Euskal Ikasketak Sorbonne Unibertsitatean

Parisko Sorbonne IV ospetsuak Euskal Ikasketak eskainiko ditu datorren urtetik aurrera, Etxepare Euskal Institutuarekin atzo sinatutako hitzarmenari esker

<<Hitzarmena sinatzearekin batera euskal zineari eskainitako programa bat hartu du aste honetan unibertsitateak>>

Etxepare Euskal Institutuak eta Paris Sorbonne IV unibertsitateak aste honetan sinatu duten hitzarmenaren ondorioz, Euskal Ikasketen programa zabalduko da 2016. urtean Frantziako unibertsitate garrantzitsuena den horretan. Institutuak badu aurretik ere Euskara eta Euskal Kulturako irakurletza bat Sorbonne Nouvelle Paris III unibertsitatean; Paris Sorbonne IV entzutetsuarekin lortutako akordioak eskaintza hori osatuko du, eta euskal ikasketak ospe aldetik leku gorenean kokatuko ditu.

Paris-SorbonneAkordioaren arabera, Université Sorbonne-eko irakasle titularra den Maitane Ostolazak “Matières de la Culture Basque” irakasgaia emango du, Ikasketa Hispanikoen Departamenduan. Bestetik, SIAL -Service Interuniversitaire d´Apprentissage des Langues- delako zentroan euskara eskolak ere eskainiko dira, “Grands débutants” maila delakoan. Irakaslea, eskola horiek modu erdi presentzialean emango dituena, Etxepare Institutuak Sorbonne Nouvelle Paris III dagoeneko baduen irakurlea izango da.

SIAL zentroa oso esanguratsua da, bertan Sorbona sare osoko irakasleak, ikerlariak eta ikasleak biltzen dituelako. Honako zentro hauek hartzen ditu bere baitan: Paris Sorbonne IV, Université Pierre et Marie curie-Paris VI, Le Museum National d’Histoire Naturelle, Université Technologique de Compiégne eta INSEAD.

Euskal Ikasketak Sorbonne UnibertsitateanHitzarmena sinatzearekin batera, Institutuak eta Paris Sorbonne IV unibertsitateak euskal zineari buruzko kultur programa bat burutu dute aste honetan unibertsitatean bertan, Zinema-Cinema euskal zine zikloa izenburupean. Bertan, Master Class bat eta bi proiekzio eskaini dira. Azaroaren 4an Txema Muñoz Kimuak programako zuzendariak eta Carlos Belmonte Sorbonne- Paris unibertsitatean ikusizko arteen inguruko ikerlariak euskal zineari buruzko Master Class bat gidatu zuten, jakin min handia piztuz. Arratsaldez, berriz, Kimuak-eko film laburren selekzioa eskaini zuten.

Atzo, azaroaren 5ean, ekitaldi instituzionala izan zen Sorbonne IV-an, hitzarmen berriaren harira. Erabateko babesa jaso zuen gertakariak unibertsitatearen aldetik: bertan izan ziren Nancy Berthier, Etudes Iberiqueseko zuzendaria; Maitane Ostolaza, Euskal Ikasketen koordinatzailea; Sorbonne Nouvelle Paris III unibertsitateko Eric Beaumatin; Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria; Jose Mari Goenaga zine zuzendaria, Txema Muñoz Kimuak programako arduraduna, Ramon Llull Institutuko ordezkaria eta Parisko Euskal Etxeko kideak, besteak beste.

Jarraian, 80 egunean filma eman zuten Richelieu Anfiteatro ikusgarrian; emanaldiaren amaieran pelikulako Jose Mari Goenaga zuzendarietako batek solasaldia burutu zuen bertan zeden ikusleekin. Nancy Berthierrek Jose Mari hurrengo urtean bueltatzera gonbidatu zuen eta bihotzez eskertu zion horrelako maila altuko pelikula ikusteko aukera eman izana.

Dena prest Sorbonne IV unibertsitatean beraz, urte berriarekin batera Euskal Ikasketei dagokien tokia emateko.

.

www.etxepare.eus

Euskal Ikasketak Sorbonne Unibertsitatean

Euskal Ikasketak Sorbonne Unibertsitatean

www.paris-sorbonne.fr

Euskal Ikasketak Sorbonne Unibertsitatean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.