Politikariak sagardotegira
Hauteskunde kanpaina honetan Espainiako alderdi esanguratsuen hautagaiek eurak ere gizakiak direla erakutsi nahian ibili dira. Dantzan, sukaldean edota aitorpenetan ibili dira sastatzen baditugu eurek ere odola dutela jakin dezagun. Guztiak ez ditut ikusi baina esan dezaket ikusi ditudanak nahiko artifizialak iruditu zaizkidala. Bertín Osbornek Mariano Raxoiri esandako joder, joder, joder hark oso ondo laburbiltzen du eredu hau, izan ere, hautagaiak ez ziren konfort gunetik atera. Azken finean, halako telesaioak lausenguak jaulkitzean datzate eta horren jakitun dira bertara doazen politikariak. Beraz, ez espero bertan elkarrizketarik, berriketarik akaso.
Kontua da laster Eusko Legebiltzar berria osatzeko hauteskundeak iritsiko direla eta beldur naiz ez ote dugun Espainiako eredua kopiatuko. Esan nahi baitut, ez ote dugun Iñigo Urkullu berriro ikusiko umeen galderak erantzuten, ikusleok robot bat ez dela egiazta dezagun, edota, ez dakit nik, sozialisten hautagaia saxofoia ahoan, musika jotzen jakingo balu bezala (sozialistak oso progreak dira, bai). Espainiako eredua kopiatze aldera, Xabier Euskitzek Bisitariaren edizio berezia egin lezake eta alderdi guztien hautagaiekin tartetxo bat eman, batzuekin elkar ulertzea korapilatsua suerta balekioke ere. Baina badira forma zuhurragoak jator-jator agertzeko, hala nola edozein politikariri eginiko elkarrizketa en bucle errepikatzea, Hamaika Telebistakoek Izagirrekin egin zuten nola. Gauza jakina da Juan Karlosek ez zuela halakorik behar, bera izatez jator-jatorra delako.
Baina ez ditut lehengo akatsak errepikatu nahi eta ideia iraultzaile batekin natortsue: politikariak sagardotegira. Hala, txorizo garratza jan ostean Iñigo Urkullu aldarte ezberdinak dituela egiaztatuko genuke, Idoia Mendiak ergatiboak eta tortilla aldi berean jaten dakiela ohartuko ginateke, eta ez ninduke harrituko afalosteko txotxean Gorka Maneirok Lepoan hartu kantatzen amaitzeak, Otegi eta Urkullu lepotik hartzen dituen bitartean. Era berean, ohartuko ginateke Otegik ez dituela bere txantxak eguneratu eta Que viva España, pero que viva lejos oihukatuko lioke mahaiaren bazterrean intxaurrak apurtzen ari zen Alfonso Alonsori. Bonus track lez, Albert Rivera eta Pablo Iglesias ere gonbidatuko nituzke, Ahal Dugu eta Ciudadanoseko afixetan agertuko baitira eta, koño, euskal ohiturak erakutsi behar dizkiegu.
Boteprontoan, Karlos Argiñano jarriko nuke sukaldari eta aurkezle eta Reyes Prado legoke bere ondoan. Nahasketa mundiala. ETB1en audientzia-mailak ikusita, hauek altxatzearren edozer dugu posible eta esan gabe doa proposamen honekin audiometro guztiak hautsiko lituzkeela eta politikak dagokion esparru zentrala berreskuratuko lukeela jendearen urrutiko agintean. Nork ez luke telebista piztuko Gorka Maneiro irribarretsu ikustearren? Eta Urkullu eta Otegi azken txuleta zatia jateko borrokan ikustearren? Hauxe da bide berria, mundu– mailan aitzindari bilakatuko gaituena eta Basque Model edonora esportatuko genuke. Utikan Bertín Osborne eta bere eredu zaharkitua! Utikan Pablo Motos eta bere dantza kutreak! Aurrera Karlos Argiñano eta bere txantxa lotsagabeak! Aurrera Reyes Prado eta bere grazia! Euskal politikariak sagardotegira!!!
PD: Argazkia Gipuzkoa Kulturak egina da.