantzale eremu mugatuetan ozta-ozta zirauen. Hirurogeigarren hamarraldian abiatu zen euskararen berreskurapen prozesu bizkorra. Autonomia eta Foru hobekuntza ekarri zutenerako prozesu abiada bizikoa zen.

Horrela, Legebiltzar honen aurreneko legealdian (1980-84) 60 legebiltzarkide hautatu ziren: 25 (EAJ), 11 (HB), 9 (PSE-PSOE), 6 (EE), 6 (UCD), 2 (AP) eta 1 (PCE). Legealdi horretan onartu zen, hain zuzen ere, euskararen erabilpena arauzkotzeko oinarrizko legea. Lege horrek, formalki, EAJ, PSE-PSOE, EE, UCD eta PCE-EPK indar politikoen babesa lortu zuen, 60 legebiltzarkideetatik 47k, % 78k, babestu zuen legea. Legea babestu zuten indar politikoek bildutako botoak zenbatuta, 686.216, babesa ez zen iritsi % 75era.

Garaian garaiko egoera zela-eta, esan daiteke lortutako adostasun-maila nahikoa handia zela. Dudarik ez. Hogeita hamahiru urte beranduago, ostera, legea babestu zuten bost indar politikoetatik hiru desagertu dira: UCD, EE eta PCE-EPK. Oraingo Legebiltzarrean garai hartako EAJ eta PSE-EE geratzen dira, 37 hautetsi (% 57,33) edo 595.575 boto (% 53,75)

.

Legea berritzeko garaia

Oraingo Legebiltzarreko indar politiko berrien jarreraren gainean espekulatu gabe, esan dezakegu orduan lortutako adostasun-maila orain askoz handiagoa izan zitekeela. Bide horretan, Euskararen Erabileraren Normalizazioaren Oinarrizko Legea berritzeko garaia iritsi da. Horrela, lehen esandako arrazoiez gainera beste bi aipatuko genituzke: legea zaharkiturik geratu delako eta adostasun-maila handiagoa behar delako normalizazio prozesuaren hurrengo urratsak egin ahal izateko.

Euskaraz, hau da, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da Euskaltzaindia (1919). Euskaltzaindiak eman ditu hizkuntzaren normalkuntzarako arauak. Euskaltzaindiak ezagutza ofizial osoa du, Espainian Errege Akademia bezala (1976), eta Errepublika Frantsesean Onura publikoko erakunde gisa (1995). Gizartearen aldetik ere herritarren artean aitormen orokor zabala bereganatu du. Arrazoi hauengatik, arauak emateko jarduera azkarra bizi izan du Euskaltzaindiak, betiere euskaldunen hizkuntza batasuna eta eguneratzea gidatuz, 1968tik hona, batez ere. Horrela irakur daiteke Euskaltzaindiaren web gunean.

Hizkuntza politikaren ardura nagusiak, berriz, euskararen lurraldeetan diharduten herri-administrazioa eta erakunde publikoei dagozkie, Nafarroako Foru Gobernuari eta Foru Parlamentuari, Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari eta, Iparraldean, Euskararen Erakunde Publikoari.

Legebiltzar honi dagokio, besteak beste, hizkuntzaren alorreko legedia egitea eta eguneratzea. Euskarak, hizkuntza egoerak, lege berria behar du: lege orokorra, euskararen hiztun elkartea ernamuina duena, euskalgintzarekin adostua, integratzailea, euskararen lurraldeen arteko harmonizazioa bilatzen duena, informazio eta komunikazio teknologiei begirakoa, normalizazioaren oinarriak sendotzen dituena eta hizkuntza gutxituaren erabilerari berme juridiko osoa ematen diona.

Euskararen gaineko legeaz Legebiltzarrean

Argazkiak- Eguzkilorea: Antonio Somoza/ Kukua: Lip Kee

 

3 pentsamendu “Euskararen gaineko legeaz Legebiltzarrean”-ri buruz

  • Ados, Guztiz ados:
    “Legebiltzar honi dagokio, besteak beste, hizkuntzaren alorreko legedia egitea eta eguneratzea. Euskarak, hizkuntza egoerak, lege berria behar du: lege orokorra, euskararen hiztun elkartea ernamuina duena, euskalgintzarekin adostua, integratzailea, euskararen lurraldeen arteko harmonizazioa bilatzen duena, informazio eta komunikazio teknologiei begirakoa, normalizazioaren oinarriak sendotzen dituena eta hizkuntza gutxituaren erabilerari berme juridiko osoa ematen diona”.
    Zerbait falta, halaz ere:
    “Eta euskal gizarte honi dagokio, besteak beste, euskararen normalkuntzarako erabaki horiek guztiak behar bezain estu, tinko eta hertsi bete daitezela zaintzea, exijitzea eta bermatzea. Eta horretarako, lobby-en funtzioa izango lukeen koordinadora sendo eta indartsu bat artikulatuko du euskara hizkuntza eta kezka nagusitzat duten erakunde ezgubernamental guztiak barnehartuz”.

  • Ados biokin.
    Beste atal bat gehituko nioke: “euskararen normalizazioaren alde eta euskaldunak berdintasunezko baldintzatan bizi daitezen alde dauden alderdiek, eredu eman behar lukete. Ez kide batzuek bakarrik, guztiek baizik”.

  • Eta ez al da Kontseilua bete behar lukeena “lobby” funtzio hori? Badirudi ez dela nahikoa, edo Jaurlaritzaren konpetentzia gisa ikusten dela, edo ezker abertzaleari lotuegia. Agian behar duguna da entitate transbersal bat benetan boterea duena (ekonomikoa, politikoa). Alderdi euskaldun bat?